Santu Guztiak 2020-11-01
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko lehen irakurgaia jende-multzo handi batez mintzo zaigu: zeruko Aitaren etxera iristen ari dira, bizitzan sufrimendu handia jasan ondoren. Marka bat dute guztiek bekokian: Jainkoaren marka.
Gaurko jaia eta biharkoa, batak bestea osatzen duten jaiak dira. Santuen Komunioa edo Elkartasuna esan ohi duguna osatzen dute. Oroitzapena, solidaritatea elkartasuna adierazten dute, mundu honetatik jada joanak direnen eta oraino mundu honetan jarraitzen dugunon arteko elkartasuna, elkartasun misteriozkoa, baina benetako elkartasuna fededunontzat: oroitzapena eta solidaritatea.
Solidaritate hau, komunio hau, elkartasun hau maitasunean oinarritzen da. «Jainkoak bere maitasuna isuri du gure bihotzean, eman digun Espiritu Santuaren bidez» (Erm 5,5). Jainkoaren beraren maitasuna bizi dugu guk geuk eta zeruko guztiek. Maitasun horrek guztion elkarrekiko maitasuna eragiten du. Hona nola deskribatzen duen San Joan Krisostomok elkartasun hau: «Maitasunak lagun hurkoa beste zu bat bezala aurkezten digu; haren ondasunez poztera eragiten dizu zureak izango balira bezala eta haren atsekabeak jasatera zureak izango balira bezala. Maitasunak kopuru handi bat gorputz bakar batera biltzera eragiten digu, eta guztien arimak Espiritu Santuaren beste hainbat bizileku bihurtzen ditu… Maitasunak ondasun guztiak komun egitera bultzatzen gaitu» (De perfecta caritate, PG 56, 281). Akinoko Tomas santuak berriz hona zer dion: «Ez zaizkigu ematen Kristoren nekaldiko eta bizitzako merezimenduak bakarrik, baizik eta santu guztiek onik egin duten guztia ematen zaie maitasunean bizi direnei, guztiak bat direlako. Horrela, maitasunean bizi denak munduan egiten den on guztian esku hartzen du».
Dei berezi bat dugu jai hau, santutasunerako bidean urrats sendoago bat egin dezagun. San Joan Paulo II.ak santutasunaren definizio hau utzi zigun:
«Santutasunerako bidean, Jesu Kristo dugu geure erreferentzia eta eredu imitagarria: Kristo “Jainkoaren Santua” da, eta halakotzat aitortua izan da (ik. Mk 2,24). Kristok berak erakutsi eta irakatsi digu santutasunaren giharra maitasuna dela, besteengatik bizia ematea ere eskatzen digun maitasuna (ik. Jn 15,13). Horregatik, Jainkoaren santutasuna imitatzea, Jesu Kristogan agertu zaigun bezala, ez da mundu honetan Kristoren maitasuna luzatzea baizik, bereziki pobreei, gaixoei eta eskekoei dagokienez (ik. Lk 10,25 eta hur.)» (Ecclesia in America, No. 30).
Beraz, santutasuna, maitasunaren munduan murgiltzea da. Kontua ez da itxitura batean sartu eta sakrifizio handiak egitea. Gaur beneratzen ditugun santuak zauriz beterik agertu dira Jainkoaren aurrean; ez, ordea, nork bere buruari sakrifizio handiak ezarritako zauriez; baizik eta maitasunaren dinamismoak edo indarrak eragin dizkietenez.
Jende batek esan ohi digu, betiko zorionaz hitz egitearekin, jendea lokartu egiten dugula mundu honetan; sufrimenean etsipenez bizitzera eragiten diogula jendeari, etsirik bizitzera eragiten diogula.
Ez da hori Ebanjelioaren aurpegia. Ez da hori kristautasunaren aurpegia. Zenbat eta gehiago maitatu Jainkoa, zenbat eta esperantza handiagoa izan zeruko zorionean, orduan eta indar handiagoz sumatzen dugu mundu honetako sufrimena desegin beharra. Joan Paulo II.ak esan digun bezala, orduan eta indar handiagoa sumatzen dugu pobreen eta gaixoen eta eskekoen zori txarra eragiten duten kausak desegin beharra. Azken batean, su horixe bizi zuen Kristok, su horixe bera bizi izan zuten gaur zeruan daudenek. Su horixe bera bizitzera eragiten digu Santu Guztien Jaia ospatzeak.
Senideok, geure konfiantza Kristogan jartzeko okasio berezia dugu gaurkoa. Jainkoaren egundoko errukia gogora ekartzeko okasioa dugu. San Agustinek idatzi zuena, jakinaren gainean bizitzeko okasioa dugu: «Jauna, gure bihotza larri dago eta ez du atsedenik izango zugan atseden hartu arte».
Dionisio Amundarain