EZ NAHASTU JESUS BESTE INOREKIN
Garizumako 2. igandea / Markos 9,2-10 (2015-03-01)

Ebanjelariak dioenez, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan berekin hartu eta mendi batera eraman ditu aparte, eta «antzaldatu egin da haien aurrean». Gurutzeko dolorezko bere zoriaz hitz egin izan dienean, aurka gogorkienik egin diotenak dira hiru horiek.

Gainera, ideia zoro horiek Jesusi burutik kentzen saiatu da Pedro. Santiago eta Joan anaiak Mesiasen erreinuan lehen postuen eske joan zaizkio Jesusi. Hain juxtu, hiru horien aurrean antzaldatu da Jesus. Beste inork baino premia handiagoa dute.

Pasadizoa, hainbat baliabide sinbolikoz berregina, handiosa da. Jainkoaren beraren aintzaz «jantzirik» aurkeztu zaie Jesus. Aldi berean, Elias eta Moises, tradizioaren arabera herioari harrapatuak izan eta Jainkoaren ondoan bizi diren bi horiek, Jesusekin solasean agertu zaizkie. Horrek guztiak Jesusen jainkozko izaera sumatzera gonbidatzen gaitu, arerioek gurutzean josia, baina Jainkoak berpiztua.

Berez atera zaio Pedrori erreakzioa: «Jauna, bai ondo gaudela hemen! Nahi baduzu, hiru txabola egingo ditut: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta hirugarrena Eliasentzat». Pedrok ez du ezer ulertu. Batetik, maila berean eta pareko ezarri ditu Jesus alde batetik eta Elias eta Moises bestetik: nori bere txabola. Bestetik, Jesusen bide latzari oztopo jarriz jarraitzen du: Tabor mendiko aintzan atxiki nahi du Jesus, nekalditik eta Kalbarioko gurutzetik urrun.

Jainkoak berak bideratuko du, ordea, handikiro: «Nire Seme maitea da hau». Ezin nahas daiteke beste inorekin. «Entzun berari», baita bere azkena piztuera izango duen gurutze-bideaz ari denean ere.

Jesusek bakarrik bidaltzen du argia. Gainerako guztiek −profeta eta irakasle, teologo eta hierarka, doktore eta predikari− itzalia dugu aurpegia. Ez dugu nahastu behar Jesus beste inorekin. Hura bakarrik da Seme maitea. Soilik haren Hitza behar dugu entzun. Gainerakoenak harengana behar gaitu eraman.

Eta gaur berean ere hitz hura entzun beharra dugu, aldi honetako «gurutzea lepoan hartzeaz» mintzo zaigunean. Arrakastak kalte egiten digu kristauoi. Are gehiago: gatazkarik, ukorik eta gurutzerik gabe ere, Jesusekiko eta haren erreinuaren egitasmoarekiko leial izatea posible dela pentsatzeraino eraman gaitu. Kristau «gurutzeratu» bezala bizitzeko ahalbide gehiago dugu gaur egun. On eginen digu horrek. Geure kristau-nortasuna berreskuratzen lagunduko digu.

José Antonio Pagola