URTEKO 34. igandea KRISTO ERREGEA (2021-11-21)

SARRERA

Senideok, Kristo Erregearen eguna ospatzen dugu gaur. Eta Liturgi Urteko azken igandea; datorren igandean Abendualdia hasiko dugu: Kristoren etorrera prestatzeko.
Kristo Erregearen jai hau Pio XIgarrena aita santuak sortu zuen, mila bederatziehun eta hogeita bostean. Sortze honen testuinguru historiko eta soziala oso berezia izan zen: Europako mugimendu errepublikazale eta antiklerikalaren kontra ari zen eliz hierarkia. Eliz hierarkia, gehienbat, monarkikoa zen, erregezalea. Ideia liberal eta errepublikazaleak, berriz, monarkiaren kontrakoak ziren, eta antiklerikalak, gehienbat.
Eliz hierarkiak, boterea beretzat nahi zuen. Hitz batean esateko, oso kutsu politikoa izan zuen jaiak.
Jainkoari eskerrak, giro hura galdu da Elizan. Vatikano bigarrena kontzilioak ebanjelioaren araberako esanahia eman dio Kristo Erregearen jai honi. «Erregea al zara?», galdetu zion Pilatok Jesusi. Eta honek: «Bai, Erregea naiz. Baina nire erregetza ez da mundu honetakoa». Elizak ere ez du botere politikorik nahi; beste egiteko bat du Elizak.
Senideok, gaurko irakurgaiak eta jai hau kontuan hartuz, saia gaitezen Jesusen egiazko erregetzaz gogoeta egiten. Hitz batean esateko, Jesus gurutzean da Errege. Zerbitzari bezala da errege. Bere bizitza guztian agertu du zerbitzari-izaera hori.

LEHEN IRAKURGAIA Danielen liburutik (7,13-14

Gaurko pasarte hau ikuskari apokaliptiko batzuen zatia da. Daniel ez da gai ikuskari horiek ulertzeko. Ametsetan hartutako mezuak dira. Hargatik, aingeru baten laguntza behar izan du. Oro har, ikuskari horiek gizadiaren historiako aroak agertzen dituzte: inperio handiak sortzen dira munduan, baina erori egiten dira bata bestearen ondoren. Hondo-hondoan, gizadiaren historia bidaia bat da, Jainkoaren behin betiko erregetza hasi arte.
«Gizonaren semea» delako esapideak hau esan nahi du: Jainkoaren gobernua gizatasun handikoa dela, eta gizon-emakumeen gobernu gogorrei kontrajartzen zaiela. Esapide hori, Biblian, batzuetan Mesiasi aplikatzen zaio; beste batzuetan Jesusi.

BIGARREN IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik (1,5-8)

Apokalipsi liburua Jainkoak Joani egindako agerpena da. Joanek elkarte osoari eman behar izan dio aditzera agerpen hori.
Entzun eta beteko dutenak zorioneko izango dira. Baina, elkarteak mezua onartu ahal dezan, mezua zeinengandik datorren eta bidaltzaile hori fidatzekoa ote den jakin beharra du. Horiek horrela, esaten digu, mezua bidali duena Kristo Jesus dela: testigu leiala, hildakoen artetik lehen jaioa, lurreko erregeen artean lehena. Azkenean esaten da, mezu horren egilea, Kristo Jesus alegia, guztiz aintzatsu etorriko dela egun batean..
Funtsean hau da mezua: Jainkoa ez da urrun dagoen norbait. Gizon-emakumeen ardura duen Jainkoa da: hurbila eta samurra. Jainkoak maite gaitu. Guri dagokigu Jainkoaren asmo eta bide hori onartzea.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (18,33b-37)

Ebanjelariak garbi errotua utzi nahi du Jesus errege dela. Erregetza hori, ordea, berezia da: bere nekaldian agertu du Jesusek errege dela. Jesusek berak deklaratu du, Pilatoren aurrean, errege dela; baina ez da mundu honetako errege; askoz gutxiago mundu honetako erregeak eta agintariak bezalako.
Bere erregetza ez du oinarritu Jesusek gudari-talde indartsu batean. Egiaren testigu izatean oinarritu du. EGIA da Jesus. Egiaren egiazko testigua da Jesus. Testigutza esateko, grekoz erabiltzen duten hitzak martiri esan nahi du. Jesus bere bizitza guztian izan da martiri, egiagatik.
Eta testigutza eta egia horiek hau agertu nahi dute: Jainkoa maitasun dela, eta hori agertu nahi izan diela Jesusek gizon-emakume guztiei. Horra gure testigutza eta gure egia.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jesus Erregearen mezua ezagutzen eta betetzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Mundu osoko gazteen alde: gauzak azaletik ikusiz bizi ez daitezen, baizik eta errealitate osoaren hondo-hondoa ezagutzen saia daitezen; hitz batean, EGIA maita dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Herri-agintarien alde: Jesusek agertu duen gobernatzeko modua, hau da, gurutzean errege izateko modua hunkigarri gerta dakien. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Emigrante, pobre, gaixo eta preso guztien alde: gizadia halakoekin zintzoagoa eta zuzenagoa izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.