GARIZUMAKO LAUGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Gaztigua eta barkamendua: desterrua eta itzultzea )

Kronikak bigarren liburutik 36, 14-16. 19-23

Zedeziaz erregearen denboran,
14 apezburu guziek eta herriak
gaixtakeria gaixtakeriaren gainean egiten zuten
atzerritarren ohidura higuingarrieri jarraikiz,
eta Jaunak Jerusalemen sagaratua zuen tenplua zikindu zuten.
15 Heien arbasoen Jainkoak, behin baino gehiagotan
abisuak igorri ziozkaten bere mezularien bidez
bere Egoitzaz eta bere herriaz urrikaldu baitzen.
16 Bainan heiek Jainkoaren mezulariak trufatu zituzten,
haren hitzak gutietsi eta haren profetak irriz hartu.
Azkenik, Jaunak bere herriaren kontra zuen hasarreak
gaindi egin zuen, eta ez zen salbabiderik izan.
19 Babiloniarrek Jainkoaren etxea erre zuten,
Jerusalemeko harresiak bota, haren jauregieri su eman,
eta hiriko gauza eder guziak hondatu.
20 Ezpatari ihes egin zuten guziak
Babiloniarat ereman zituen Nabukodonozorek desterrurat;
eta han erregearen eta haren semeen esklabo izan ziren,
Perziarrak nagusi jarri ziren arte.
21 Horrela bete zen Jaunak Jeremi profetaren ahoz errana:
Lurra hondatua izanen da eta atseden hartuko du
hiruetan hogeita hamar urtez,
horrela ordaindu arte larunbat-lege hausteak.
22 Perziako errege Ziroren lehen urtean,
Jeremiren ahoz Jaunak erran hitza bete zadin,
Jaunak Ziro Perziako erregeren izpiritua argitu zuen.
Eta Zirok manu hau zabaldu zuen hitzez eta izkirioz
bere erresuma osoan:
23 Hunela dio Perziako errege Zirok:
“ Lurreko erresuma guziak eman dauzkit Jaunak, zeruko Jainkoak,
eta manatu daut hari tenplu baten eraikitzeko Judako Jerusalemen.
Beraz, zuen artean haren herriko diren guziek
izan bezate Jainkoa berekin eta igan bitez Jerusalemerat.”

Izraelen ixtoria bildumatua bezala da Kroniketako bi liburuetan, David erregearen denboratik
Babiloneko desherriratze arte. 3 mende Jesu Kristo aitzin idatziak izanak dira. Liburu horien xedea
teologikoa da : idazleak ez ditu idatzi gertakariengatik, bainan hauiek emaiten dituzten erakaspenengatik.
Erregeen bizialdia jujatua da Jainkoari eta profeteri buruz izan zuten leialtasunaren arabera. Testo
hauietako gertakari guziak hertsiki egiak dira. Josias erregea ezagutua zen legearen alde leial eta otoitz-egile
zelakotz. Harek zuen egin juduen erlisionearen berrikuntza. Haren ondotik, bi semeek debalde utzi zuten
berrikuntza hori. Historia idazleak erraiten du : « Jainkoaren begietan gaizki zena egin zuten. » Anartean,
Egiptoko faraona eta Nabukodonosor erregea aharran arizan ziren, biek nahi zutelakotz eskualde heietako
nausitasuna. Nabukodonosorek irabazi zuen eta Judako erresuma suntsitua izan zen.
Jesu Kristo aitzineko 587an, Nabukodonosorek errautsi zuen Josiasen seme Zedeziasen jazarpena eta
setiatu Jerusaleme. Kasik populu guzia desterratua izan zen Babilonerat, eta desterru horrek iraun zuen
Nabukodonosor Babiloneko erregea, bere aldian, Perziako errgeak (oraiko Iran) suntsitu zuen arte. Ziro,
Perziako erregea, ona izan zen Jerusalemeko populuarentzat eta beren herrietarat igorri zituen desterratu
guziak. Populuak pentsatu zuen gertakari handi hori Jainkoari esker gertatu zela.
Jeremias profetak ardura erraiten zuen populuari ez bazen bihozberritzen gaztigatua izanen zela, eta
ondikotz, gertakariek erakutsi zuten arrazoin zuela. Kroniken idazleak erraiten du : Jainkoak pazientzia
hartzen duela, populua eta erregea abisatuz leizerat eror ez ziten, bainan batek ez besteak ez zuten nahi ukan
entzun. Populuari egiten dion erasiarik handiena da Sabato eguna bazterrerat uztea, eroriz idolatriarat eta
itxuraz aldatuz Batasunaren erlisionea, Jainkoaren manamenduak eta hurko lagunaren aldekoak bazterrerat
utziz.
Jainkoak ez du ahanzten bere herriarekin egin Batasuna, zeren hura « heien arbasoen Jainkoa baita »,
Abraham, Isaak eta Jakoben ondotik : « Abisuak igortzen ziozkaten mezularien bidez. » Bainan gaizki
erabiltzen zituzten profetak : « Heiek Jainkoaren mezulariak trufatu zituzten, haren hitzak gutietsi eta haren
profetak irriz hartu. » Jainkoak populuari zoriona hitzeman zion, obeditzen bazuen, eta zorigaitza, ez bazen
leial egoiten Jainkoaren hitzari : «Azkenean, Jaunak bere herriaren kontra zuen hasarreak gaindi egin zuen,
eta ez zen salbabiderik izan.» Kronika egileak finkatzen ditu bi gauza: lehenik, Jainkoa arbasoen Aita dela,
populua ez izanik ere leiala ez duela leizerat igorriko, eta bigarrenekorik, populua leizerat erortzen bada,
handik ateratuko duela, Jainkoak denak egiten ahal baititu.

Salmoa 136

Leloa: Zoin zaren ona, orroit, Jauna,

Eta jar zaite gure alde!
Babiloneko ur bazterretan ginen jarri,
Eta nigarrak Ziongo minez hor ixuri.
Zurxurietan dilindaka
Eman ginuen xirribika.
Gu horrat bildu gizonek guri: Jo kantu, jo!
Minez asetzen gintuzten jendek: Bozkario!
Eman Ziongo zerbait kantu:
Behar da boztu eta piztu!
Guk Jainkoaren kantu saindurik nolaz kanta,
Jerusaleme atzerrirako utzi-eta?
Ez banaiz zutaz orroit beti
Nere eskua eihar bedi.
Nere mihia idor dadila nola taula,
Bizi naizeno zu ahantzirik banabila.
Neri zorigaitz, ez badut nik
Jerusaleme maiteenik.

Populua Babilonetik gibelerat itzuli eta bazuen usaia ospatzeko urteburu hori Jerusalemeko
Tenplo berrian, gogoan erabiliz Babilon hirian zer sofritu zuen : « Babiloneko ur bazterrean ginen
jarri, eta nigarrak Ziongo minez hor ixuri. »
Babiloneko jendeek presoeri galdegiten zioten kantatzeko beiletako kantuak, hainbertze
aldiz joaiten zirelarik kantuz Jaungoikoaren etxerat. Nolaz kanta kantu horiek paganoen aitzinean ? «
Guk Jainkoaren kantu saindurik nolaz kanta, Jerusaleme atzerrirako utzi-eta ? »
Jerusaleme, ez da bakarrik aberria, oroz gainetik Hiri Saindua, Jainkoaren Hiria da,
Jainkoaren tokia, toki hautatua populuaren erdian bizitzeko : «Zeruaren eta ortziaren zabalak ez zaitu
ohatzen ahal. » Jerusaleme Jainkoaren hiria denaz geroz, ez ditake ahantz. Egun batez edo bertzeaz
altxatua izanen da bere errautsetarik, ez da ahanzten ahal den hiria: Jainkoak berak ez dezake ahantz.
Salomoni hitzemana zion : « Sagaratu dut eraiki dautazun Tenploa, betiko ene bizileku izan dadin.
Hemen ukanen ditut neure begi-bihotzak. »
Eta profetek badute esperantza geroago eta gehiago, eta hori deitua da hemen: « oroitzapena »
Ez dute urrikirik, bainan oroitzen dira Jainkoak egin agintzetaz, eta agintza horiek populuari emaiten
diote indarra, gaina hartzeko zorigaitz guzietan.
Babiloneko ur-handi bazterrean egiten zituzten nigarrak urrikizkoak ziren. Jainkoak behar
gaitu salbatu guhauren ganik, zeren gizonaren etsairik handiena bere izaitea baitu, ardura xendra
makurretan ibiltzen baita. Salmo hau kantatua izaiten zen penitentziazko ospakizunetan, zeren
Jerusalemeko populuak baitzakien zorigaitzak ez zirela ustegabez jin. Populuak pairatu badu
garaitzaileak hertsaturik gerlarat eta desterrurat, badaki bere falta handia ere baduela : gizabide
makurretan ibiliz, elgarren artean samurtuz, handinahi izanez. Bainan itzultzen da Jainkoaren ganat
eta hitzemaiten dio geroa hobeagoa izanen duela.

Bigarren irakurgaia

( Graziaz, Jainkoak berriz biziarazten gaitu )

Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 2, 4-10

Haurrideak,
4 urrikalmenduz aberatsa da Jainkoa;
neurrigabeko maitasunez maite gaituelakotz,
5 gure hobenengatik hilak ginelarik,
bizia eman dauku Kristorekin:
bai, grazia hutsez salbatuak zirezte.
6 Harekin piztu gaitu, harekin zeruetan jarrarazi,
Kristo Jesusekin batean.
7 Hola, Kristo Jesusen baitan guretzat hain ona izanez,
geroko gizaldieri agertu nahi izan diote
bere graziaren aberastasun ezin handiagoa.
8 Bai grazia hutsez salbatuak zirezte fedearen bidez.
Eta hori ez da zuenganik heldu, Jainkoaren dohaina da.
9 Ez da zuen egintzetarik heldu, nehor ez dadin harro izan hortaz.
10 Alabainan, Jainkoak eginak gira,
Jesu Kristoren baitan kreatu gaitu, ongia egin dezagun,
Jainkoak guretzat aitzinetik erabakia duen bezala.

Jondoni Paulok igorri zuelarik gutun hau Efesako girixtinoeri, argitan emaiten zuen
Jainkoaren nahi ezti neurri-gabekoa, gizadiarentzat. Egungo testo huntan, bi gogoeta zabaltzen ditu:
lehena, Jainkoaren nahia eztia dela, bigarrena, haren asmua dela denen biltzea Jesu Kristo baitan.
Lehenbizikorik : Jainkoaren asmua onginahizkoa dela. Paulok, ainitz aldiz erraiten du gauza
bera : « Urrikalmenduz aberatsa da Jainkoa »… « Neurrigabeko maitasunez maite gaituelakotz »…
« Jainkoaren dohaina da »… « Guretzat hain ona izanez »… « Bere graziaren aberastasun ezin
handiagoa » eta hitz-lerro hauietan, hiruetan aipatua da « grazia ».
Urrikalmenduaren aberastasuna ez da Testamendu Berriak asmatua. Paulok kausitu du
Izraeleko katiximan, hori baitzen justuki Izraeleko populuaren aurkitze handia : « Aita bere semealabentzat
urrikalkor, berdin urrikalkor Jauna haren errespetua dutenentzat.»
Bainan amodio hori ez da ezagutua izan. Testamendu Zaharrean gizona maiz mesfidatzen da
Jainkoaren xedeetaz. Konfiantza eskas horrek Jainkoaganik urruntzen du. Jainkoak jakinarazia zuen,
bainan haren gomendioa gaizki ulertua izan zen.
Bigarrenekorik: Jainkoaren asmua da izan gaiten bilduak Kristo baitan. Paulok ardura erraiten
du : « Bizia eman dauku Kristorekin »… « Harekin piztu gaitu, harekin zeruetan jarrarazi »…
« Alabainan Jainkoarenak gira »… « Bere graziaren aberastasun ezin handiagoa. » Mixterio ezin
neurtuzkoa da gurezat; alta mixterio hori da gure fedearen mamia. Gizadia deitua da bat egitera
Kristoren baitan; gure azken bokazionea da. Iduri zaiku oraino urrun garela hortarik, bainan menturaz
ez.
Azkenean, Paulok argitzen gaitu erranez : « Bai, grazia hutsez salbatuak zirezte fedearen
bidez. Eta hori ez da zuenganik heldu, nehor ez dadin harro izan hortaz. » Graziak gaitu salbatzen
eta ez da guri esker heldu. Geldi gaiten erraitetik hori dugula saria. Ez baditugu nahi opariak, libro
gira onartzea ala ez. Fedea menturaz hori da, onartzea Jainkoak egiten daukun oparia.

Ebanjelioa

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !

Jainkoak hain maite izan du mundua
Non bere Seme bakarra eman baitu.
Haren baitan sinesten duenak badu betiereko bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 3, 14-21

14 Moisek basamortuan brontzezko sugea altxatu zuen bezala,
hala altxatua izan behar du Gizonaren Semeak,
15 sinesten duten guziek haren bidez betiko bizia izan dezaten.
16 Alabainan, Jainkoak hain maite izan du mundua,
non bere Seme bakarra eman baitu:
haren baitan sinesten duenik nehor gal ez dadin ,
bainan betiereko bizia izan dezan.
17 Zeren Jainkoak ez baitu bere Semea mundurat igorri
munduaren jujatzeko,
bainan haren bidez mundua salbatua izan dadin.
18 Haren baitan sinesten duena ez da jujatua;
sinesten ez duena jadanik jujatua da,
Jainkoaren Semearen izenean ez baitu sinetsi.
19 Eta jujamendua hau da: argia mundurat etorri da,
eta gizakiek ilunbea nahiago izan dute argia baino,
heien egintzak gaixtoak zirelakotz.
20 Alabainan, gaizkia egiten duenak hastio du argia:
ez da argitarat heldu, haren egintzak agerian geldi ez daitezen.
21 Bainan egiaren arabera ari dena, argitarat heldu da,
haren egintzak Jainkoak nahi bezalakoak direla ager dadin.

Zer eta nor den konpreniarazteko, Jesusek irudi bat erabiltzen du, guretzat frango iluna,
bainan bere inguruko jendearentzat ohikoa : brontzezko sugea. “Zenbakiak” liburuan kondatu
gertakaria da (21, 6-9). Egiptoko esklabogotik atera zirelarik, Hebrearrak basamortutik pasatu ziren
Lur Hitzemanean sartzeko. Halako batez, sugeak oldartu zitzaizkioten. Izraeldar anitz hil zen.
Jainkoak igorri zigorra zela pentsatu zuten, hartan fidatu ez zirelakotz. Moisi joan zitzaizkion, orduan
:”Bekatu egin dugu Jaunaren eta zure kontra, gaizki erranka ari izan baigira. Otoitz zazu Jauna
sugeak gureganik urrunt ditzan.” Jainkoak Moisi erran zion :”Egizu brontzezko suge bat eta
ezarrazu haga baten muturrean. Suge batek ausiki edozoin, brontzezkoari behatuz, sendatuko da.”
Iduriz, sorginkeria hutsa da. Bainan ez, kontrakoa, izaitekotz. Ordu arte sorginkeria zena,
Moisek fedezko aitormen bilakatzen du. Sugearen itxurako jainko sendatzailea ezagutua zen Mois
baino askoz lehenago. Usaian bezala, Mois ez zaio sineskeria horri bekoz beko bihurtzen.
Izraeldarreri erraiten diote : Egizue usaian bezala, bainan kasu! Jainko bat baizik ez da, Egiptotik
libratu zaituzten hura. Egizue suge bat eta so egiozue (“so egitea” eta “adoratzea” Biblian, bat eta
bera dira). Sendatzen zaituztena Jauna da, eta ez sugea.
Jesusek etsenplu hori beretzen du. Basamortuan sugearen itxurako Jainkoari so egitea aski zen
sugeen ausikietarik sendatua izaiteko, halaber fedezko begiak Jesusi buruz itzultzea aski da, barnez
sendatzeko. Kristo kurutzitzatuaz Joanik erraiten du :”Zilatu dutenari behatuko diote” (19,
37).“Behatuko”, erran nahi baita “Hartan sinetsiko.” Jesusek hurbilketa egiten du basamortuko
sugearen eta bere burua kurutzean altxatzearen artean, bainan erakutsiz arte hori zein zabala den,
Testamendu Zaharretik Berrirateko bidea zein luzea den :
– Lehenik, basamortuan, Izraeli bakarrik eskatzen zitzaion fedea. Jesusen baitan, mundu
guzia da gomitatua sinestera, bizia ukan dezan.
– Gero, ez da gehiago gorputzaren sendatzerik aipu, gizonak bihozberritu behar du, barnarik.
Sugea hagaren muturrean, Jesus kurutzean, irudi bera, bainan bi mundu desberdin. Lehen
girixtinoentzat kurutzea sofrigailua zen bai, bainan ere Jainkoaren amodioaren frogarik ederrena.
Kurutzeak bi aurpegi baditu beraz : gizonaren herraren froga, bainan askoz gehiago Jainkoaren
barkamenduaren ikurra. Kristo kurutzitzatuan Jainkoaren samurtasuna ikusten dugu gizonen herra
baino gehiago. Eta samurtasun hori kutsakorra da : hari so eginez hura mirailatzen dugu guhauren
aurpegian.