ABENDUKO LEHEN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Mesias heldu dela )
Jeremi profetaren liburutik 33,14-16
14 Hau dio Jaunak:
Huna heldu direla egunak,
Izraelen etxeari eta Judaren etxeari eman zorion agintza
beteko baitut.
15 Egun heietan, garai hartan,
legezko muskila sortaraziko diot Dabidi,
eta zuzenbidea eta justizia ezarriko ditu lurrean.
16 Egun heietan, Juda salbatuko da
eta Jerusaleme lasai biziko.
Huna herriari emanen diotan izena: “ Jauna gure zuzentasuna”.
Etsimenduak jorik zauzkan giristinoeri, Jainkoaren erreinua ez baitzen, uste zuten
bezala, bereala heldu, Jondoni Petrik hauxe idazten zioten :“ Ene maiteak, ez ahantz:
Jaunarentzat egun bat mila urte bezala da, eta mila urte egun bat bezala. Jauna ez da
hitzeman duenaren berantzen ari, batzuk hala uste badute ere; gertatzen dena da pazientzia
baduela zuekin, ez baitu nehoren galtzerik nahi…“ 2 Petri
Jainkoaren erreinu horrek berantzen du, ez bakarrik profeta mintzo den denbora
hartako jendeentzat, bainan ere lurreko bistanle guzientzat, eta hori mendez mende. Gaur
egun ere, ikusiz zuzentasun falta bizi garen munduan, etsitzerat ekarriak gira. Zer ari da
Jainkoa? Alta hitzemana zuen : „ Nere hautetsiarekin elkargo egin nuen, David nere
zerbitzariari zin eginez: betiko ezarriko dut zure errege-ondoregoa, sendo sekulako zure
tronua…“salmoa 89, 4. Bainan Izraeldarrek ez dute deus ikusten heldu :“ Nun dira, Jauna,
lehengo zure maitasun egintzak, Davidi zin eginez hitzeman zinion leialtasuna?„
Salmoa 89,50
Egungo testu hau idatzia izan zenean, ez zen tronu sendorik, ez zen erregerik ere! Eta
orduan du bizkitartean profetak, Jaunaren izenean aldarrikatzen :“Huna heldu direla
egunak…Egun heietan…Legezko musika sortaraziko diot Davidi, eta zuzenbidea eta juztizia
ezarriko ditu lurrean…huna herriari eman diotan izena: Jauna gure zuzentasuna“
Hemen ikusten dugu zer den edo nolakoa den profeta. Profetak, eguna iluna delarik
du aldarrikatzen ez dela etsitu behar, heldu dela Jainkoak hitzeman egun argia!
Salmoa 24
Leloa : Zu ganat daukat nere arima, Jainko Jauna !
Zure bideak erakuts, Jauna, otoi, neri,
Emazu ere xendren berri.
Zure egia igor zadazu aitzindari,
Dena bainago beti zuri.
Ona da ona eta zuzena Jainko Jauna:
Harek xuxentzen makur dena.
Apalak ditu zuzen zuzenik joanarazten,
Beren bidean ibil diten.
Haren bidean egia eta amodio,
Hari josiak bagitzaio.
Hari daudenak ditu Jainkoak adiskide,
Agertzen da maiz heien alde.
Bidea hitza hiruetan erabilia da hemen. Bihotzberritzea bidean gibelerat itzultzea da.“ Beraz
entsea zaitezte jaunak zuen Jainkoak manatu dauzuen guziaren egiterat betetzerat hortik
baztertu gabe. Ibil beti Jaunak zuen Jainkoak erakutsi bidetik…“Deut.5,32
Bidea Legea da. Eta lege hori Jainkoak gizonari bere zorionerako dio emana. Legeak
debekatu lehen gauza idolatria edo Jainko faltsuen segitzea da. Biblian bihotzberritzea
idoletarik baztertzea da, salbatzen duen Jainkoari buruz itzultzeko. Paulok dioen bezala :
“ Denek kondatzen dute…nola sasijainkoak utzirik, Jainko bizi eta egiazkoarenganat itzuli
zirezten…“1Tes.1,9
Bigarren irakurgaia
( Nola presta Jaunaren egunerako )
Jondoni Paulok Tezalonikarreri 3, 12 – 4, 2
Haurrideak,
12 Jaunak egin dezala gero eta handiago
zuek elkarrentzat eta denentzat duzuen maitasuna,
guk zuentzat dugun maitasuna handia den bezala.
13 Horrela indarrez bete ditzala zuen bihotzak,
saindu eta estakururik gabe izan zaitezten
Jainko gure Aitaren aitzinean,
Jesus gure Jauna bere sainduekin etorriko den egunean.
4,1 Gainerakoan, haurrideak, otoi eta otoi
hau eskatzen dautzuegu Jesus Jaunaren izenean:
gureganik ikasi duzue nola bizi Jainkoari atsegin emaiteko,
eta hola egiten duzue;
hobeki egizue oraino.
2 Badakizue nolako irakaspenak eman dauzkitzuegun
Jesus Jaunaren izenean.
50.urte inguruan zitaiken Paulo jin Tezalonikara, Kristo hil eta piztu eta 20 urteren
buruan. Ainitz atzeritar bizi ziren portu inportante hortan eta haietan judu andana bat bazen.
Apostoluen EKINTZAK-eri esker badakigu, bertze leku guzietan bezala, Paulo, hiru
zabatoz, joan zela juduen zinagogarat.“ Liburu Sainduak oinarri harturik, Mesiasek sofritu
eta hiletarik piztu behar zuela erakusten eta frogatzen zuen. Erraiten zioten :“ Nik mezutzen
dauzuetan Jesus hori da Mesias“.
Juduek entzuten zuten eta arrakasta ederra ere biltzen ari zuen. Bainan Jesus gogokoa
ez zuten judu batzu jazarri zitzaizkion eta Erromanoeri salatu gezurrez, Paulo eta
harekilakoak inperadorearen etsaiak zirela. Paulok handik ihes egin behar ukan zuen.
Zenbait denboraren buruan, bere lagun Timoteo igorri zioten Tezalonikan utzi
giristino berrieri. Timoteok berri onak ekarri ziozkan handik :“ Orai, ordea, zuenganik
etorri zauku Timoteo, zuen fedearen eta maitasunaren berri onekin…“
Igande huntan irakurtzen dugun testuan, berri on hori jakin eta, nolakoak diren
Pauloren sendimenduak dugu ikasten.Eta zer galdatzen diote Tezalonikarreri? Segi dezaten
hartu duten bidea :“Gureganik ikasi duzue nola bizi Jainkoari atsegin emaiteko, eta hola
egiten duzue; hobeki egizue oraino.“
„Jesus, gure Jauna, bere sainduekin etorriko den egunean..“ Egun horri buruz ditu
Paulok sustatzen giristinoak. Fededuna ez da norbeit gilbelerat itzulirik bizi dena, bainan bai
bere begiak geroan dauzkana, „egun“ horren esperantzan aitzina doana.Hori diogu Gure
Aita-n erraiten dugunean : „ Etor bedi zure erreinua, egin bedi zure nahia…“
Esperantza hori Amodioak du hazi behar fededunean : „ Jaunak egin dezala gero eta
handiago zuek elkarrentzat eta denentzat duzuen maitasuna…“ Bide bakarra hori da,
Jainkoa Amodio delakotz ,Jondoni Joanik dioen bezala. Horrela Aitaren seme bezala biziko
gira, Jesusen idurirat.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 21, 25-28. 34-36
Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri.
25 “ Seinaleak izanen dira iguzkian, ilargian eta izarretan;
lurrean, berriz, nazioneak laztuko dira,
itsasoaren orroak eta uhainen indarrak zoraturik.
26 Jendea hatsik gabe geldituko da ikaraz,
munduari gainerat heldu zaionaren beha,
zeruetako indarrak kordokatuko baitira.
27 Orduan, Gizonaren Semea hodeian etortzen ikusiko dute,
ahal eta aintza handitan.
28 Horiek guziak gertatzen hastean,altxa zaitezte eta goiti burua,
hurbiltzen ari baita zuen erospena.
34 Kasu egizue,bada! Ez utz moteltzera zuen bihotzak
hordikerian, mozkorkerian eta biziko griñetan,
egun hura ustegabean gainerat eror ez dakizuen.
35 Sarea bezala eroriko da munduan bizi diren guzien gainerat.
36 Beraz, egon erne eta egin otoitz ordu oroz,
gertatu behar diren horieri guzieri ihes egin ahal diezaiezuen
eta xutik egon ahal zaitezten Gizonaren Semearen aitzinean.”
Munduaren akabantzaz ari ote da Jesus hemen? Ez luke iduri. Mintzo da hemen gure
mundu hunek, egun batez, ezagutuko duen aldakuntzaz.
Gauzen kondatzeko manera hau apokalipsia modukoa da, Joaniren apokalipsia eta
Daniel-en liburua bezala. Hitz horren erran nahia agertzea da, estalirik zagoena bistan
emaitea.
Gisa huntako mezuak fededunak kinka txarrean direlarik dira zabalduak . Helburua
hemen esperantza emaitea da, oroitaraziz gaurko egun ilunak iraganen direla eta bitoria dela
buruan.
„Horiek guziak gertatzen hastean, atxa zaitezte eta goiti burua, hurbiltzen ari baita
zuen erospena“. Anartean „egon erne eta egin otoitz ordu oroz“.