SAN JOSE
MARIAREN SENARRA ETA JESUSEN AITA

Jaunaren aingeruak esan dio Joseri: «Jose…, ez izan beldur Maria emaztetzat hartzeko; harengan sortua, Espiritu Santuagandik dator» (Mt 1,20).

Jose! Zein eta zer da, ordea, zahar bezala aurkeztu izan diguten gizon hori? Zein du bere egitekoa Nazareteko familian? Zer egin du Mariaren inguruan? Zer egin du Jesusen jatorrian? Jose, Mariaren senar, Jesusen aita, jarraitu gaurko munduan Mariaren lagun izaten, Jesusen sortzaile izaten.

Esanahi handikoa da Joan Paulo II.a aita santuak idatzi zuen hura: «Eguberriak agerian eman du giza jaiotza guztien esanahi sakona» (Evangelium Vitae 1).

Hitz horiekin, Joan Paulok Jesusen jaiotza ulertzeko modu berria agertu digu. Eta, bide batez, Joseren egitekoa ulertzeko modu berria. Jesusen jaiotza gurea ez bezalakotzat eman nahi izan digute eskuarki. Baina Joan Pauloren hitz horiek beste modu batera hartu ditu Jesusen jaiotza eta gurea. Biak parekoagotzat.

Jesusen jaiotza harrigarria izan bada, beste edozein giza jaiotza ere harrigarri da, Joan Pauloren hitzetan. Kontua ez da Jesusen jaiotza gainerako giza jaiotzen moduaren kontrako bezala hartzea; gainerako jaiotza guztiak Jesusen jaiotzaren argian ikustera gonbidatu gaitu Joan Paulok: Jesusen jaiotzan Espirituak parte hartu badu, gainerako haur guztien jaiotzan ere halaxe parte hartu du Espirituak.
Horregatik dio Joan Paulok beste hau: Jesusen jaiotzagatik sentitzen dugun poz horrek gainerakoen jaiotzagatik poztera garamatza (ik. EV 1).

Aingeruak esandakoaz Jose kezkatu egin da; ez, ordea, da hitzemandako emakumeaz dudarik duelako; bere duda guztia jaiotzekoa den haurrarekin duen erlazioagatik eta dagokion egitekoagatik da.

Bazirudien, bere erlijioak aingeruak eskatzen zion eginkizunetik erretiratzeko eskatzen ziola Joseri; gai hartan guztian burruntzalia ez sartzeko eskatzen ziola; hain zuzen ere, Jainkoarena zen jarduera haren merezimendua bidegabeki bere ez egiteko; hura guztia bera balu bezala ez agertzeko.

Baina Jainkoak adierazi dio bere beharra duela, Joseren beharra duela; esan balio bezala: «Nahiz egia izan haur hau sortzean Espirituak jardun duela, zuri dagokizu haurrari izena ezartzea». Izena ezartzeak itxura hutsa baino gehiago esan nahi du Biblian.

Mateok, aitaren parte hartze fisiologikoa baino errealitate sakonagoa du gogoan; esan nahi du, alegia, edozein izaki jaioberri Jainkoagandik datorrela; aita eta ama izateak Jainkoa onartzea dakarrela, jaioberriagan Jainkoak behar duela agertu beste inork baino sakonago.

Gizonezkoak eta emakumeak haragiz bat egin izanak, sortu den eta ikusten den haurra baino zerbait gehiago esan nahi du: «Jainkoa gurekin» ari dela munduan.
Mateoren ebanjelioko txatal hori oker ulertu izan da askotan: Espirituaren jarduera ezkontzako harremanaren kontra joango balitz bezala ulertu izan da. Egia, ordea, besterik da: Espirituaren arnasak bizia ematen die haur jaio berri guztiei. Jaiotza guztietan ageri da Espirituaren egintza nolabait. Gizakiak eta Espirituak: biek dute parte, Jesusen jaiotzan bezala, gizaki guztien jaiotzan.

Horrela harturik, hau esan dio Aingeruak Joseri: «Ez utzi Maria zeurekin etxean hartzeari. Ez uste izan, haurra sortzean Espirituak parte hartzen duelako, zure egitekoa sobera denik. Ez zarete kontrako lehiakide, ez Espiritua eta Maria, ez Espiritua eta zu zeu.

Joseren jai honetan gogoan hartzekoak dira Lehman kardinalaren hitz hauek ere: «Ez ditugu fabrikatzen seme-alabak; seme-alabak ez ditu ekartzen zikoinak. Jainkoak emandako seme-alabak egiten ditugu guk, eta guk egiten ditugun seme-alabak ematen dizkigu Jainkoak».

«Jainkoa agertzen zaionean, gizakiak men egin behar dio fedez. Fedeaz gizakiak osorik eta libreki eskaintzen dio bere burua Jainkoari, bere adimenaren eta gogoaren omenaldi osoa eskaintzen dio, Jainkoak agertu diona libreki baietsiz» (Dei Verbum, 5).

Jose santua, izan zaitzagula geure bizitzan bidelagun, zuk zeuk agertu zenuen bezalako fedez bizi gaitezen.

DIONISIO AMUNDARAIN
(Juan Masiaren artikulu batean inspiratua, Vida Nueva 18-03-2006)