Urteko 32. Igandea B 2021-11-07
HOMILIA

Anai-arrebok!

Egiaz, mezu miresgarria dakarkigute gaur bi irakurgaiek, lehenak eta ebanjelioak. Mezu miresgarria eta imitatzekoa. Hain erraza ez bada ere.

Lehen irakurgaian, ez dakit zein den protagonista: Elias profeta ala Elias etxean onartu duen emakume alargun pobrea. Biak ere miresgarri.

Elias profeta, K.a. 850. urte inguruan bizi izan zen, Iparraldeko Erreinuan. Esan bezala, Elias Iparraldekoan izan zen profeta.

Lan gogorra egokitu zitzaion Eliasi. Israel herriaren apostasia handiaren aldia zen. Akab erregea, Jezabel paganoarekin ezkondu zen. Eta erregina hau eginahal guztiaz saiatu zen Israel herrian Baal jainkoaren erlijioa sartzen.

Azkenean, Eliasek ihes egin behar izan zuen, eta Siriara jo zuen. Lehorte handia jasaten ari ziren. Eta etsirik, bere eta bere semearen azkena prestatzen ari zen emakume alargun batekin topo egin zuen.

Emakumea, paganoa izan arren, fede ikusgarria zuen Jainkoagan. Eta Eliasengan Jainkoaren gizon bat ikusi zuen. Eta konfiantza guztia eskaini zion: beretzat eta semearentzat prestatzen ari zen apurra eman zion Eliasi. Konfiantza hori ugari eta erruz bedeinkatu zuen Jainkoak, Elias profeta bitarteko zela.

Ebanjelioan kontraste bat ageri da: lege-maisuen eta emakume alargun pobre baten arteko kontrastea. Jesusek esan die ikasleei: kontuz lege-maisuekin: harroputz eta boteretsu ageri dira. Bestetik, ordea, Jesusek berak emakume alargun bat ikusi du tenpluko diru-kutxara berekin duen guztia botatzen.

Berehala, ikasleei dei egin, eta etsenplutzat eta eredutzat azaldu die emakume horren fedezko eskaintza. Aldi berean, aste horretan berean berak egingo duen eskaintza handiaren sinbolotzat eman digu Jesusek emakume horren eskaintza: emakumeak daukan zerbait eskaini du; Jesusek bere bizia eskaini du.

Senideok, mundu honetako gauzei ez atxikitzearen, ez lotzearen, ez eranstearen mezua dakarkigute bi irakurgaiek. Hondo-hondoan, libre eta aske izatearen mezua. Hobeto esan da, Jainkoagan konfiantza izateko mezua.

Alde honetatik, aski ezaguna den, baina aldi berean ziragarria den gure egunetako egintza handi bat aipatu nahi nuke: aske eta libre eta Jainkoaganako konfiantzaz jokatzearen etsenplu bat. Gure egunetakoa.

Munduko bigarren gerratean, poloniar emakume batek judu mutiko bat hartu eta hazi zuen, nazi hiltzaile makurren eskuetatik libratuz. Gerratea bukatzean, kezka sortu zitzaion. Mutikoaren gurasoak kontzentrazio-esparruan hil zituzten naziek, baina hil aurretik azaldu zuten beren seme hura Israel herrian ikusi nahi zutela. Horrek eragin zion kezka emakumeari: zer egin, Israeldarren esku jarri maite zuen mutikoa ala berekin gorde? Herriko erretoreagana jo zuen.

Behin batean, Israel herriko Rabino Handi bat bisitan joan zitzaion Joan Paulo II.a aita santuari. Eta kontatu zion: poloniar emakume hura zugana joan zen aholku esku, zu zinen erretore hura; zuk esan zenion, gauza guztien gainetik, gurasoen gogoa bete behar zuela; mutiko hura ni neu naiz.

Bai Joan Paulo II.ak, herriko erretore zenean, bai mutiko judua maite zuen emakumeak, askatasun handia azaldu zuten; lotura, atxikipena… hausteko gai izan ziren. Azken batean, gaurko bi irakurgaietako emakumeen atzera, Jesusen antzera, eskaintza handi bat egin zuten: maite eta maitagarri zuten mutikoa berekin gorde ordez, gurasoen borondatea bete; azken batean, Jainkoaren borondatea bete, egoismoari uko eginez.

Jesusen Espirituak eman diezagula argia eta konfiantza, Jainkoari, Jainkoaren gogoari loturik bizitzeko. Ezagutu nuen ama bat. Gerlan seme gaztea erail zioten. Aita asaldaturik, eta amak aitari: «Ez zen gurea». Aitak: «Gurea ez zela?» Amak: «Ez. Jainkoa emana genuen. Jainkoak eraman du berekin». Andre Mariak ere agertu zuen argirik eta konfiantzarik, Jesus gurutzean ikusi eta Jainkoari «bai» esan zionean.

Dionisio Amundarain