URTEKO HOGEITA HAMALAUGARREN IGANDEA B
JESU KRISTO GURE JAUNA GUZIEN ERREGEA B
Lehen irakurgaia
( Gizonaren Semearen erregetza )
Daniel profetaren liburutik 7, 13-14
13 Ni, Daniel, gauazko ikuspeneri beha nindagon.
Gizaseme iduriko bat ikusi nuen zeruetako hedoietan heldu.
Gizon Zaharraren ganat hurbildu zen,
eta haren aitzinerat joanarazi zuten.
14 Nausigoa, aintza eta erregetza eman ziozkaten;
herri guziak, nazione guziak eta hizkuntza guziak zerbitzari zituen.
Haren nagusigoa betiereko nagusigoa da, itzaliko ez dena,
eta haren erregetza ez da sekulan suntsituko.
Daniel profetak dio ikuskari batean “gizaseme” bat agertu zaiola. Erran-molde hori hebrear
pentsamenduaren araberakoa da : “gizon” erran nahi du (Salmoetan “errege semek” “erregea” erran
nahi duen bezala). Delako gizona hodeiek deramate Jainkoaren alkiraino. “Gizaseme” hori -gizon
hori, beraz- Jainkoaren munduan sartzen da, eta nausigo, ospe eta erregetza emanak zaizkio herri
eta mintzaira guzien gainean, betiko.
Danielek ikuskari hau ukan zuen Antiochus Epiphane IV.ak juduak pertsegitzen eta
torturetan hiltzen zituen urteetan (J.K. aitzineko 170-a inguruan). Ikuskari hau mezu bihotzaltxagarri bat da : Haurrideak, orai lehertuak zirezte, bainan librantza hurbildua da, eta betikoa
izanen da.
Testamendu Berrian “gizaseme” aldatzen da, doi bat, hiru gisetarat. Lehenik, Jesusek ez du
“gizaseme” erraiten, bainan “gizonaren seme”. “Gizaseme” zionak “gizon bat” adiarazten zuen,
bainan “gizona” erraiten delarik “gizadi guzia” adiarazten da. Beraz Jesusek “gizonaren semea”
diolarik “gizadi guzia” bere gain hartzen du. Gisa berean Paulok Jesusez erranen du Adam berria
edo Adam bigarrena dela.
Bigarrenekorik, “gizonaren semea” lauetan hogoita hamar bat aldiz irakurtzen da
Ebanjelioetan, eta beti Jesusen eta bakarrik Jesusen ahoan. Beste nehork ez dio titulu hori emaiten,
alta Danielen liburua biziki ezagutua zelarik. Hain xuxen hortako bereko ez zitzaion titulu hori
emaiten ahal Jesusi. Alabainan, zeruko hodeietan etorriko zen “gizonaren semeak” Mesias izan
behar zuen. Beraz Jesusek, erran-molde hori beretzat hartuz, Mesias zela adiarazi nahi zuen !
Bainan Izraeleko jendearentzat bixtan zen Jesus ez zitekeela Mesias izan, Nazereteko zurgin xoil
bat zenaz geroz…
Hirugarrenekorik, Jesusek “gizonaren semearen” irudiari mamia osoki aldatzen dio. Bere
egiten ditu Danielen hitzak : “gizonaren semea hodeietan etortzen ikusiko dute, ahal eta aintza
handitan” (Mk 13,26), bainan eransten du sofrikarioaren aipamena : “gizonaren semea jendeen
eskuetarat emana izanen da, hilen dute …” (Mk 9,31)
Jesus piztu ondoan, dena argituko zaiote dizipulueri : Jesus gizon eta Jainko denak merexi
zuen, bai, “hodeiez inguraturik etorriko den gizonaren seme” titulua; hura, gizadi berrian lehensortua, gorputz bat egiten gaituen Burua. Hari xertaturik Goi-goikoaren sainduen herria izanen gira,
harekin betiko.
Salmoa 92
Leloa : Guzien Jainko da Jesu Kristo : Betiereko ospean dago.
Jainkoa Jainko: nausitasuna du soineko,
Indar osoa du gerriko.
Finkatua du mundu zabala bere peko,
Deusek ez baitu higituko.
Zauden alkia bai betidanik, bai betiko:
Betieretik zaude Jainko.
Zure nahia lur guzirako manamendu:
Sineste oso merezi du.
Zauden etxean menderen mende zuri kantu,
Zauden etxean denak saindu.
Mende guzietan, munduko historia guzia gerlaz betea da, eta garaipen baten ondotik,
buruzagiak maiz errege eginak dira.
Elizak Kristo Erregeren besta ospatzen duelarik, herra eta herioa garaitu duena ospatzen du.
Besta horren bidez gure fedea finkatzen dugu eta berotzen gure esperantza, indarra ukan dezagun,
erregetza hori laster jin dadin.
92. salmoak gauza bera erraiten dauku. Girixtino otoitzek, Kristo Erregeren besta ospatzen
duten bezala, Juduen otoitzek, Jainko Errege ospatzen dute, fede eta esperantza berekin. Juduek ez
dute ospatzen Kristoren piztea, bainan Jainkoak duen indarra gaizkiaren garaitzeko, eta hortan,
Testamendu Zaharreko Jalgitzaz oroitzen dira, Jainkoak libratu baitzuen populua eta Elkargoa
eskaini.
Jainkoaren Erregetza ospatzeko, salmoaren idazleak erabiltzen ditu, Israelgo errege
berriarenzat erabiltzen ziren seinale berak. Ospakizuna errege-alkiaren gelan egiten da. Erregea
ederrenean jantzia da. Hemendik goiti, errege-alkitik manatuko du. Orduan, jendea oihuka hasiko
da : Gora Erregea !
Salmo huntan Jainkoa bera da goraipatzen den erregea. Errege bat bezala, Jainkoa errege
jantzitan da : «Nagusitasuna du soineko, indar osoa du gerriko ». Egiaz, Kreatzailearen jauntziak
ditu : «Nagusitasuna eta indarra ». Hebrearrak dio: « Indarrez beztitu da ».
Haren alkia lurra eta zerua dira, osoki alki azkarra: « Zauden alkia bai betidanik, bai betiko,
betieretik zaude Jainko. » Pertsu hau iduriz ttuttula da, bainan bi puntta xorrotx baditu: bat jainko
faltsuen kontra, bertzea mundu huntako erregeen kontra. Betidanik Israeleko erregeen historia
nahasia izan da. Jainkoaren alkia, aldiz, “deusek ez du higituko.”
Salmo hau desterru ondoan -beraz erregerik ez zelarik- Jerusalemeko Tenploan kantatzen
zutelarik, Jainkoaren erregetza ospatzen zuten, ospatzen ere jin beharra zen Mesias, eta urrunago,
gizadi guziaren erregetza, Jainkoaren eta gizadiaren ezteietan.
Bigarren irakurgaia
( Salbatuak Kristorekin apez eta errege )
Apokalipza liburutik 1, 5-8
5 Grazia eta bakea zueri, Jesu Kristoren partez:
hura lekuko leiala, hilen artetik lehen piztua,
eta lurreko erregeen buruzagia.
Maite gaituenari, eta bere odolaz bekatuetarik libratu gaituenari,
6 Jainko bere Aitarentzat errege-herri eta apez egin gaituenari,
aintza eta nagusitasuna menderen mendetan. Amen.
7 Hara, hodei artean heldu da !
Guziek ikusiko dute, zilatu dutenek ere;
eta lurreko jendalde guziak nigar-auhenka ariko dira harengatik.
Bai ! Amen !
8 Ni naiz Alfa eta Omega, dio Jainko Jaunak,
Ni naiz badena, bazena eta etortzekoa dena, ahalguziduna.
« Grazia eta bakea zueri… » Jainkoaren asmoa egin dadin, huna xoilki Joaniren gutizia
Asiako Elizenzat : « Bakea lurrean gizoneri Jainkoak maite dituelakotz » zuten kantatzen zeruko
aingeruek Eguberri gauean. Jainkoaren asmoa, gizadiarendako, Jesu Kristo baitan izan da
egina : « Grazia eta bakea zueri, Jesu Kristoren partez… »
Testo hau nekea da konprenitzeko, argitzen baitauku Kristoren mixterio osoa : « Jesu Kristo
lekuko leiala, hiletarik lehen sortua eta lurreko erregeen buruzagia. » Hitz bakotxak badu bere
sentsua.
« Jesus », Nazareteko gizon xume baten izena, erran nahi duena : « Jainko salbatzailea »,
« Kristo » erran nahi baitu Mesias, Jainkoaren Izpirituaz betea. « Lekuko leiala », Jesusek Pilati
erran hitzen oihartzuna. « Ni sortu eta mundurat etorri naiz egiaren lekuko izaiteko » – « Hilen
artetik lehen piztua », huna lehenbiziko girixtinoen fedearen bilduma. Bertze gizonak bezala
hilkorra, Jainkoak piztu du, eta geroztik berekin eremaiten ditu anaia guziak, hilen artetik lehen
piztua. « Lurreko errege guzien buruzagia », bertze baieztapen bat, zinez Mesias dela eta etsaiak
zangoen azpian dituela, dauku erraiten 109. salmoak.
Salmoa irakurtzean, ohartzen gira hiru nolakotasun badirela : « lekuko leiala, hilen artetik
lehen piztua, lurreko erregeen buruzagia : Apokalipzan, zenbakiek badute erran-nahi berezia.
« Hiru » zenbakia Jainkoarena da. Jesusendako erabiliz, Jesus Jainko dela aitortzen da.
Bigarren hitz-lerroak finkatzen du lehenbizikoa : « Maite gaituenari, eta bere odolaz
bekatuetarik libratu gaituenari, Jainko bere Aitarentzat errege-herri eta apez egin gaituenari,
aintza eta nagusitasuna menderen mendetan. Amen » Hemen ere irakurtzen ditugu usaian
fedearentzat erabiltzen diren hitzak : Kristoren amodioa gizadiarentzat, eta odola ixuria gu gaizkitik
libratzeko. « Jainko bere Aitarentzat errege-herri eta apez egin gaituenari » eta azkenean obratu du
Jalgitza liburuan egin agintza : « Errege-erresuma ukanen zaituztet neri sagaratu herri ».
Bi lerro-alde horiek erraiten daukute gutizia : hastean, « Grazia eta bakea zueri » eta
bururatzean : « hari aintza eta nagusitasuna » : gurezat, grazia eta bakea, harentzat aintza eta
nagusitasuna. Joanik gomitatzen gaitu Jainkoari aintza emaitera.
Jainkoak emaiten dauku, gelditu gabe, bere grazia, bakea eta benedizionea : « Grazia eta
bakea zueri ». Grazia eta bakea emanak zauzkigu, oparitzat, guri da heien onartzea.
« Hara, hodei artean heldu da ». Ezagutzen dugu hemen Gizonaren Semea, Daniel profetak
lehenbiziko irakurgaian aipatua. Gizonaren Semea hurbiltzen da Jainkoaren tronuraino, mundu
osoko erregegoaren errezebitzeko. Huna Kristo erregearen bi alderdiak; lehena ospearena eta
bigarrena sofrikarioarena : Guziek ikusiko dute, zilatu dutenek ere, eta lurreko arraza guziak
doluan izanen dira haren gatik. » Kurutzea eta soldadoaren lantza aipatzen dira hemen.
Jondoni Joanik Ebanjelioan lehenik, eta gero Apokalipzan, hitz hauietan Zakarias profeta
lekuko hartzen du : « Daviden etxearen gainerat eta Jerusalemgo bizilagunen gainerat bihotzdamua eta otoitz-izpiritua ixuriko ditut. Neri, zilatu nautenari, behatuko dautate. Dolua eginen dute
seme bakarrarentzat bezala, nigar samina lehen semearentzat egin ohi den bezala…Egun hartan
iturri bat sortuko da Daviden ondokoen eta Jerusalemgo bizilagunen bekatua eta kutsadura
garbitzeko. » Aipatzen duelarik « otoitz-izpiritua eta bihotz-damua » Zakarias profetak pentsatzen
du gizonen bihotza aldatuko dela : burua alxatuko dutelarik, zuzen-kontra zilatu duten
hobengabeari, heien begiak eta bihotzak idekiko dira.
Ezekiel profetak ere aitzinetik asmatua zuen gizonaren bihotzaren berritzea, erraiten zuelarik
harrizko bihotzak aldatuko zirela haragizko bihotzera.
Kristo behin betikotz errege izanen da, gizonen bihotza berrituko delarik. Jesusek errana
zuen bizia emaiten zuela gizadi osoarendako. Apokalipzaren testoa beretik ari da aitzina : « Hara
hodei artean heldu da, guziek ikusiko dute, zilatu dutenek ere, eta lurreko jendalde guziak nigarauhenka ariko dira harengatik. Bai! Amen! »
Gure bihotzaren idekitze horrek bakarrik gaitu sarraraziko Jainkoaren grazian eta bakean : «
Zatozte ene Aitak benedikatuak; ondoretasunez ukan zazue munduaren hastetik zuenzat prestaturik
dagon erresuma.»
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Benedikatua Dabid gure aitaren erregetza,
Garai berrietako Erreinua !
Benedikatua Jaunaren izenean datorrena !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 18,33b-37
Jesus Pilatoren aitzinean agertu zelarik, hunek erran zion:
33 “ Juduen erregea ote zira?”
34 Jesusek galdegin zion:
“ Zure baitarik erraiten duzu hori,
ala besteek dautzute nitaz erran ? ”
35 Pilatok ihardetsi zion:
“ Judua ote naiz ni ?
Zure herritarrek eta apezburuek ezarri zaituzte nere eskuetan.
Zer egin duzu ? ”
36 Jesusek erran zuen:
“ Nere erregetza ez da mundu huntakoa.
Nere erregetza mundu huntakoa balitz,
nere aldekoek borroka eginen zuten
ez nadin juduen eskuetarat eror;
bainan nere erregetza ez da hemengoa.”
37 Orduan, Pilatok erran zion:
“ Beraz, errege zira ?”
Jesusek ihardetsi:
“ Zuk diozu errege naizela.
Ni sortu eta mundurat etorri naiz, egiaren lekuko izaiteko.
Egiarena denak nere mintzoa entzuten du. ”
Huna testo harrigarria Kristo Errege ospatze egunkari. Kristoren erregegoa, Ebanjelioek ez
daukute biziki aipatzen. Pasione denboran da Jesus bere erregegoaz mintzatu. Zendako Jesusek ez
du erran lehenago errege zela ? Alta, errege egin nahi ukan zutelarik, ihes joan zen. Mirakuiluak
egin zituen aldi guziz erraiten zuen dizipulueri ez hedatzeko berria. Eta orai, xuxen errege itxurak
joan-eta, estekatua, pobrea, kondenatua delarik, bere burua aitortzen du errege !
Horrek erran nahi du Jesusen erregoari buruz gure pentsa-moldea aldatu behar dugula. Huna
zer erraiten duen dizipulueri : « Dakizuenaz, nazioneen buruzagitzat dauzkatenek herriak zapatzen
dituzte bere nagusigoaz, eta handi-mandiek beren botereaz. Zuen artean, ordea, ez da hola. Zuen
artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari. Eta zuen artean lehen izan nahi duena, izan
bedi guzien mutil. Zeren Gizonaren Semea ez baita etorri zerbitzatua izaitera, zerbitzazera bai, eta
bere bizia guzientzat ordain-sari emaitera. »
Jesusen eta Pilatusen artean izan zen galdeketan, Joanik erran nahi daukuna da bizia eman
duen ordutik Jesus gizadiaren errege bilakatu dela. Haren handi-nahia bertzeen zerbitzatzea da.
Hilzerat kondenatuak buruz-buru egin zuelarik Emperadorearen ordezkariarekin, hunen galdeketa
elkarrizketa bilakatu zen. Pasione denbora guzian, Joaniren arabera egoera uzkali da, gobernariak
ezagutuko du egiazko erregea Jesus dela: « Beraz, errege zira ? » Jesusek errepostu: « Zuk diozu
errege naizela. » erran nahi baitu : “Ulertu duzu, zuhaurek erraiten duzu.”
Jesusek aipatzen duen erresuma ez da mundu huntakoa: « Nere erregetza mundu huntakoa
balitz, nere aldekoek borroka eginen zuten ez nadin juduen eskuetarat eror. » Haren erresuma Egia
da: « Ni sortu eta mundu huntarat etorri naiz, egiaren lekuko izaiteko. Egiarena denak nere mintzoa
entzuten du.» Entzun ditugu Joanik, Apokalipza liburuan, Jesusez erran hitzak : « lekuko leiala » «
Seme bakarra, graziaz eta egiaz betea. »
Pilatok galdegiten dio: « Zer da egia ? » Haste hastetik, juduek badakite, egia, Jainkoa bera
dela bakarrik. Bibliako mintza-moldean, egia hitzak erran nahi du «leialtasun sendoa.» Hain
xuxen, Egia, Presuna bat baita, Jainkoa bera, nehor ez daiteke izan egiaren jabe. Zenbat gerla,
zenbat gudu, bakotxak nahi baitu finkatu egiaren jabe dela. Egia behar dugu entzun eta harek behar
gaitu argitu.
« Egiarena denak nere mintzoa entzuten du » Judueri erran zioten bezala, Jesusek erran
zion Pilatori: « Jainkoarena denak entzuten ditu haren hitzak. Ez baitzirezte Jainkoarenak,
hortakotz ez nauzue entzuten.» Egun guziez, Jesusek eta dizipuluek errepikatzen zuten fedeaitorpena : « Shema Israël » (entzun Izrael). Jesusek erraiten zituelarik hitz horiek ezagutarazten
zuen Jainko zela. Bataioan eta itxuraldatzean, zerutikako botz batek erran zuelarik : « Entzun zazue
», erraiten zuen ere aldi berean Jesus Jainko zela.
Bixtan dena, Pilatok ez zituen sumatu oihartzun horiek guziak. Haren galdera erreposturik
gabe egon zen, ez zuen utzi bere burua umilki Jainkoaren gain. Joaniren Ebanjelio guzian bi bideak
noiznahi agertzen dira: sinetsi ala ez. Betaniako Martak, umiltasunean eta konfiantzan, hautu ona
egin zuen: « Sinesten dut Mesias zirela, Jainkoaren Semea, mundu huntarat etorri behar zena. »
Zendako Martak, Palestinako emazte xumeak ukan zuen argia eta ez Pilatok? Pilato ere ez zitaken
urrun; Jesusek ohartarazten dio : «Zuk diozu errege naizela » Orduan Pilatok zer zuen eskas ?
Menturaz, onartzea ez zela egiaren jabe, egiak zuela haren jabe izan behar. Hori dauku galdegiten
Kristok haren erregegoan parte hartzeko: « Dohatsu bihotzez behartsu direnak, Jainkoa errege
baitute. »