PAZKOALDIKO 2. IGANDEA B 2015-04-12

SARRERA

Anai-arrebok! Jesusen piztueraren zortziurrena ospatzen dugu gaur: ebanjelioak aipatzen duen zortzigarren eguna da. Ikasleak etxean bildurik daude, judu-agintarien beldurrez. Izuturik daude beren Maisua galdu dutelako. Israel herriak bere historian hainbat aldiz bizi izan zuen izuaren antzekoa da: Egipton pertsegituak zirenean, adibidez, eta Babilonian bizi zirenean. Antzeko egoera bizi dute orain Jesusen ikasleek, beldurrez
Joan den igandean entzun genuenez, Magdalako Mariak albiste handia ekarri die: Jesusen hilobia hutsik dagoela. Baina hori ez da aski izan beldurra uxatzeko. Izan ere, egia esateko, hilobia hutsik ikusi izana ez da aski. Jesus ikusteak bakarrik emango die segurtasuna, kontra duten bekatuzko munduan. Jesus ikustea. Jesus bizi delako esperientzia. Jesusen Espirituak indartuko ditu.
Gaurko ebanjelioan, Joan ebanjelariak dio Jesusek bere arnasa ufatu ziela ikasleei. «Arnasa ufatu» hitz hori, Hasiera liburuan datorrena bera da. Arnasa ufatze horrekin buztinez moldatua zuen gizaki hura gizaki bizi eta arnasadun bihurtu zen hasiera hartan. Orain, arnasa ufatuz, bere arnasa, bere Espiritua eman die Jesusek: egiazko Bizia ematen duen arnasa da, Espiritua, alegia. Bizi berri hori, Jesusek bezala maitatu ahal izateko gaitasuna da. Gizakia berriro sortzea da, berriro kreatzea. Gizaki berri egin gaitu Jesusek. Hau da Jaunaren eguna, kreazio berriaren eguna.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (4,32-35)

Lehenengo irakurgai hau, Apostoluen Eginak izeneko liburukoa da. Gaurko testu hau, lehen kristauek bizi ohi zuten bizieraz mintzo zaigu. Haien bizieraren laburpena da. Gaurko honetan, ondasunak elkarren artean nola banatzen zituzten esaten digu: guztiek eta bakoitzak bizitzeko adina izan behar zuen. Kristau ez ziren beste talde batzuetan ere egiten zuten antzeko zerbait; adibidez, esenioek; basamortura erretiratu ziren judu-talde hark.
Irakurgaiak asko azpimarratzen du elkartasun hori: Bihotz bat eta arima bat ziren. Joan ebanjelariak ere bide hori azpimarratzen du: «Guztiak bat izan daitezela, zu, Aita, nigan zauden eta ni zugan nagoen bezala, haiek ere bat izan daitezela gugan» (Jn 17,21). Azken batean, kristau-solidaritatea dago jokoan.
Baina gure kasu honetan, Jesusen ikasleek biziera hori zergatik egiten zuten esan nahi digu. Eta dio, hartua zuten Jesus berpiztuaren Espirituaren eragina zela. Hain zuzen, Jaunaren piztuera da elkartasun horren motorra.
Segidan, apostoluen jardueraz ari da testua. Jesusen piztueraz adore handiz egiten zuten testigutza.
Horrek guztiak, guretzat, bizi-etsenplu handia izan beharko luke: batetik, gu guztion arteko elkartasuna; bestetik, mundu osoan Jesusen testigutza.

BIGARREN IRAKURGAIA Joanen Lehen Gutunetik (5,1-6)

Bi bertute hauen arteko lotura azpimarratzen du gaurko testuak: fedea eta maitasuna. Gauza bera dira fedea eta maitasuna. Bestetik dio, gizon-emakumeen arteko maitasuna eta Jainkoarekiko maitasuna lotu-loturik daudela. Izatez, fedeak esaten digu, guztiok anai-arreba garela. Guztiok goazela bidean; egun batean, mundua bere betera iritsiko denean, guztiok osatuko dugun Jainko oso hura egiteko bidean.
Gaurko pasartea baino geroxeago, fedearen definizio handi hau dakar: «Fedeak mundua garaitu du»; bekatuzko mundua esan nahi du. Alabaina, fedea ez da Kristoren garaipena gogoratze hutsa; garaipena bere betera eramaten saiatzea da; Kristogan bere betera iritsi den bezala, gutako bakoitzarengan ere iritsi dadin.
Jainkoak nahi dezala, guk guztiok bizitzan gidatuko gaituen fede hori izatea.

EBANJELIOA San Joanen liburutik ( 20,19-31)

Gaurko ebanjelioak pazko-osagarri asko aipatzen ditu. Aipa ditzagun bizpahiru.
Batetik, Jesusek bakea ematen du. Ez da, agur egiteko, juduek ohituraz esan ohi zuten bakea edo shalom hura. Jesusen bakea egintza bat da: «bakea zuengan gauzatu da» esan nahi du. Ez du esan nahi: bakea izan bedi zuekin; baizik eta zuengan gauzatu da. Horregatik, ohituraz esan ohi dugun «Jauna zuekin» delako agur hori, zuzen ulertu beharko genuke. Ez du esan nahi «bakea izan dadila», baizik «bakea zuengan egin da», «zeuekin duzue» bakea. Jesusek, esaten duen hura, egin egiten du.
Bigarren, Tomas burugogor agertu da. Orduan, Jesusek bere zauriak erakutsi dizkio. Ez da esan nahi zauriak fisikoki agertu dizkiola. Esan nahi dio, Jesus berpiztu hori gurutzean hil den Jesus hura bera dela. Zauriak aipatzean, esan nahi du, gurutzean sufritu duen hura bera dela orain berpizturik dagoena. Eta guretzat, seinale horiek hau esan nahi dute: Jesusen maitasuna ez dela hautsi, ez dela bukatu.
Hirugarren, kontuan hartzekoa da, Jesusi antzeman, bakarka ez, baizik elkartean eta elkarte-giroan antzematen zaiola. Tomasek ere, elkartera etorri denean antzeman dio Jesusi.
Azkenik, Jesus berpiztuaren agerpenak kontatzean, beti aipatzen da misioa, hau da, ikasleen egitekoa. Misio hori Jesusek berak bete duen bezala bete behar dute Jesusen jarraitzaileek: erabateko maitasuna azalduz.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Jesus berpiztuagan sinesten dugula esaten dugun guztientzat: fede horri darion poza egiaz bizi eta agertu dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristogan sinesteko zailtasunak dituzten guztien alde: fededunen elkarteetan testigutza erakargarria eta argitzailea aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gizon-emakume guztien elkartasuna egiten saiatzen diren guztien alde: idealtzat eta utopiatzat, lehen kristau haien bizikidetasuna har dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Ebanjelioak aipatzen duen bezala, gauza bera zortzi egunero egin ohi dugunon alde: Jesus gure artean dugula ikusten elkarri lagundu diezaiogun. Eska diezaiogun Jaunari.