URTEKO SEIGARREN IGANDEA

Lehen irakugaia

( Zer zion Lege zaharrak lepradunez edo legenardunez )

Lebitarren liburutik 13, 1-2 . 45-46

1 Jaunak erran zioten Moisi eta Aaroni:
2 “ Norbaiti larruazalean ateratzen bazaio
handitsu, zornadura edo bixika bat,
legenarena bezalako zauria sortuz,
ereman bezate Aaron apezarenganat,
edo haren seme apez batenganat.
45 Legenak joa denak, arropa urratuak ibiliko ditu,
buru-ilea nahasia eta aurpegia erdi estalia,
eta oihu eginen du: “ Kutsatua, kutsatua!”.
46 Zauriak iraunen dion artean, kutsatua izanen da.
Horrengatik bakarrik biziko da, kanpalekutik berex.

Lebitarren liburua berezia da Biblian : apezgoa, kultuan eta egun guzietako bizian begiratu behar
diren arauak baizik ez dira aipu. Bainan historiak argitzen du liburu hunen erran-nahia : Izrael desterrutik
itzulia da (J.K. aitzineko seigarren mende azkenean), bainan ez da gehiago ez profetik ez erregerik. Orduan
apezek hartu dute herriaren gidaritza, herria Jainkoari leial bizi dadin. Heientzat, Jainkoak eskaini Elkargoa
– Jainkoaren eta herriaren arteko adixkidantza – oroz gainetik estimatu eta hazi behar da. Hortik, apezek
liburu hunen harian markatzen duten bidea, ardura hertsia, erran daiteke : bide xendra.
Lebitarren liburuko pasarte hau irakurtzen da gaur, igande huntako Ebanjelioak Jesusen mirakulu bat
kondatzen daukulakotz : legendun baten sendatzea. Jesusen egintza hori hobeki konprenitzen dugu
Lebitarren liburuko pasarte hau irakurtu ondoan. Ikusten dugu gaixo legendunak nola tratatuak ziren : bizien
artetik urrunduak. Eritasunaren gainera, kasik hilak bezala ikusiak, arbuiatuak. Bainan ez arrazoinik gabe.
Legena biziki kutsakorra zen, eta sendatzerik ez, edo guti. Hortakotz, sendatzea mirakulu bat bezala ikusia
zen.
Legenak joa zuen Job bere baitarik urrundu zen zikintegi baten gainerat, eta han bizi zen, tellaki
puska batez goxatzen zuela gaitzak emaiten zion hatza. Legenduna sendatzen bazen, apez batenganat joan
behar zuen, segurtamena eman zezon jendetarat sar zitekela, garbiketak eta sakrifizioak egin ondoan.
Jesusen denboran usaiak holatsu ziren oraino. Ebanjelioaren erakaspenak emeki-emeki egin zuen bere bidea,
Jainkoa urrikamendu dela, nehor ez duela baztertzen, zorigaitz guzietarik soleitu nahi gaituela. Berak ez
zuen besterik egin (gaurko Ebanjelioa).
Salmoa 101
Leloa: Ez ahantz, Jauna, dohakabeen oihu mina!
Otoi, Jainkoa, nere otoitza entzun zazu,
Nere oihua hel bekizu.
Begitartea ez nere ganik , otoi, itzal,
Egun beltz huntan ez nadin gal.
Nere egunak zaizkit itzaltzen nola kea:
Hezurreraino naiz errea.
Bide belarra bezala naiz ni barnez histen,
Ogi jatea zait ahanzten.
Nere auhenen auhenez leher eta xahu:
Banago hezur eta larru.
Zu, aldiz, Jauna, betierekotz Jaun bazaude,
Zure izena mendez mende.
Hara bai nola zerutik Jauna den apaldu:
Gure lurrerat behatu du.
Lokarrietan zaudenen deiak entzun ditu,
Abantzu hilak berak piztu.
Salmo hau aise luzeagoa da : hemen ez dira bertset zenbait baizik emaiten. Burutik buru salmoak bi
gauza errepikatzen ditu, eta zer indarrez ! « Jainkoa, nere oihua hel bekizu. » eta « Lokarrietan zaudenen
deiak entzun ditu (Jaunak). » Izraelen betiko otoitza, bai eta gurea ere.
Salmo hunen hitzetan, otoitz egilea ez da nola-nahiko zorigaitzean : « Egun beltz », « egunak
itzaltzen nola kea », « hezurretaraino errea », « banago hezur eta larru »… Eta urrunago : « Iduri dut hirihondakinen
arteko huntza. » « Hautsa dut janari, nigarrak edari. »
Bainan nor da holako zorigaitzean dagona ? Ondoko bertsetek erakusten daukute Izrael herria dela
kenka gaixtoan : “Zionez urrikalduko zira berriz, bai, barka dezazun ordu da!“ Salmo hau, herria
desterruan zelarik idatzia izan da. Jerusalem suntsitua da, eta Babilonian preso diren Izraeldarren ametsa da
hiri saindua berreraikia izan dadin eta berak libratuak. Izraelek badaki Jainkoak entzunen duela, ixilik balin
badago ere ez dela elkorra. Fidantzia horrek sustatzen du oren beltzetan :”Jaunak Zion berriz eraikiko
duenean, aintzaz agertuko denean, zapalduen otoitza entzunen du, ez ditu baztertuko heien eskariak.” Eta
horra fidantzia horrek aterarazten duela esperantzaren iguzki alaia : “Zure zerbitzarien seme-alabek aterbe
dute ukanen; heien ondokoek zure aitzinean iraunen.”

Bigarren irakurgaia

( Ez izan nehorentzat erorbide )

Jondoni Paulok Korintiarreri 10,31-11,1

Haurrideak,
31 dezazuen jan, edan edo beste edozer egin,
egizue dena Jainkoaren aintzarako.
32 Ez izan erorbide, ez Juduentzat, ez paganoentzat,
ez Jainkoaren Elizarentzat.
33 Nik bezala egizue:
gauza guzietan deneri atsegin emaitera entseiatzen naiz;
ez dut nere ona bilatzen, besterena baizik, salba daitezen.
11,1 Nik bezala egizue,
Kristok bezala egiten baitut nihaurek.

Testo huntarik bi erakaspen atera daitezke :
1. Gure bizia beste gisa batetara ikus dezakegu.
2. Zer nola egin.
– Jainkoa gizon egin delakotz, gure biziko alderdi bat ere ez da mespretxagarri. Jainkoa orotan gure
idurikoa izan da, orotan haren idurikoa izan gaitezke. Egiten dugun guzitik :”Jan, edan edo beste edozer
gauza” ez da deus arruntkeriak jorik. Gure egitate guziak on eta onesgarri izan daitezke Jainkoaren
aitzinean. Bainan, dio Paulok, egitate horiek berak behaztopabide izan daitezke beste zenbaitentzat : “Ez
izan erorbide ez juduentzat, ez paganoentzat, ez Jainkoaren Elizarentzat.”
Paulok hemen harrotzen duen arazoa idoloeri eskaini haragiarena da. Haragi horiek saltzen ziren gero
merkatuan. Girixtino bati haizu ote zitzaion horietarik jatea? Girixtinoaren libertatea da hemen jokoan.
Gutun huntan berean Paulok bietan errepikatzen du :”Dena haizu da, bainan ez da dena on” (6,12;
10,23). « Dena haizu da » : Jesusen baitan sinesten duena ez da alde guzietarik bortxu eta debekatu.
Paulorentzat ere librantza handia izan zen judaismoaren legepetik ateratzea : hainbeste manamendu zorrotz,
zehatz eta xehe-mehe ebakitzaz, garbiketez, sabatoaz. Hori guzia ezeztatua da. Jainkoak ez du holakorik
galdegiten. Manamendu bakarra : maitatzea. Ez gira gehiago « legearen esku, baizik Jainkoaren
onginahiaren esku ». (Er 6,14).
– Horrek ez du erran nahi zernahi on dela ! « Dena haizu da, bainan ez da dena on » dio Paulok.
Lehenik eta bat, zer balio du juduen legepetik ateratzea beste buztarri baten pean sartzeko ? Galaziarreri
idazten diote Paulok : « Zinez libre izaiteko libratu gaitu kristok » (5,1).
Gero eta bi, manamendu bat bada, bakarra, gure bizi guzia gidatu behar duena : Maitatzea. San Agustinek
Pauloren erakaspena ederki laburbiltzen du : « Maita zazu eta nahi duzuna egizu. » Horrek erran nahi du
guhauren biziaren kudeatzera libre girela, bainan gure hautuak egin behar ditugula besteak gogoan, besteeri
kalterik egin gabe, besteeri ongia eginez : « Ez izan erorbide, ez juduentzat, ez paganoentzat, ez Jainkoaren
Elizarentzat.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Profeta handi bat agertu zaiku,
eta jautsi zaio Jainkoa bere jendeari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 1, 40-45

40 Lepradun bat otoizka etorri zitzaion Jesusi,
eta belaunikaturik, erran zion:
“ Nahi baduzu, garbi nezakezu.”
41 Jesusek, urrikaldurik, eskua luzatu eta hunkitu zuen, erranez:
“ Nahi dut, izan zaite garbi.”
42 Ordu berean, joan zitzaion lepra , eta garbi gelditu zen.
43 Berehala Jesusek igorri zuen, eta larderiatu, erranez:
44 “ Kasu! Nehori deusik ez erran, bainan zoazi, apezari ager zaite.
Eta eskain zure garbiketaren ordainez
Moisek Legean manatua , froga bat izan dezaten.”
45 Hura aldiz, atera orduko, hasi zen berria kridatzen eta zabaltzen.
Eta geroztik, Jesus ez zaitekeen agerian sar herri batean:
kanpoan egoiten zen bazterlekuetan.
Halere , nonahitik jendea etortzen zitzaion.

Pasarte hunekin, Jesusen lehen misione bidaian gira. Ordu arte kafarnaumen egona zen. Orai
Jesusek Galilea guzia kurritzen du, berriona zabalduz.
Kondaira hau bi mailetakoa da. Lehena, legendunaren sendatzea. Bainan aldi berean hemen
hasten da beste historia bat, luzeagoa, larriagoa : Jesusek egin duen geldigabeko guduka Jainkoaren
egiazko aurpegiaren erakusteko. Zeren legendunaren hunkitzeko hirriskua hartuz, Jesusen ausartziak
eskandala bat ederra egin baitzuen. Markek hori du ehiaz erakusten “garbi”, “garbiketa” lau aldiz
errepikatuz. « Garbi » izaitea orduko griña zen. Garbitasun errituala, erlisione garbitasuna -guretzat
osoki arrotza- Jainkoarekin harremanetan sartzeko baldintza baitezpadakoa zen. Lebitarren liburuak
(ikus gaurko lehen irakurgaia) garbitasun arauak emaiten ditu, eta Markek berak aipu ditu
urruntxago : « Farisauek, eta juduek oro har, ez dute jaten eskuak untsa ikuzi gabe, zaharren
ohidurari atxikiak baitira. Plazatik etxeratzean ere ez dute jaten beren buruen garbiketa egin gabe ;
eta beste gauza anitzeri ere ohiduraz atxikiak dira, hala nola kopa, pitxer eta untzien garbitzeari. »
(7,3-4)
« Garbiketaren » griñak, berez, ustezko « kutsatuen » baztertzera zeraman. Orduan uste zen
eritasuna bekatuaren seinale zela. Ideia horrek berez ekartzen zuen eriak ez zirela hunki behar ( ikus
lehen irakurgaia). « Zauriak iraunen dion artean, kutsatua izanen da. Horrengatik, bakarrik biziko
da, kanpalekutik berex. » Horrek erran nahi du Jesusek ez zuela legendun hartarat hurbildu behar. Ez
ote da izigarri baztertua izaitea Jainkoaren izenean ! Bainan legenduna eta Jesus elgarren ganat joan
dira, lege kontra, eta ausartzia hortan berean izan daiteke mirakulua.
Legenduna otoizka belauniko erortzen zaio Jesusi, Mesias balitz bezala : « Nahi baduzu,
garbitzen ahal nauzu. » Ordu hetan Mesiasen beha zagon jende guzia, eta bazakiten zorion osoa
ekarriko zuela, nigarrik ez oihurik izanen ez zen mundu batean, Izai profetak mezutu bezala (65,19).
Hori dio legendunak Jesusi galdegiten : denbora mesianikoek hitzeman sendatzea. Eta Jesusek haren
esperantza betetzen du : « Nahi dut, izan zaite garbi. »
Jesusek deplauki aitortzen du beraz jendeek igurikatzen zuten hura bera dela. Geroxago
Joanes Bataiatzailearen dizipulueri erranen diote : « Zoazte Joanesi mezutzera zer entzuten eta
ikusten duzuen : itsuek ikusten dute eta mainguak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta
elkorrek entzuten dute… » (Mt 11,4-5).
Mirakulu hunekin Jesusek bazterketa ororen kontrako guduka hasten du. Legendun ohiak lau
haizetarat oihukatuko duen Berri Ona hau da : nehor ez daitekela zokoratua izan Jainkoaren izenean.
Hori bai Berri Ona pobreentzat ! Ez dira bakarrik legea edo beste edozoin eritasunetik sendatuak,
« garbituak » dira, erran nahi baita « Jainkoaren adiskide » eginak.
Jainkoaren iduriko izan nahi badugu, ez dugu nehor baztertu behar, bainan, alderantziz
besteeri hurbildu, Jesus legendunari bezala. Bainan ezin uka amodioaren bururaino joaiteko, Jesusek
legearen kuskua hautsi duela, hain xuxen legea zinez betetzeko : « Zeure ondoko laguna maitatuko
duzu zeure burua bezala ». Hori da hori legearen azala urratu eta mamia aurkitzea. Bainan denek ez
zezaketen holakorik konpreni, denek ez baitakite egiazko libertatea zer den. Horrengatik manatzen
dio Jesusek legendun ohiari ixilik egoiteko : « Kasu ! Nehori deusik ez erran… » Kurutzera deraman
bidean sartua da Jesus oraidanik