URTEKO HOGEITA HAMABIGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
Erregeen lehen liburutik 17, 10-16
10 Eli profeta joan zen Zareptarat.
Hiriko ateetarat heltzean,
emazte alargun bat ikusi zuen, egur biltzen ari.
Elik deitu eta erran zion:
“ Ekar-ezadazu,otoi, ur xorta bat pegarrean, edan dezadan.”
11 Emaztea bila zoalarik,oihu egin zion gibeletik, erranez:
“ Ekar-ezadazu , otoi, ogi puska bat ere.”
12 Emazteak ihardetsi zion:
“Bizi den Jaunaz, zure Jainkoaz, hitz dautzut, ez dut ogirik.
Bakarrik ahurtara bat irin, untzi batean,
eta olio xorta bat pitxer batean.
Bi xixtapurren biltzen ari naiz,
neretzat eta nere semearentzat opil baten egiteko.
Janen dugu eta gero hilen gira.”
13 Orduan Elik erran zion:
“ Zoazi eta egizu erran duzun bezala.
Bainan, egidazu lehenik opil ttipi bat eta ekar,
gero eginen duzu ogia zuretzat eta zure semearentzat.
14 Hunela baitio Jaunak, Izraelen Jainkoak:
Irin-untzia ez da hustuko, olio-pitxerra ez da agortuko,
Jaunak lurrerat euria igorriko duen eguna arte.”
15 Emaztea joan zen, eta Elik errana egin,
eta luzaz jan zuten Elik, emazteak eta haren semeak.
16 Irin-untzia ez zen hustu, ez eta olio-pitxerra agortu,
Jaunak Eliren ahoz errana zuen bezala.
Testamendu Zaharreko jenderik famatuenetarik bat dugu Eli. Bibliak hunela aipatuko du: « Eli sortu
zen, sua bezalako profeta: haren hitzak zuziak bezala erretzen zuen » (Si 48,1..) Harrigarriko oroitzapena
utzi badu ere (erraiten da hiltzea ez duela ezagutu, suzko orga batek ereman duela), etsipenezko eta
lotsagarrizko egunak ukan ditu. Heietarik bat daukagu hemen:
Erran behar da HAREN lana ez dela errexenetarik. Orduko inguramena latza da. Israelko eta
Feneziako erregeen arteko lokarria, fede-ukamen izan daiteke. Akab erregeak, Jezabel Tireko erregearen
alabarekin ezkonduz, bere jauregia, hiria eta laster bere herria idolatriari idekiko ditu: erregina gazteak
berekin ekarri ditu ohidura, otoitz, itxura eta apezak. Bere emaztearentzat, Akab erregeak bere erlisionea
ukatu du, Samariako hiri nagusian tenplo bat eraikiz Baal delakoari. Akab eta Eli nahit’ez bat bertzearen
kontra izanen dira.
Eta zorigaitza etorri da: herri guziaren gainerat idortea erortzen da eta idortearekin gosea, pobreen
pobretasun haundiagoa. Erlisioneen arteko gerla hortan, Eli Jainkoaren profeta, Jezabel erreginaren kontra
egia agertzeko idorte hori aukera ona izanen da. Nork ditu munduko indarrak menpean ? Izraelen Jainkoak
ala Baalek? Nork du zeruko sua edo euri hazlea igorriko?
Elik lehen mantxa irabazten du, bainan Jezabel erregina haserre furian sartzen da eta Elik ihes egin
behar du. Bere herrian lasterkatua, Eli kanpoko herrirat doa, Sidonetik hurbil, Mediterraneoko itsas-hegirat.
Egungo irakurgaiak eskale erakusten dauku, ezezagun bati galdeka : « Ekar-ezadazu otoi, ogi puska bat. »
Emaztea ere pobrea da. Bainan Jainkoa mintzo baita, konfiantxa konfiantx egin behar zaio. Eta ondorio
miresgarria ezaguna da : « Irin-untzia ez zen hustu, ez eta olio pitxerra agortu, Jaunak Eliren ahoz errana
zuen bezala. »
Eta hori gerta zadin, Sareptako alarguntsak -pagano bat- bere bizia jokatu behar izan du Izraelgo
Jainkoaren hitzaren gainean. Mezua aski argi daukagu: Jainkoaren laguntza guziak baliatzen dituen herriak
emazte pagano hunen etsenplua segitu behar luke. Herri hautatua gosez eta zorigaitzez lehertua delarik,
idolatrian eroriz geroztik, pagano batek Jainkoaren emankortasuna agerian erartzen du bere fedeagatik !
Sareptako alarguntsak Jainkoa mintzatzen entzun du; beraz Jainkoaren hitza paganoen lurrean ere entzun da ,
ez dezagun ahantz! Geroago, Jesusek ixtorio hau bere herritarreri aipatuko diote eta ez dute onartuko.
Testamendu Zaharreko azken testoetan, paganoak maiz etsenplutan emanak dira: Jainkoaren salbamendua
gizadi osoari agindua da eta ez Izraeli bakarrik.
Irakurgai hunen erakaspen haundia : Jainkoaren urrikalmendua konfiantxa duteneri: profetari,
laidostatua izaiteko arriskua hartu baitu ; alarguntsari, duen guti hura eman baitu. Batek eta bertzeak nahi
zuten baino gehiago ukan dute.
Salmoa 145
Leloa : Nahi nitzaio Jainkoari bizi naizeno kantuz ari.
Dohatsu Jaunak lagundua,
Jaunak bidean argitua;
Egin baititu zeru lurrak
Bai itsasoa eta denak.
Jaunak betiko baitu zaintzen,
Bertzek joentzat hura zuzen.
Gosetueri harek ogi,
Gakotueri harek argi.
Itsutueri Jaunak begi,
Lehertueri dio: Jeiki!
Jaunak laguntzen urrun joanak,
Hazten umezurtz, alargunak.
Jaunak zuzenak ditu maite;
Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere:
Gure Jauna Jaun mendez mende.
Salmo hau osoki esker onezko eta goresmenezko kantu bat da. Babiloniako atzerritik etorri
ondoan idatzia da, tenplo berriaren estreina karietarat. 587an J.K.aitzin Nabukodonosor,
Babiloniako erregearen armadak tenploa suntsitu zuen. Berrogoita hamar urteren buruan, Ziruz,
Pertsiako erregeak garaitu zuen Babilonia eta esklabo ziren Judueri baimena eman Izraelerat
itzultzeko eta tenplo berri bat eraikitzeko. Badakigu hori ez zela errexki egin, etorri berrien eta han
bertan egon zirenen artean. Agge eta Zakari profeten bertutearen bitartez obratua izan zen eraikin
hori. Sekulako airostasunean eta poz haundian egin zen estreinatzea .
Egungo salmoak etxerat itzultzeak emaiten duen bozkarioa aipatzen du. Berriz ere, Jainkoak
bere leialtasuna erakusten du. Lehenik Egiptotik ateratzeko; orai Babiloniatik. Jaunak bere populua
altxatzen du, „mendekatzen du“, profetak dion bezala. Jendeak bere historia irakurtzen duelarik,
Jainkoak beti laguntzen duelako lekukotasuna emaiten ahal du, „gosetueri harek ogi, gakotueri
harek argi“. Basamortuan zen populuari Jaunak ogi eta janari. Urrats bat eta urrats bi, hola
ezagutua izan da Jainkoa, beti gakotuak direnen libratzaile, beti itsu direnen argitzaile, beti apalduak
direnen altxatzaile.
Bibliaren bide luzea behar izan da Jainkoa hola dela onartzeko. Ohore eta eskerrak Izrael
populuari, Jainko urrikalkor bat agertu baitauku. Bakotxa molde berekoa izaitera gomitatua da,
zapatuak direnen alde urrikalmendu erakustea. Jainkoaren urrikalmendua argitan ezartzeko, Izraelen
zernahi lege ezarri zuen alargunen, umexurtxen, kanpotiarren alde.
Jainkoarekilako elkargoa bizi-arau, fededunak ohartzen dira Jaunak barne barnetik aldatzen
dituela.“Gosetueri harek ogi“, gorputzak behar duen ogia… bainan bihotzak duen goseari, Jaunak
bere hitzaren mamia du emaiten. „Itsutueri Jaunak begi“: zenbat itsutasun, ez begienak, bainan
bertzelakoak. „Gakotueri Jaunak argi“ zenbat gako, eta zenbat lokarri, urguluarenak, herrarenak,
jeloskeriarenak, eta Jainkoak beren lotura guzietarik libratzen dituela aitortzen dute fededunek.
Azken ohar bat : Bibliak dio Jainkoaren itxurarat eginak girela. Nola ? Hemen dugu
erantzuna : dohakabea laguntzen dugun aldi oroz, dela itsu, elkor, mutu, preso, kanpotiar,
Jainkoaren itxura gira, Jainkoaren eite dugu. Behin katixima egile batek kondatu zuen nola Jesusek
ogiak aniztu zituen eta galdegin zuen : « Zergatik ez du orai gauza bera egiten, gose direnek jan
dezaten ? » Errepostua berak eman zuen : “Guri da orai horren egitea.”
Bigarren irakurgaia
( Zeruko apezgoa )
Hebrearreri epixtolatik 9, 24-28
24 Kristo ez zen sartu giza eskuz eginikako saindutegian,
egiazkoaren iduri baizik ez zen saindutegian,
bainan sartu zen zeruan berean,
orain Jainkoaren aitzinean gure alde agertzeko.
25 Ez eta behin eta berriz bere burua opari eskaintzeko,
apez nagusia berea ez duen odolarekin
saindutegian urte oroz sartzen den bezala.
26 Bestela, Pasionea sofritu behar izanen zuen askotan,
munduaren hastapenetik gaur arte.
Bainan ez, Kristo behin bakarrik agertu da orai,
azkenak diren garai hauetan,
bere buruaren opariaz bekatuaren ezeztatzeko.
27 Eta, gizakiak behin bakarrik hil behar duela,
eta gero jujatua izan, erabakia den bezala,
28 berdin Kristo ere : behin bakarrik bere burua opari eskaini du,
guzien bekatuen kentzeko,
eta gero bigarren aldikotz agertuko da, ez bekatuarengatik,
bainan haren beha daudenen salbatzeko.
Hebrearreri epixtolaren idazlea judu kristau bilakatueri mintzo da. Kristauen pratikan ez da ez
tenplorik, ez opari odoltsurik. Jainkoak holakorik nahi ote du egiazki ? Gure idazleak Juduen erlisioneko
egintza guziak hartzen ditu, bat bertzearen ondotik eta baliogabekoak direla erakusten.
Hemen Tenploaz, saindutegi deituaz da mintzo. Dio, egiazko saindutegia, Jainkoa bizi den hura,
gizonek eginikako tenplotik berexi behar dela. Jerusalemgo tenploaren lehen eraikitzaleak, Salomon
erregeak, zion: « Bainan egia ote da, Jainkoa lurrean biziko dela ? Zeru eta ortziaren zabalak ez zaitu
ohatzen ahal, eta nik eraiki dauzutan tenplu hunek oha ote zaitzake? » (1Erg 8,27) Girixtinoentzat,
egiazko tenploa, Jainkoa dagon lekua, ez da etxe bat: Jesu Kristoren gizon egiteak denak aldatu ditu. Bertze
molde batean, Jondoni Joanik hori erraiten du bere ebanjelioan : Juduen Bazko besta aitzin, bere
dizipuluekin joan eta, Jesusek haizatu zituen tenploan ziren kabala saltzaile eta diru-trukalari guziak. Joanik
erran nahi du denbora guti barne, horiek denak debaldetakoak izanen direla.
Orduan eztabada bat hasi zen Jesus eta Juduen artean. Juduek galdegin zioten : « Zer seinale
emaiten daukuzu horren egiteko eskua baduzula ? » Jesusek ihardetsi : « Suntsi zazue tenplu hau eta hiru
egun barne berriz eraikiko dut. » Gero, Jesus piztu zelarik, dizipuluek ulertu zuten : « Hura, ordea, bere
gorputzaren tenploaz ari zen. » Hebrearreri epixtola hunek gauza bera dio: Jesu Kristori xertatuak izan
gaitezen, haren gorputzez haziak. Hura, behin betikotz egiazko saindutegian sartu da eta « Jainkoaren
aitzinean dago ». « Kristo ez zen sartu giza eskuz eginikako saindutegian, egiazkoaren iduri baizik ez zen
saindutegian, bainan sartu zen zeruan berean, orain Jainkoaren aitzinean gure alde agertzeko. »
Nola sartu da ? Bere heriotzeaz. Egungo irakurgaia Kristoren Pasioneaz eta Haren opariaz da
mintzo, bertze xehetasunik gabe. Kristoren oparia eta urtero Izraelgo apez nagusiak eskaintzen zuena
“Kipur” egun bat bertzearen kontra ezartzen ditu. Kipur egun hartan, apez nagusia bakarrik sartzen zen
Tenploko barne sainduenean : izen sakratua erabiliz (YHWH) , zezen baten odola (bere bekatuentzat) eta
aker batena (herriaren bekatuentzat) ixuriz, Jainkoarekilako Elkargoa erreberritzen zuen ospe haunditan.
Apez nagusia toki saindu saindutik ateratzean, bekatuak barkatuak zirela bazakiten jendeek. Bainan urte
guziz berriz hasi behar zen. Aldiz, Jesu Kristori esker, harek Aitarekin egin Elkargoa ezin hobea eta betikoa
da : Kristoren aurpegian, gurutze gainean, Jainkoaren egiazko aurpegia, beti maitatzen gaituen Jainkoarena
dute fededunek aurkitu. Jainkoa Aita dela badakite, Kristoren Aita den bezala; Jainkoak egin Elkargoa bihotz
guziaz dute orai bizitzen ahal. Hori da Kristok egin Elkargo Berria. Hartaz da erraiten ahal Jesus « heldu den
zorionaren apez nagusia dela ».
Beraz, ez gaitezen Jainkoaren jujamenduaz beldur izan. Sinesten eta aitortzen dugu « Jesus bizien eta
hilen jujatzerat etorriko dela » bainan Kristori esker, badakigu jujamendua salbamendu dela: « behin
bakarrik bere burua opari eskaini du, guzien bekatuen kentzeko, eta gero bigarren aldikotz agertuko da, ez
bekatuarengatik, bainan haren beha daudenen salbatzeko. »
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Dohatsu bihotz barnez behartsu direnak,
heiena baita zeruetako Erresuma.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 12,38-44
Jesusek, bere irakastaldian, erraiten zion jendeari:
28 “ Begira zaitezte lege-irakasleetarik :
gogoko dute jantzi ederretan ibiltzea,
eta plazetan jendearen agurrak hartzea;
39 gogoko dituzte zinagogetan lehen alkiak,
eta apairuetan ohorezko lekuak.
40 Alargunen ontasunak iresten dituzte,
eta otoitz luzeak egiten, agertzeko:
holakoek kondenamendu zorrotzagoa izanen dute.
41 Jesus Tenpluko dirutegiaren aitzinean jarririk zagon,
jendeari beha, dirua nola botatzen zuten kutxarat.
Aberats ainitzek ausarki emaiten zuten.
42 Etorri zen ere emazte alargun behartsu bat,
eta bi sos bota zituen, huskeria bat.
43 Bere dizipuluak deiturik, Jesusek erran zioten:
“ Egiaz diozuet: alargun behartsu horrek
beste guziek baino gehiago bota du kutxarat.
44 Zeren, beste guziek sobera dutenetik eman dute;
horrek, aldiz, bere eskasiatik,
dena eman du, bizitzeko zaukan guzia.”
« Begira zaitezte .. » Hitz harrigarriak Jesusen ahotik! San Marken ebanjelioaren azkenean Jesusek
bere dizipulueri azken kontseiluak emaiten diozkate. Lehentxago erran zioten: Sinetsazue Jainkoa!
(11,22)…otoitzean eskatzen duzuen guzia, sinetsazue ukana duzuela, eta ardietsiko duzue. » Geroxago
aholku hau berriz ere : « Kasu nehork ez zaitzaten errebela! » (13,5) edo bertzela erraiteko: « zuen
konfiantxa nornahiri ez eman », lege-gizon batzuez mintzatuz. Bainan ez du Jesusek lege-gizon guzien auzia
egin nahi.
Jesusen denboran, Jainkoaren Legean trebe zirenek fama haundia zuten eta orokorki merexitua. Nor
ziren? Moisen Legea ikastetxe berezietan ikasi zuten laiko batzu. Liburu Sainduen argitzeko eskubidea
bazuten bai eta predikatzeko. Heietik hoberenak « Lege-irakasle » deitzen ziren. Heien alderako errespetua
Legearen alderakoa zen egiazki. Ben Siraken liburuak haundizki ospatzen ditu: Lege-irakslea« goi-goikoaren
Legea hausnartzeari emana, lehengo zaharren zuhurtzia miatzen eta bere astialdiak profeziak ikertzen
emaiten dituena … Erran zaharren erran-nahi gordea ikertzen du, zuhurtziazko erranen enigmak erabiltzen
ditu gogoan » (Si 39,1,3) Bainan batzu errexki urgulutan sartzen ziren : zinagogetan lehen alkiak heientzat
ziren.
Jesus arras libreki mintzo da heieri buruz. Behin heietarik bat goretsi zuen; Markek dio: « Zuhurki
ihardetsi zuela ikusirik, Jesusek erran zion : Ez zira Jainkoaren erresumatik urrun. » (12,34) Hemen aldiz,
iduri du orokorki erasotzen dituela. Batzuek hain dute Jesus kitzikatu, beren jeloskeria agertuz. Heien
jeloskeria herra bilakatu da eta Jesusen hiltzeko asmotan dira. Saltzaileak tenplotik haizatu zituelarik
« apezburu eta lege-irakasleak Jesus nola hil zabiltzan. Alabainan haren beldur ziren, jende guzia xoratua
baitzaukan haren irakaspenak .» (11-18)
Hastio dutela, Jesus ongi ohartzen da, bainan ez ditu hortaz erasiatzen. Harentzat, bada gaitz
haundiagokorik : beren karguaz baliatzeaz ditu erasiatzen : « Alargunen ontasunak iresten dituzte eta otoitz
luzeak egiten, agertzeko: holakoak kondenamendu zorrotzagoa izanen dute. » Hitz gogorra, profeten
idurikoa.
Eta huna nun alargun bat heldu den , bere oparia eskaintzeko. Itxura guzien arabera, pobrea da eta
Markek hiru aldiz erraiten du : « behartsu bat, alargun behartsu; bere eskasiatik dena eman du. » Egiaz
hola zen, emazte alargunek ez zuten beren senarraren ondarea eskuratzen eta beren bizia bertzeen
laguntzaren menturan zuten. Emazte alarguna hurbiltzen da bada; doi doia bi sos emaiten ditu eta hura du
Jesusek etsenplutako emaiten bere dizipulueri : « Egiaz diozuet: alargun behartsu horrek beste guziek baino
gehiago bota du kutxarat. Zeren beste guziek sobera dutenetik eman dute; horrek, aldiz, bere eskasiatik,
dena eman du, bizitzeko zaukan guzia .» Ebanjelioak ez du bertzerik erraiten bainan Jesusen gogoetak
konfiantxa saritua izanen dela segurtatzen du… Igande huntako lehen irakurgaiari hurbiltzea argigarri dugu:
Sareptako alargunak Eliri azken opila eman zuen bezala, Tenploko alargunak bere azken sosa eman du.
Jainkoari egiten dion konfiantxa horraraino doa, arrisku guziak hartu arte, dena osoki eman arte. Hori ez ote
da etsenplu bat guretzat ere ?