Larrimina eta otoitza
Garizumako 5. igandea B (2015-03-22)
Lehen irakurgaiak jarrera sakon baikorra du, Jainkoaren eta herriaren artean itun edo elkargo berri bat iragartzen duelarik. Dena era errazean gertatuko da, kasik modu mirarizkoan, ahalegin berezi baten beharrik gabe, nola Jainkoaren kasuan, hala gurean. Aitzitik, beste bi irakurgaiek irudi guztiz bestelakoa eskaintzen digute: Jainkoaren eta herriaren arteko itun edo elkargo berriak sakrifizio latza eskatuko dio Jesusi. Larrimina dakarkion sakrifizioa da, eta Aitari otoitz egitera eragiten dio. Esperientzia tragiko hau gertaberritzen dugu gaur bi bertsio desberdinetan: bata Joanen eskutik; bestea Hebrearrei egindako gutunaren eskutik; ebanjelio sinoptikoek dakarten Getsemani baratzeko otoitzaren kontakizun sonatua irakurriko dugu azken honetan.
Otoitza tenpluan (ebanjelioa)
Laugarren ebanjelioak era berezian aurkeztu du nekaldiaren kontakizuna, sinoptikoena ez bezalako moduan: ez du nabarmentzen Jesusen sufrimendua, baizik eta jauntasuna eta aginpidea nabari zaio Jesusi une guztietan. Horregatik, ez du aipatzen Getsemani baratzeko otoitza. Alabaina, kontatu digu baratzekoaren antzeko esperientzia bat, Jerusalemgo tenplu aurrean Jesusek egun batzuk lehenago bizi izan duena.
Ebanjelioa garaipen-jarreraz hasi eta bukatu da. Hasierako garaipen hori, Jesus ezagutzeko jende batek agertu duen gogoak zehaztu du (gutxienekoa da pertsona horiek «jentilak» edo paganoak izatea, itzulpen liturgikoak dioen bezala, edota «greko-hizkuntzako juduak» izatea, atzerrian bizi diren eta Pazko-jaiak ospatzera etorri direnak). Eta garaipen horrek, pertsona gutxi batzuen gogoan islatu denak, maila unibertsala harrapatu du azkenean: «denak neugana erakarriko ditut».
Halere, garaipen-ingurumen honek eszena tragiko bat inguratzen du: Jesus jakinaren gainean da, ezen, garaitu ahal izateko, beharrezkoa duela hiltzea, gari-aleak bezala, «lurretik goratua izan beharra duela», gurutziltzatua. Ikusmira honen aurrean egin du aitorpena Jesusek: «larriminak joa naiz», estutasunak joa. Eta bihotz-egoera hori, gogoeta eta otoitz eginez gainditu nahi izan du. Ororen gainetik, bere burua konbentziarazi nahi izan du hil beharra duela: fruitua emateko, lurrean usteldu beharra duen gari-aleak bezala. Alabaina, argudio arrazionalak ezer gutxirako izan ohi dira larriminak joa zaudenean. Jainkoari eskaria egiteko gogoa etorri zaio orduan: «Aita, libra nazazu ordu honetatik». Baina uko egin dio gurari horri berehala: gogoratu da, horretarako etorria dela mundura, hiltzeko. Aitari salba dezan eskatu ordez, gauza oso desberdin bat eskatu dio: «Aita, aintzatu ezazu zeure izena». Axola duena ez da bizia gordetzea, baizik Jainkoaren aintza.
Otoitza Getsemaniko baratzean (Hebrearrei)
Oso ezaguna da ebanjelio sinoptikoen kontakizuna: Jesus oliondoen baratzera joan da, eta han atxilotuko dute. Badaki hilko dutela, larrimin sakona sentitzen du, eta hiru alditaraino erregutu dio Aitari, ahal bada, libra dezala trantze garratz horretatik. Hebrearrei Gutuna ez da luzatu gertatua kontatzen. Halere, une horren tragikotasuna gogorarazi du; hain juxtu, Jesusek «garrasika eta malko» artean otoitz egin zuela dio, ebanjelioetako batek ere ez dakarren gauza esanez. Eta zer eskatzen zuen («urrundu dadila nigandik kaliz hau»), beste hitz hauekin iradoki du Hebrearrei Gutunak: «heriotzatik atera zezakeenari» erregutzen zion.
Halere, irakurgaiaren azkena baikorra da: Jesusek betiko salbatuko du esaneko zaion jendea. Tragediaren eta garaipenaren kontraste honetan, bada hitz nahasgarririk: «bere larriminean entzun zion [Jainkoak]». Agian, Lukasen kontakizuna du idazleak buruan: Jesusi, kontsolatzera aingeru bat etorri zitzaiola dioen hura. Baina ebanjelioa ezagutzen duena konturatzen da hitz hauek duten ironiaz edo misterioaz: Jesusi entzun dio, bai, Jainkoak, baina hil egin dute.
Tenplua eta baratzea
Bistakoa da bi irakurgaien arteko erlazioa. Kasu bietan sentitu da Jesus asaldatua (Joanen ebanjelioa) eta larriminez (Hebrearrei). Kasu bietan jo du otoitzera. Irakurgai bietan, azken hitza ez da heriotza, baizik Jesusen garaipena, eta Jesusenarekin batean, gu guztiona. Baina antzekotasun horien barruan, alde handia dago Jesusen otoitzari dagokionez: ebanjelioan, uko egin dio Jesusek Aitari salba dezan eskatzeari; soilik, Jainkoaren aintza nahi du, kostatuko zaiona kostatu; Gutunean, berriz, Jesus «garrasika eta malko» artean ari da erregutzen heriotzatik atera dezan.
Gaur egungo zientzia biblikoak joera du, bi kontakizun hauek Jesusen esperientzia bat beraren bi bertsio desberdin bezala hartzeko. Baina urtetan eta mendetan, modan egon zen ebanjelioaren datuak harmonizatzeko joera. Jarrera honen arabera, kontakizunek Jesusen esperientzia gizatar eta erlijiosoaren bi une desberdin eta bata bestearen ondoko eskaintzen dituzte.
Lehen une batean, heriotzak eragindako larriminaren aurrean, gogoeta arrazionalean babestu da Jesus (hila izatera etorria naiz, gari-alea bezala) eta uko egin dio Aitari libra dezan eskatzeari. Handik egun gutxira, nekaldia eta heriotza balizko zerbait ez, baizik ziurtasun direnean, garrasika eta malko artean erregutu dio, odola izerdi bihurtuz (Lukasek dioenez: «Aita, ahal bada, aldendu ezazu kaliz hau nigandik». Erreakzio gizatarragoa, baina bateragarria Joanek kontatzen duenarekin.
Aste Santuaren atarian, Jesusen esperientzia eta erreakzioa etsenplu bikain ditugu, geure larriminezko eta adore-faltako mementoetarako, eta heriotzaraino egin duen buru-eskaintza eskertzera eragiten digu.
Jose Luis Sicre