JAINKOA JENDE XUMEARI AGERTZEN ZAIO (Mateo 10,37-42)
Urteko 14. Igandea A 2023-07-09

Behin batean, denak harriarazi zituen Jesusek Jainkoari eskerrak ematean, Galileako jende xumearen artean arrakasta lortu eta lege-maisuen, eskribauen eta apaizen artean, berriz, porrota izan zituela-eta. «Eskerrak demazkizut, Aita… gauza hauek jakintsuei eta adituei ezkutatu eta jende xumeari agertu dizkiozulako». Jesus alai ageri da. «Bai, Aita, hobeto iritzi diozu horri». Hori da «gauzak» agertzeko Jainkoak duen modua.

Jende xumea eta eskolatu gabea, ezagutza handietarako irispiderik ez duena, tenpluko erlijioan inor ez dena, Jainkoari irekitzen ari da bihotz garbiz. Prest daude Jesusek irakats diezaien uzteko. Jesusen bidez ari zaie Aita bere maitasuna agertzen. Inork ez bezala ulertzen diote Jesusi.

Alabaina, «jakintsuek eta adituek» ez dute ezer ulertzen. Ikuskera eskolatua dute Jainkoaz eta erlijioaz. Dena dakitela uste dute. Ez dute Jesusengandik ezer berririk ikasten. Beren ikuskera itxiak eta beren bihotz gogortuak eragotzi egiten diete bere Semearen bidez agertu nahi zaien Aitari irekitzea.

Bukatu du Jesusek bere otoitza, baina «jende xumeagan» pentsatzen jarraitzen du. Jende hori boteretsuek zapaldurik bizi da eta ez du topatzen tenpluko erlijioan arintzekorik ezer. Latza da beraien biziera, eta «adituek» eskaintzen dieten doktrinak are latzagoa eta zailagoa bihurtzen die. Hiru dei egin dizkie Jesusek.

«Zatozte nigana nekaturik eta estu eta larri bizi zaretenok». Lehen deia da. Erlijioa zama dela sentitzen duten guztiei doakie eta salbazioaren poza barruntatzea eragozten dieten arauek eta irakaspenek larriturik bizi direnei. Jesusekin bizi-harremanez jarduteko topo egiten badute, berehala sentituko dira arindurik: «Nik arinduko zaituztet».

«Hartu lepoan nire uztarria… eramangarria baita eta arina nire zama». Bigarren deia da. Aldatu egin behar du gizakiak uztarriz. Alde batera utzi «jakintsuena eta adituena», ez baita arina, eta leporatu Jesusena, eroangarriago egiten baitu bizitza. Ez Jesusek gutxiago eskatzen duelako. Gehiago eskatzen du, baina beste era batean. Funtsezkoa eskatzen du: liberatzen eta biziarazten duen maitasuna.

«Ikasi nigandik, otzana eta apala bainaiz bihotzez». Hirugarren deia da. Legea betetzen eta erlijioa espirituz bizitzen ikasi behar dugu. Jesusek ez du bizitza «korapilatzen», xinpleago eta apalago bihurtzen du. Ez du hertsatzen, baizik eta era duinago eta gizatiarragoan bizitzen laguntzen du. «Atsedena» da berarekin topo egitea.

Jose Antonio Pagola