Kristo Erregearen Jaia (Joan18,33b-37)
Urteko 34. Igandea B 2021-11-21
Elizak bere bidea egiten du beti. Besteak beste, igande honekin bukatzen du bere urte liturgikoa, urte zibilekoa baino hilabete bat eta gehiago lehenago. Abendu hileko igandeetan ¬abendualdian¬ Eguberrietara prestatuko gara eta jai hura ospatu. Gaur, beraz, urte liturgikoa bukatzea dagokigu, eta Kristo Erregearen Jaia ospatuz egiten du Elizak
Jai honen zergatia eta zentzua
Jai, hau ez da oso antzinakoa. Pio XI.a aita santuak eratu zuen 1925ean. Horregatik, Internetera Kristo Erregearen irudi bila jotzen dugunean, estanpatxo itsusiak bakarrik aurkitzen ditugu, gustu txarrekoak, guztietan buruan koroa bat duela. Aitzitik, arte erromanikoan eta gotikoan, Kristo, maiestatetsu irudikatzen dutenean, Maisu bezala azaldu ohi dute, eskuin eskua gora, Maisu bezala eta ez errege bezala.
Zergatik azpimarratu nahi izan zuen Pio XI.ak Kristoren errege-alderdi hau? Hori ulertzeko, kontuan izan behar da jaiaren eratze-data: 1925. Lehen Mundu Gerratea bukatua zen zazpi urte lehenago. Alemaniak, Frantziak, Italiak, Errusiak, Ingalaterrak, Austriak eta Ameriketako Estatua Batuek milioika hildako izan zituzten. Ondorengo krisi ekonomiko eta soziala hain gogorra izan zen, tsarra erortzea eta erregimen komunista eratzea eragin baitzituen Errusian 1917an, Italian faxismoa agertzea, 1922an Mussolinik Erroma hartzearekin, eta nazismoa Hitlerren Putscharekin 1923an. Ameriketako Estatu Batuek euforia ekonomikoa bizi zuten, baina 1929ko hondamendia ekarri zuen; Europan, berriz, izurrigarria zen langabeziaren, gosearen eta tirandura sozialen egoera.
Kinka honetan, Pio XI.a ez da mugatu analisi sozio-politiko-ekonomiko soil bat egitera. Gorago jo du, eta uste izan du, gaitz guztien, gerlaren eta ondore izan zenaren kausa «Kristo eta haren legea urrundu izana dela norberaren, familiaren eta gizartearen bizitzatik», eta «ezin izan dela herrien artean bake iraunkor baten itxaropenik, gizabanakoek eta nazioek Kristo Salbatzailearen inperioa ukatzen eta baztertzen jarraitzen duten bitartean». Horregatik, uste izan du, berak, Pontifize gisa, bakea berritu eta indartzeko, egin dezakeen gauzarik hobena «Gure Jaunaren Erreinua Berrezartzea» dela. Komatxo arteko hitz hauek jaia eratzeko idatzi duen Quas primas entziklikaren hasierakoak dira.
Bistakoa da egin dakiokeen objekzioa: konpondu al daitezke arazo horiek guztiak Kristo Erregearen ohoretan jai bat eratzearekin?, lortuko al du jai batek jendearen bihotza aldatzea? Ordutik izan diren laurogeita hamar urteek dakarkigute erantzuna: Ez.
Horregatik, 1970ean kanbiatu egin zuten jaiaren zentzua. Pio XI.ak urrian jarria zuen ospakizuna, Santu Guztien jaiaren aurreko igandean. Urte liturgikoko azken igandera aldatu zuten 1970ean, Jesusez eta beraren mezuaz oroitu izan zenaren gailur gisa.
Gaur egun, beraz, jaiaren lehen helburua ez da nazioen artean bakea berrezartzea eta sendotzea, baizik eta Kristo zoriontzea, lortu duen garaipenagatik. Heriotzaraino besteen alde egin dituen ahaleginagatik eta eskaintzagatik emandako sari nagusia izango bailitzan.
Irakurgaiak
Lehen irakurgaiak, Danielen liburukoak, Gizonaren Semearen garaipena iragarri du, boterea eta aintza hartuko dituela.
Bigarrenak, Apokalipsi liburukoak, «Lurreko erregeen Printzea» izena eman dio Jesusi. Baina Jesusek ez du eman bere burua gu baino goragokotzat, ezta gugandik urrutikotzat. «Maite gaitu eta bere odolaz garbitu gaitu», eta bere duintasunean partaide izateko aukera eman digu, guztiok «apaiz-erreinu» bihurtuz. Judu-monarkia galdu ondoren, esapide honek adierazten zuen herria apaizek gobernatuko zutela. Baina Apokalipsi liburuak beste ikuspuntu batetik hartu du esapide hori: ez du goratzen apaizen boterea, baizik eta Jainkoaren herriaren apaiz-izaera.
Hirugarren irakurgaiak, Joanen ebanjeliokoak, ikusmolde kritikoagoa dakar erregetzaz. Benetako galdaketa batean, Pilatok lau galdera egin dizkio; baina Jesus ez da erantzutera mugatu den akusatu bat. Lehen galderari beste galdera batekin erantzun dio, kasik iraingarria erromatar agintari batentzat. Bigarrenari, «Zer egin duzu?» delakoari ere, ez dio erantzun. Pilatok egin dion hasierako galdera jo du, juduen errege al den galderara, eta hain era nahasgarrian mintzatu da, «hemengoa ez den erreinu batez» hitz eginez, non Pilatu batere ideia garbirik gabe gelditu baita. Pilatoren azken galdera ez da «Zu al zara juduen erregea»?, baizik «Beraz errege zara zu?» Alderdi nazionalista galdu egin da; garrantzizkoa Jesusen erregetza bera da.
Aurreko horren guztiaren ondoren, hau izango zuen erantzun logikoa: «Bai, errege naiz». Aitzitik, gauza erabat berria gehitu du Jesusek: ez da etorri gobernatzera, ezta ohorea eta aintza jasotzera ere, baizik eta egiaren testigantza egitera. Gogoan hartzen badugu, bera «bidea, egia eta bizia» dela, Jesus bere buruaz testigantza egitera etorri da, bere burua ezagutaraztera, jendeari azaltzera «Jainkoak hain maite duela mundua non bere Seme bakarra eman baitio». Testigantza hori dela-eta biraolaritzat salatuko dute eta, besteak beste, herioa ekarriko dio.
Gogoeta pertsonala
Eskuarki, homiliari argitu gaitzan eskatu ohi diogu eta hobe izatera eragin diezagun, Jesusen irakaspenaren eta etsenpluaren arabera bizitzera anima gaitzan. Eta funtsezkoa da hori, ebanjelioaren azken hitzak aintzat hartzen baditugu: «Egiarena den orok entzuten du nire ahotsa». Baina Kristo Erregearen jai honek honetara ere gonbidatzen gaitu: gugatik horrenbeste egin duen hura zoriontzera, zorionak ematera.
Aldi berean, jaiaren hasierako zentzu hura bikain ahokatzen da gaur bizi dugun egoerarekin: arazo sozial, politiko eta ekonomikoekin. Ezin jokatu dugu xalo aterabideen bila, baina ezin ukatu diogu ere arrazoia Pio XI.a aita santuari: mundua ebanjelioaren arabera bizi balitz, beste kuku batek kantatuko luke kuku.
Jose Luis Sicre