JAINKOAK MUNDUA MAITE DU
Garizumako 4. igandea Joan 3,14-21 (2015eko martxoaren 15a)
Ez da hori edozein esaldi. Ez dira Ebanjeliotik ezaba daitezkeen hitzak, garrantzizko zerbait aldatu gabe. Kristau-fedearen funtsezko muina biltzen duen baieztapena da. «Hartaraino maite izan zuen Jainkoak mundua, non bere Seme bakarra eman baitzuen». Jainkoaren maitasun horixe da gure esperantzaren jatorria eta oinarria.
«Jainkoak mundua maite du». Den bezalakoa maite du. Bukatu gabea eta ziurtasunik gabea. Gatazkaz eta kontraesanez betea. Hoberenerako eta okerrenerako gai dena. Mundu hau ez doa bera bakarrik bere bidean, ez dabil galdurik eta babesik gabe. Jainkoak bere maitasunaz inguratua du, lau aldeetarik. Inportantzia handiko ondorioak ditu horrek.
Lehenik eta behin, Jesus, beste ezer baino lehen, Jainkoak munduari, eta ez kristauei bakarrik, egin dion «erregalua» da. Ikertzaileak hor jardun daitezke ezbaian, munduaren azkeneraino, Jesusen irudi historikoaren mila alderdiren inguruan. Teologoek hor jarrai dezakete teoriarik zorrotzenak bilbatzen. Jainkoaren erregalu handitzat hartuz, Jesu Kristori hurbiltzen zaionak bakarrik aurkitu ahal izango du haren keinu guztietan, zirraraz eta pozik, Jainkoak gizakiarekiko bizi duen hurbiltasuna.
Bigarren. Hau da Elizaren izateko arrazoi bakarra, Eliza munduan izatea zuritzen duen arrazoi bakarra: Jainkoaren maitasuna gogoraraztea. Behin eta berriz errepikatu du hori Vatikano II.a kontzilioak: «gizon-emakume guztiei Jainkoaren maitasuna agertzera eta komunikatzera bidali du Kristok» Eliza. Ez da joan-etorri handiagoko gauzarik. Jainkoaren maitasun hori gizakiei adieraztea da lehenengo egitekoa.
Hirugarren. Ebanjelariaren arabera, Jesus emanik Jainkoak munduari egin dion erregalu handi hori, «ez da mundua juzgatzeko, baizik haren bidez mundua salba dadin». Oso arriskutsua da mundu modernoaren salaketa eta gaitzespena egitarau pastoral bihurtzea. Guztiekiko maitasunez bihotza beterik bakarrik gonbida dezakegu elkar bihotz-berritzera. Jendeari ikusarazi nahi badiogu Jainkoak gaitzetsia dela, ez gara ari Jesusen mezua eskualdatzen, beste zerbait baizik; agian, geure erresumina eta amorrua.
Laugarren. Dena nahasia, ziurtasunik gabea eta gogo-galtzailea dela ematen duen honetan, ezerk ez digu eragozten munduan maitasun-apur bat ereitea. Horixe egin zuen Jesusek berak. Ez da zertan egon beste ezeren zain. Zergatik ez dute izan behar gaur egun gizon eta emakume onak, gure artean sufritzen ari direnekiko maitasuna, adiskidetasuna, errukia, zuzentasuna, sentiberatasuna, laguntasuna… ereingo dutenak? Horiek dira ari eraikitzen Jesusen Eliza, maitasunaren Eliza.
José Antonio Pagola