URTEKO HOGEITA HAMAHIRUGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Hilen piztea )
Daniel profetaren liburutik 12, 1-3
Nik, Danielek, hau entzun dut Jaunarenganik:
1 “ Egun heietan, agertuko da Mikael, aingeruen buruzagia,
eta zure herriaren zaintzailea.
Herstura handia izanen da,
herriak izaiten hasi zirenetik berdinik gabea.
Bainan aldi hartan salbatuko da zure herria,
biziaren liburuan beren izena izkiriatua duten guziak.
2 Lurreko errautsean lo daudenetarik ainitz atzarriko dira:
batzu betiko bizirako, besteak betiko lotsa eta ahalgerako.
3 Jakintsunek ortziaren distiraz distiratuko dute,
eta besteeri bide zuzenean ibiltzen irakatsi diotenek
izarrek bezala dirdiratuko dute betierean, gizaldi eta gizaldietan.
Danielen lerro hauetan oinarrizko bi aitorpen badira. Lehena : Juduek jasaiten duten
pertsekuzione ikaragarrian, hitz kontsolagarriak. Bigarrena : Hilak piztuko dira.
Lehenik mezu bihotz-altxagarria. Guti gora-behera Jesu Kristo aitzineko 170 urtetan gira.
Israelgo lurretan grekoak dira nausi. Heien errrege Antiochus Epiphane IV juduen pertsegitzaile
odoltzalea da. Juduak ez daitezke Jainkoari leial egon : Jainkoari zor zaion kultua orai erregeari
eman behar zaio. Hautua garbi da : edo erregeari amor eman (eta hori anitzek egiten dute) edo
Jainkoari atxikia egon, eta orduan tortura eta heriotzea jasan beharko dira. Hautu beldurgarri horren
aitzinean direnentzat idazten du Danielek : Mikael, aingeruen buruzagia, begirale duzue. Orai
ikusten eta bizi duzuena ikaragarrikeria da, bainan azkenean zuek izanen zirezte garaile. Herriarekin
eta herriaren alde zerua ere gudukan ari da, eta Jainkoa beti garaile ateratzen da. Beraz atxik ! Horra
mezu kontsolagarria bizientzat.
Bainan torturetan hil direnak, zer ? Danielentzat ez da dudarik : Jainkoak ez ditu heriotzean
uzten ahal hari leial egoiteko hil direnak. Hil horiek piztuko dira. Eta horra lehen aldikotz aipu dela
garbiki Biblian hilen piztea. Orai ideia horri jarria da giristinoa. Bainan Danielen denbora arte ez
zen sekula aipu. Oroitu behar dugu Izraelen fedea emeki-emeki atera zela ilunpetarik. Israelen
historiaren lehen mendeetan, jende bakotxa piztuko zelako sinesterik ez zen : herriaren geroa zen
ororen griña eta ez norberarena. Hortik, gizon batentzat, bere ondokoen garrantzia : asma zitekeen
etorkizun bakarra haurrak ziren, haurren bidez zen norbera bizirik egoiten.
Norberaren piztean sinesteko bi ideia elgarri lotu behar ziren. Lehenik norberaren zortea (eta
ez bakarrik herriarena) nolakoa izan daitekeen gogoetatu. Gero, Jainkoa leiala dela sinetsi, ez duela
nehor heriotzean uzten. Lehen pundua, norberaren zortea zer izanen den, Izraelen historian emekiemeki agertu den ideia da. Bakotxa bere egintzen erantzule delako ideia J.K. aitzineko seigarren
mendekoa da, frango berantekoa beraz. Bizi izan dituen gertakari gogorrek ekarri dute Izrael
Jainkoaren leialtasun osoan sinestera. Jainkoak jendea libre nahi du, heriotzearen lokarrietarik ere.
Eta hori argi betean agertu zaio Izraeli, ikusi direlarik fededunak beren biziaren emaiten Jainkoa ez
arnegatzeagatik. Martirak piztuko dira beraz.
Bainan besteak ? Danielen ustez, iduriz, beste guziak betiko heriotzean egonen dira. Urrats
zenbait egin beharko dira oraino sinesteko piztea deneri emanen zaiotela, gizadia ez baita bi parte
hautsia, onak alde batera, tzarrak bestera. Nehor ez da osoki on, nehor ez osoki tzar. Amodioaren
ganikakoa Jainkoaren ganik dator, eta biziko da betiko.
Salmoa 15
Leloa : Zaude nere zain, Jainko Jauna
Zuri bainago, zuri dena.
Jauna, zu zaitut ondorio
Eta biziko bozkario
Biziko urrats guzietan
Jauna dut beti aitzinean.
Bihotza dut nik lorietan,
Zer boza dutan nere baitan.
Gorputza ere zer bakean,
Pausatuko zait hil-hobian.
Bizirat nauzu lagunduko,
Gozo nasaiez han beteko.
Zure ondoan zuhauri so,
Zer zoriona sekulako !
Hemen emaiten zaizkigun bertseten arabera, dena ordoki da Jainkoarekin : maite zaitut, zu
bakarrik, oi zer goxoa zurekin !
Bainan salmo hunek badu beste bertsetik, sekulako guduka aipu dutenak. Hain xuxen
Danielek lehen irakurgaian aipu duen guduka hura bera, Izraelen betiko guduka, idolatriaren
kontrakoa, idolatria baitzen bekaturik larriena Izraelen Jainko bakarraren begietan. Jende xeheari
bai eta erregeeri Jainko bakarra ez zitzaioten aski : Jainko handiaren -handiegiaren- ondoan, jainko
ttipiak behar, bakotxa bere boteretxoarekin. Hala-nola, 7. mendean Ezekias erregeak bere semea
sakrifiziotan eskaini zion Molok jainkoari, eta geroxago Manaze erregeak berdin berea.
Zergatik profetek idolatriaren kontrako borroka geldigabea egin zioten beren herritarreri ?
Jainkoak bere herria libre nahi baitu, eta idolatria esklabotasunik beltzena izanki. Froga hor da,
besteak beste : norberak bere semea hiltzera ereman dezake. Salmo hunek otoitz forman emaiten
dauku profeten mezua. Adibidez bertset hau : “Bizirat nauzu lagunduko, / Gozo nasaiez han
beteko./ Zure ondoan zuhauri so,/ Zer zoriona sekulako.” Hemen aipu den “sekulako zoriona” ez da
hilen piztea. Ez dezagun ahantz salmoaren gaia ez dela sekula bakarkako norbait, bainan Izrael herri
osoa. Herria da biziko “sekulako”, betirako bizi den Jainkoak hautatua baita. Eta badakigu salmo
hau idatzi zelarik nehork ez zuela hilen piztean sinesten. Baina zenbait mende geroago, Daniel
profetaren ildotik beste irakurketa bat eginen da : gizaki guzien piztea. Berantago oraino bertset
bera Jesusi buruz irakurtuko da : “Zure fededuna ez duzu hilobian galtzera utziko./ Alaitasun betea
zure aurpegiaren aitzinean,/ betiko zoriona zure eskuinean.” (Sal 15, 10-11)
Bigarren irakurgaia
( Opari edo sakrifizio bakarra )
Hebrearreri epixtolatik 10, 11-14.18
Batasun zaharrean,
11 apezak, Tenpluan xutik, egunero ari ziren beren liturgi-zerbitzuan,
nehola ere bekatua ken ez dezaketen
opari berberak behin eta berriz eskaintzen.
12 Jesu Kristo, ordea, opari bakar bat eskaini ondoan,
Jainkoaren eskuinaldean jarri da behin betiko.
13 Eta orai, beha dago,
bere etsaiak bere oinpeko noiz ezarriak izanen zakizkion arte.
14 Opari bakar baten bidez,
behin betiko beren beterat ereman ditu saindutzen dituenak.
18 Beraz, bekatuak barkatuak badira,
ez da bekatuen barkamendurako opari beharrik.
“Hebrearreri Gutuna” bi zutabetan ezar daiteke : batean zer gertatzen zen Testamendu
Zaharrean kultuari buruz, bestean zer gertatzen Testamendu Berrian. Egungo irakurgaien idazleak
bi pundu aipu ditu : tenploko liturgia, eta sakrifizioak.
Liturgia . Lehen Elkargoan sakrifizioak egiten zituzten (abereak hiltzen) egun guziz, bekatuen
barkamendurako, beren ustez. Elkargo Berrian dena bestela gertatzen da : Jesu Kristo apez bakarrak
sakrifizio bakar bat ospatu du behin betiko.
Sakrifizioak. Gutun hunen idazlearentzat, Kristoren sakrifizioak, behin betikotz eskainiak,
tenploko sakrifizioak ordezkatzen ditu. Sakrifizio heiek ez zuten bekatuen ezabatzeko ahalik.
Kristoren sakrifizioak gizadia Jainkoarekin baketzen du betiko. Zergatik holako aldea batetik
bestera ? Testamendu Zaharrean “ordaina” baitzen sakrifizioaren funtsa : -Nik hau emaiten dauzut,
zuk hori emadazu. Legea hautsi dut, Jauna, barkamenduan truk hau emaiten dauzut.- Bainan sistima
hortan ahanzten zen Jainkoa maitasun dela. Jesusen egin-moldea amodioan finkatua da. Harentzat
sakrifizioa ez da abereen odolaren ixurtzea, baizik amodioan bizitzea eta aldeko laguna maitatzea.
Geldi gaiten beraz galdegitetik zer egin behar dugun Jainkoaren barkamendua ardiesteko : maita
dezagun, dena hortan da. Urrez mintzatu zen Oze profeta Jainkoak argiturik : “Nahiago dut
maitasuna sakrifizioak baino, Jainkoa Jainkotzat hartzea erre-opariak eskaintzea baino.” (Os 6,6)
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Egon zaitezte atzarririk, gau eta egun otoitzean:
Ager zaitezten denak xutik Kristo Jaunaren aitzinean.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 13,24-32
Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri:
24 “ Egun heietan, herstura handiaren ondotik,
iguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik emanen.
25 Izarrak zerutik erortzen hasiko dira,
eta kordokatuko zeruetako indarrak.
26 Orduan, Gizonaren Semea ikusiko dute
hedoietan etortzen indar eta aintza handitan.
27 Aingeruak igorriko ditu,
eta bere hautetsiak bilduko lau haizeetarik,
lurraren hegal batetik zeruaren beste hegaleraino.
28 Adi zazue pikondoaren irakaspena:
adarrak guritzen zaizkionean, eta hostoak zabaltzen,
badakizue uda hurbil dela.
29 Zuek ere berdin, gauza horiek gertatzen ikustean,
jakizue Gizonaren Semea hurbil dela, atean.
30 Egiaz diozuet: gizaldi hau ez da iraganen, horiek oro gertatu gabe.
31 Zeru-lurrak iraganen dira,
nere hitzak, aldiz, ez dira iraganen.
32 Bainan egun eta ordu horien berri nehork ez daki,
ez aingeruek zeruan, ez Semeak,
Aitak baizik.”
Idatz-molde hau ez du batere ohikoa Markek : bat-batean, horra bere denborako literatura
mota berezi batean sartzen gaituela. Jesusen denbora baino bi mende lehenagotik, Iguzkialde
Hurbilean (Izrael, Mesopotamia, Egipto) sukar batek hartua du literatura. Denetan galdera berak
egiten dira : Gizadia galtzera ote doa ? Ongia nausituko ote da ? Noizko da munduaren azkena ? Eta
beste. Literatura horrek irudi izigarriak maite ditu : iguzki edo ilargi itzaltze, ortzi guziaren
uzkaltze, izaite zerutiar batzuren agertze. Juduek eta giristinoek ere idazmolde hori erabili dute,
beren fedearen aitortzeko, agertzeko : hortakotz deitzen dira idazki horiek “apokaliptikoak”. Greko
hitz horren erroak “agertu” erran nahi du, hain xuxen. Irudi eta gertakari beldurgarri horiek
mezuaren axala baizik ez dira. Orduan denek konprenitzen zuten idazleak zer erran nahi zuen :
munduaren hastetik gaizkiaren kontra deramaten borroka ikaragarrian Jainkoa eta haren fededunak
garaile aterako dira. Hitz eta irudi apokaliptikoz jantzia den mezua ez da beraz izitzeko idatzia,
bainan, alderantziz, esperantzaren emaiteko eta sustatzeko.
Markek lerro hauek idatzi ditu Jesusen Pasionearen kondaira hasi aitzinttoan. Gaizkiaren
kontrako Jesusen borroka beroenean da, garaipena berehalako da. Markek idazten ahalko zuen
Jondoni Joaniren Ebanjelioan irakurtzen dena : “Gora bihotzak ! Mundua garaitua dut !” (Jn 16,33)