Garizumako 2. igandea B (2015-03-01)
HOMILIA
Anai-arrebok, Garizumako 2. igandean Jesusen ANTZALDATZEAREN kontakizuna entzuten eta hausnartzen dugu; urte batean Mateoren ebanjeliokoa; beste batean Lukasen ebanjeliokoa; aurten Markosen liburukoa. Pasadizo hau hiru ebanjelioetan kontatu izanak lehen ikasleentzat gauza oso inportantea izan zela adierazten du. Halaxe hartu du gure Elizaren tradizioak ere.
Meza honetako Oharpenetan entzun dugunez, Itun Zaharreko sinbolo asko ageri dira ebanjelio honetan. Pentsa: Mendi garai batera igotzea dela, Pedrok eraiki nahi dituen hiru txabolak direla, Itun Zaharrean pertsonaia handienetakoak diren Moises eta Elias ikustea dela, hodeitik datorren Jainkoaren ahotsa entzutea dela…
Hori guztia ez da aipatzen liburu batekoa orri bat betetzeko. Inportantzia handia du horrek Itun Berriaren ikuspegitik. Zein?
Itun Zaharrari dagokionez, mezua oso argi dago. Itun Zaharra ulertu ahal izateko, Moisesek ordezkatzen duen Legea eta Eliasek ordezkatzen dituen Profetak ulertu ahal izateko, Jesusi entzun behar zaio, Jesusi bakarrik. Horixe esan nahi omen du gure «Entzuiozue» terminoari grekoz dagokion terminoak: entzun Jesusi bakarrik. Jesusi bakarrik.
Zoritxarrez, Itun Zaharrari lotuegi jarraitzen dugu oraindik. Eta gauza askotan.
Gaur, alabaina, beste puntu hau aipatu nahi nuke. Ez du ematen, antzaldatzearen pasadizo hau gertaera historikoa denik. Aitzitik, esperientzia subjektibo baten traza hartzen diote adituek. Esperientzia subjektiboak ez du esan nahi gauza irreala denik. Ez du esan nahi egiazkoa ez denik. Agian, dudarik gabe egiazkotzat ematen ditugun mila gauza bezain egiazkoa izan daiteke, eta batzuetan egiazkoagoa ere bai.
Baina zer esan nahi dugu, esperientzia subjektiboa izan dela esatean? Hauxe, ikusten, ukitzen eta entzuten diren gauzen gainetik edota halakoen hondo-hondoan errealitate bizi eta bizigarri bat barruntatu, sumatu eta ikusi dutela ikasleek. Edozein pertsonak izan dezake oinarrizko bizipen edo esperientzia bat: mundu honetako gauzen azala baino sakonagora eraman duena; gauzen zentzu sakon-sakona sumatzeko eta ikusteko moduko bizipena. Gizakiak edozein unetan izan lezake horrelako bizipen bat Jainkoaz. Baina bizitzan une pribilegiatu bat edo beste izaten da; adibidez, joan den igandean Loiolako Ignaziok Manresan izan zuen esperientzia eta bizipena aipatu genuen. Jesusen ikasleek ere, halako batean, antzeko bizipen sakon bat izan zuten nonbait: bidelagun zuten Jesus apal eta umil harengan, besteak bezalako ageri zen harengan, beste zerbait ikusi zuten nonbait, zerbait biziagoa, zerbait zerutiarragoa. Gaurko pasadizoak ikuspen horri egiten dio, itxuraz, erreferentzia.
Horrelako bizipen bat bilatzera gonbidatzen gaitu Brasilgo gotzainetako bat izan Casaldaligak poema honetan:
«Zeru berri bat eta lur berri bat ikusi nuen»
Orduan, beste begi batzuez dut eguzkia ikusiko
eta gaua eta herrixka, bat eginik den-dena;
koartza zuria eta ezkutuko haren arrautzak,
ibaiaren azala eta beraren bizitza isil-isila.
Ikusiko dut gizaki bakoitzaren arima bikia
beraren nahiaren egia oso eta bizian;
eta gauza bakoitza beraren jatorrizko izenpean
eta izen bakoitza lortutako beraren esentzian.
Zure begiratuaren bakean bat egina,
ikusiko dut, azkenean, Historiako
bide guztien egiazko bidegurutzea.
eta heriotzaren festaren beste alderdia.
Eta jada beti ikusteko, neure burua eta zu zeu ikusteko.
aseko dut zure aintzan neure begia,
Senideok, ebanjelioek ez du helburu Jesusez datu historikoak ematea. Jesusengan sinets dezagun idatziak dira. Eman diezagula argia Jesusen Espirituak.
Dionisio Amundarain