GUZTIOK BASAMORTURA ERAGINAK
Garizumako 1. igandea.- Markos 1,12-15.- 2015-02-22

Basamortuko Jesusen egonaldia haren bizitzaren laburpentzat eman digu Markosek. Hona giltza batzuk. Ebanjelariaren arabera, «Espirituak basamortura eragin dio Jesusi». Ez da Jesusen beraren ekimena. Jainkoaren Espirituak eraman du basamortura: Jesusen bizitza ez da izango arrakasta errazeko bidea; aitzitik, probaldiak, segurtasunik eza, mehatxuak ditu bere zain.

Halere, «basamortua» da, aldi berean, lekurik egokiena, isiltasunean eta bakardadean, Jainkoaren ahotsa entzuteko. Krisialdietan behin eta berriz itzuli beharreko lekua, herriaren bihotzean Jaunari bidea irekitzeko. Hori uste zuten Jesusen garaian.

Basamortuan, «Satanasen tentazioa jasan du» Jesusek. Ez da adierazi zein izan den tentazioaren edukia. Bakarrik, «Satanasengandik» datorrela, Jainkoaren asmoa deseginez gizakiaren hondamena nahi duen Arerioagandik. Jadanik ez da agertuko gehiago Markosen ebanjelio guztian. Halere, bere egitekotik desbideratu nahi duten guztiengan ikusi du Jesusek tentatzaile hori, baita Pedrogan ere.

Kontakizun labur hori orpoz orpo dauden bi irudirekin bukatu du Markosek: Jesus «piztia artean bizi da», baina «aingeruak ditu zerbitzari». «Piztiek», kreazioko izakirik bortitzen horiek, Jesusek eta haren egitasmoak izango dituzten arriskuak iradokitzen dituzte. «Aingeruek», berriz, kreazioko izaki hoberen horiek, Jesus eta haren misioa bedeinkatzen, zaintzen eta babesten dituen Jainkoaren hurbiltasuna adierazten dute.

Une zailak ari da bizitzen kristautasuna gaur egun. Ikerketa soziologikoei begira, krisiaz, sekularizazioaz, mundu modernoaren ukazioaz mintzo gara. Baina fedetik ikusiz, agian, zerbait gehiago beharko genuke esan: Ez ote da Jainkoa bera guri «basamortura» eragiten ari dena? Ez ote genuen horrelako zerbaiten premia hainbat mendetan oharkabean metaturiko hainbat haizekeria, hainbat mundutar botere, hainbat harrokeria eta arrakasta faltsutik geure burua liberatzeko? Ez genuen aukeratu izango horrelako biderik guk geurez sekula.

Basamortu-esperientzia hau, ondorengo urteetan haziz joango den hau, ustekabeko grazia- eta garbitze-aldia da, Jainkoari eskertu beharrekoa. Hark aurrera jarraituko du bere asmoarekin. Hauxe bakarrik eskatzen digu: uko egin diezaiegula, azti eta argi, Jesu Kristogana bihurtzetik desbidera gaitzaketen tentazioei.
José Antonio Pagola