Pertsekuzioa eta esperantza (Markos 13,24-32)
Urteko 33. igandea B 2021-11-14
Urteko azken aurreko igandean gaude. Ematen du, gaurko irakurgaiek fikzio-zientziazko mundu batera eraman nahi gaituztela, aintzat hartzeko zail den mundu batera. Halaz guztiz, hiru ebanjelio sinoptikoek (Mateo, Markos, Lukas) dakarte munduaren azkenaz ari den Jesusen diskurtso hau. Esan nahi du, lehen kristauentzat funtsezko zerbait zela: esperantza eta kontsolamendu-mezu bat dute jasaten ari diren pertsekuzioen artean. Lehen irakurgaia (Daniel 12,1-3) eta ebanjelioa bat datoz krisialdirako erantzuna eman nahi izatean, guk geuk tarteka jasaten ditugunak baino askoz sakonagoa zuten hartarako. Probaldi garratz hori jasaten ari den jendea kontsolatu nahi dute bi irakurgaiek.
Hiru urte izugarri (K.a. 169-167)
Urte bereziki gogorrak izan ziren juduentzat (K.a. 169-167). Antioko Epifanes Siriako erregeak Jerusalem inbaditu zuten 169an, tenpluan sartu eta baliozko gauza guztiak ostu zituen, odol asko isuri ondoren. Estatuko ofizial batek, erregeak bidaliak, 167an, israeldar asko erail zituen, hiria arpilatu, etxeak eta harresia suntsitu eta gatibu eraman zituen emakumeak eta haurrak, eta ganaduaz jabetu. Aldi berean, Antiokok, bere jabetzako lurralde guztietan greziar kultura ezartzeaz tematurik, debekatu egin zien juduei tenpluan sakrifizioak eskaintzea, larunbatak eta jaiak gordetzea eta haur mutikoak erdaintzea [guri debekatuko baligute bezala eukaristia ospatzea eta haurrak bataiatzea]; eta tenplua kutsatzeko agindu zuen idoloen aldare eta kaperak eraikiz, eta txerriak eta animalia ez-garbiak opari eginez.
Gertaera hauek erreakzio oso desberdinak eragin zituzten: bata militarra, Makabeoen matxinada; beste bat teologikoa, itxaropen apokaliptikoa, gaurko lehen irakurgaian islatua.
Apokalipsi terminoak «agerpena» esan nahi du, «ezkutuan dagoen zerbait agerian ipintzea». Literatura apokaliptikoak ezkutuko sekretu bat agertzea du bere asmoa, munduaren azkenari dagokion sekretua: noiz gertatuko den, aurretiaz zein seinale izango dituen, Jainkoaren Erreinua behin betiko eratzea. Zapalkuntza-aldiko literatura da, bizirauteko hil ala biziko borroka, bizitzari zentzua emango dioten kontsolamendu eta ideien bilaketa. Aterabide bakartzat Jainkoak berak esku hartzea jartzen du, mementoko mundu gaiztoa suntsituko duelarik eta geroko mundu ona, bere erregetzarena, eratuko duelarik.
Danielen erantzuna
Danielen liburuko puska laburrak ideia hauetako batzuk bildu ditu. Profetari iragarri diote larrialdi bat iritsiko dela, inoiz halakorik izan ez den bezalako bat; baina, azkenean, salbatuko dela beraren herria, eta gaiztoak zigorturik aterako direla. Hau guztia ezin gertatu da mundu honetan; idazlea etsirik dago mundu honek ez duela erremediorik. Geroko munduan gertatuko da, batzuk piztuko direnean saria jasotzeko eta besteak zigorra. Jende onaren artean, jende jakintsua nabarmendu du idazleak, jendetzari zuzentasuna irakatsi diona, izarrek bezala egingo dute distira, betikotasun osoan. Horrenbestez, argi eta garbi utzi du idazleak bere aukera politiko eta erlijiosoa: aterabidea ez da armak erabiltzea, Makabeoek uste dutenaren kontra.
Zoritxarreko hamarkada (K.o. 60-70)
Ez dakigu seguru noiz idatzi zen lehen ebanjelioa. Baina lehen mendeko 60ko hamarkadan gertatuek argibidea ematen digute igandeko honetako testua ulertzeko.
Lurrikara handi bat gertatu zen Asia Txikian 61. urtean; hamabi hiri suntsitu zituen gau bakar batean (Pliniok dakar Historia natural 2.86an). Beste lurrikara bat gertatu zen 63an, Ponpeian eta Herkulanon, 79ko Vesubio sumendiaren erupzioa alde batera utzirik. Erromako sutea gertatu zen 64an, itxuraz Neronek berak erabakia, errua kristauei leporatuz. Juduen matxinada gertatu zen 66an, Erromaren kontra; 70. urte arte iraun zuen gerlak; tenplua eta Jerusalem errez bukatu zen. Beste lurrikara bat gertatu zen 68an Erroman, Neron hil baino zerbait lehenago. Neron hil ondoren, krisialdi handia sortu zen 69an: urte bakar batean hiru enperadore (Oton, Vitelio eta Vespasiano). Ikuspegi apokaliptikoan, lurrikarak, suteak, gerlak, liskarrak munduaren azkena gainean delako seinale dira.
Bestetik, kristau-elkartea arazo-mota asko ari da bizitzen. Batzuk kanpotikoak dira, juduen eta paganoen pertsekuzioek eraginak: Erromaren kontra jazarle izateaz salatzen dituzte, beren ospakizun liturgikoetan haur-hilketa eta orgiak egiteaz; Jesus asto-burudun gurutziltzatu bezala irudikatu dute. Beste arazo batzuk barnekoak dira, onartuak diren egiatik urrundu diren gizabanakoek eta taldeek eraginak. Joanen lehen gutunak aitortzen du «antikristo asko etorri direla», ez bat bakarrik (1 Joan 2,18), eta «gure artetik irten zirela».
Markosen ebanjelioaren erantzuna
Ingurumen zail-zail honetan, Markosen ebanjelioak itxaropena eta kontsolamendua eskaintzen ditu, diskurtso luze baten bidez (13. kapitulua). Jesusek bidenabar egindako iruzkin batekin hasi da guztia. Olio-mendian dagoela, nondik ikuskari bikainaz gozatzen baita tenpluaz, diotse ikasleei: «Ikusten al dituzue eraikin handi horiek? Ba, lur joko dute, harri gainean harririk ez dela geldituz».
Ikasleek ez dute besteren beharrik, tenpluaren hondamena munduaren azkenarekin lortzeko. Orduan, Pedrok, Santiagok, Joanek eta Andresek pribatuan galdetu diote: «Noiz gertatuko da hori guztia? Eta zein seinalek adieraziko du hondamen hori gainean dela?» Apokaliptika obsesionatzen duten bi gaiak dira: munduaren azkenak zein seinale izango dituen aurrekari eta zehazki noiz izango den. Igande honetako irakurgaiak diskurtsoaren azkeneko esaldi batzuk aukeratu ditu, galde horiek biak dituztenak, baina atzekoz aurrera: lehenik seinaleak aipatzen dira, gero aldia. Erdian, berritasun handi bat, ikasleek beren galderan kontuan hartu ez dutena: Jaunaren aintzazko etorrera.
Azkenaren seinaleak eta Jaunaren etorrera
Seinaleak ez dira gertatuko lurrean, baizik eta ortzian: eguzkia ilundu, ilargiak argirik ez, izarrak ortzitik erori. Baina gertatuak ez du eragingo izurik gizadian. Izan ere, unibertso zaharra galtzeak bide emango baitie Jaunaren etorrera aintzatsuari eta hautatuen salbazioari. Nabarmendu ditzadan txatal hauetako xehetasun interesgarri batzuk.
1.-Jainkoa ez da aipatzen inoiz ere. Ardatza Jesusen aintzazko agerpena da, une gailur bezala.
2.-Juduen testu apokaliptiko batzuen arabera, hautatuen salbazioa azpimarratu da. Diskurtsoaren izaera baikorra azaltzen du horrek: asmoa ez du jendea izutzea, baizik eta kontsolatzea eta esperantza eragitea, nahiz eta ez dituen isiltzen Elizak bizi beharko dituen kinka zailak.
3.-Geroko mundua deskribatzeari garrantzi handia ematen dioten beste testu apokaliptikoen kontra, hemen ez da aipatzen ere gai hori, horrek Jesusen iruditik atentzioa urrunduko balu bezala.
Azkenaren unea
Azken zatian hiru baieztapen desberdin datoz: 1) zuek jakin ahalko duzue noiz den gainean azkena (pikondoaren parabola); 2) azkena zuen belaunaldian berean gertatuko da; 3) eguna eta ordua ez dakizki inork, Jainko Aitak baizik.
Bigarren baieztapena da problematikoena. Jerusalemen hondamenaz ari bada, arazorik ez, 70ean gertatu baitzen. Baina munduaren azkenaz ari bada, ez zen gertatu belaunaldi hartan. Halaz guztiz, posible da horrela interpretatu izana kristau askok, konbentziturik baitzeuden munduaren azkena gain-gainean zela. Horixe uste izan zuen Paulok bere ekintza apostolikoaren lehen urteetan.
Baina gaurko irakurleak argi eta garbi izan behar du azkenean esan dena: inork ez dakizki, ez eguna ez ordua, eta garrantzizkoa ez da eztabaidan eta kalkuluak egiten jardutea, baizik eta jarreraz adi eta azti bizitzea (gai hau, joan-etorri handia, alde batera utzi du liturgiak; ulertezina benetan).
José Luis Sicre