URTEKO HOGEITA ZORTZIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Zuhurtziaren aberastasunak )

Zuhurtzia liburutik 7, 7-11

7 Otoitz egin dut, eta adimendua emana izan zait.
Eskatu dut, eta zuhurtziazko izpiritua etorri zait.
8 Errege-makil eta alkiak baino nahiago izan dut;
haren aldean aberastasuna ezdeusentzat hartu dut.
9 Harribitxi preziatuenarekin ez dut parekatu;
munduko urre guzia , haren aldean, legar-izpi bat besterik ez da,
eta zilarra , haren aitzinean, lohiaren pareko.
10 Osagarria eta edertasuna baino maiteago izan dut;
argia baino nahiago izan dut, haren distira ez baita nehoiz itzaltzen.
11 Harekin etorri zaizkit ontasun guziak,
eta haren eskuetarik ezin kondatuzko aberastasunak.

Edozoin filosofo greko fedegabek sina lezazke lerro hauek : adimenduaren eta bereziki
bihotzaren aberastasunek mundu guziko urrea baino gehiago balio dutela.
Bainan idazki hunek, lerro artetan, beste zerbait erraiten dauku. J.K. aitzineko lehen mende
erditsutan idatzia izan da, 1000 urte lehenago errege izan zen Salomon erregea bera mintzarazten
badu ere.
Salomon errege gazteak ez zuen oraino Jerusalemeko tenploa eraikia. Bere erregetzako
lehen ekitaldia Gabaoneko saindutegian ospatu zuen, hura baitzen erresumako kultu-leku nagusia.
Bibliaren arabera ” Gau batez Jauna agertu zitzaion, eta erran zion : Emadazu adimendu argia
zeure herriaren gobernatzeko, eta ona tzarretik berexteko. Bestela nork nola goberna lezake zure
herri handi hau.” Galde hori Jaunari gustatu zitzaion, eta Salomoni erran zion : ” Hori eskatu
dautazulakotz eta ez urte asko zeuretzat, ez aberastasuna edo zeure etsaien heriotzea, zuzen
gobernatzeko adimendua eskatu dautazulakotz, galdegina emanen dauzut…Gainera eskatu ez
duzuna emanen dauzut : aberastasuna eta ospea, nihungo erregek ukan ez duen neurrian.” (1 Erg
3, 5-13)
Mila urte geroago Zuhurtzia liburuaren idazleak bere denborako gobernarieri oroitarazten
diote zuhurtzia ez dela sortzezkoa, Jainkoari galdegin behar zaiola. Gehiago oraino : herrialde
anitzetan erregea jainkotzen baitzuten, hala nola erromanoen inperadorea, Zuhurtzia liburuaren
arabera, Salomon errege ospetsua gizon xoil bat zen, berak hala aitortzen duela : ” Ni ere gizon
hilkorra naiz, besteak bezala, buztinaz eratu lehen gizonaren ondokoa …Nik ere, sortu ondoan ,
denen airea hatsartu dut,…nere lehen oihua denena izan da : nigarra …Denentzat bide bat baizik ez
da munduan sartzeko eta hantik ateratzeko.” (Zu 7, 1-6) Hots, erregeak gizon hilkor batzu baizik ez
dira. Eta bi : zuhurtzia oro Jainkoaganik dator. Hori, guretzat, bixtan dena da; bainan ez zen hala
duela 2000 urte.
Zuhurtzia liburua urrunago doa oraino. Zuhurtzia ez da erregeeri bakarrik emaiten zaioten
dohaina. Edozoinek ardiets dezake otoitz kartsuan Jainkoari eskatzen badio : ” Mendeetan barna,
jende sainduaren baitan sartzen da, eta Jainkoaren adixkide eta profeta egiten ditu.” (Zu 7, 27).
Salomonen zuhurtziaren partekatzera gomitatuak gira denak.

Salmoa 89

Leloa : Guretzat izan amodio, dugun bizian bozkario.

Gure egunez erakuts guri zer diozun,
Gaiten gogotik zuhurtziarat hel, zu lagun.
Gu ganat itzul: noiz arte, Jauna, zaude urrun?
Zure direnez urrikaldurik, otoi, entzun.
Bihotz beteka goizetik ixur amodio,
Goiz arrats dugun bai kantu eta bozkario.
Jasan egun beltz bezenbat eman egun goxo,
Zorigaitz urte bezenbat orai bake oso.
Zureen baitan ager dadila zuk egina,
Heien semetan zure osperik argiena.
Gure gainean bego Jaunaren bihotz ona:
Zuk lagun zazu gure eskuek egin lana.

Barkamen ospakizun bateko salmoa daiteke, Jerusalemeko tenpluan : ” Gu ganat itzul : noiz
arte, Jauna, zaude urrun ?” Herria Babilonen preso egona da mende erdi batez (6. mendean).
Handik itzulia da, bainan zenbat lan egiteko (hiriaren parte bat lurrean da), etsaien artean
(armaturik) arizan behar dute lanean. Denen ustea da gaitz horiek guziak beren bekatuengatik jasan
behar ukan dituztela. Jaunari galdegiten diote zigor hori urrunt dezan, aski badutela sofriturik,
bakearen eta goxotasunaren tenorea dela : ” Jasan egun beltz bezenbat eman egun goxo, zorigaitz
urte bezenbat orai bake oso.”
Zoriona nun aurkituko du Izraelek zuhurtzian ez bada : ” Gure egunez erakuts guri zer
diozun, gaiten gogotik zuhurtziarat hel, zu lagun.” Zorionaren gakoa zuhurtzia izan zen
salomonentzat. Salomonek konprenitu zuen zuhurtzia Jainkoaren aitzinean xutik bainan apal
egoitea dela, ametsetako handikeria zoroak bazterrerat utzirik. Norberak bere izaria hartu duenean,
orduan daiteke zoriontsu izan, orduan goza dezake Jainkoa ganikako bozkarioa : ” Bihotz beteka
goizetik ixur amodio, goiz arrats dugun bai kantu eta bozkario.”
Salmo hunen azken lerroa biziki ederra da : ” Zuk lagunt zazu gure eskuek egin lana.” Lan
hori izan daiteke Izraeldarrek egin behar ukan zutena, atzerritik itzuli zirenean, erran nahi baita
Jerusaleme hiriaren berreraikitzea. Bainan ikuspegia zabal daiteke : gizakiak Jainkoarekin eskuz
esku deraman bizia. Gizakia Jainkoaren lankide. Gizakia Jainkoaren beharretan, eta Jainkoa
gizakiaren. Jainkoaren umiltasuna. Gizakiaren handitasuna.

Bigarren irakurgaia

( Bizi da, Jainkoaren Hitza )

Hebrearreri epixtolatik 4,12-13

12 Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
bi ahoko ezpata baino zorrotzagoa ;
arima eta izpiritua berexteraino sartzen da,
presunaren zokorik gordeeneraino,
eta barneko pentsamendu eta asmo guziak ikertzen ditu.
13 Ez da munduan deus ikus ez dezakeenik,
haren aitzinean dena biluzirik eta agerian dago haren begietan;
hari konduak eman beharko diozkagu.

Jainkoaren hitza : ezpata zorrotza. Bibliaren lehen lerroetan beretan ikusten dugu ezpata hori
mozten eta berexten ari: Jainkoak zeru-lurrak kreatu zituelarik, Biblian irakurtzen dugu : ” Jainkoak
erran (=hitza) zuen : ” Izan bedi argia…eta argia berexi zuen ilunbetarik …Erran zuen : izan bedi
ortzia…eta gaineko eta behereko urak berexi zituen. Hots, kreatzea eta moztea, berextea gauza bera
da Bibliako pasarte batzutan. Ez da beraz harritzeko ezpata Jainkoaren hitzaren irudi egina izan
baita.
Euskal Herriko eliza anitzetako aldare-gainetan bi itxura handi ikusten dira : alde batetik
jondoni Petri, gakoak eskutan, eta bestetik jondoni Paulo ezpata batekin. Jondoni Paulori ezpata
eman zaio ezaugarri, hura izan baita Elizaren historian predikarietan famatuena, Jainkoaren hitz
xorrotxaren hedatzaileetan handiena. Jainkoaren hitz libratzailea ezpata bat bezala da, gure bizitik
mozteko eta kentzeko preso atxikitzen gaituen esteka oro. Izraelen historia guzian profetak izan
ziren ezpata xorrotxak. Herrian alha ziren min gaixto guzien kentzera entseatu ziren.:
zuzengabekeria, dirugosea, boterearen gehiegikeriak, eta oroz gainetik gaitzik hilgarriena : idolatria.
Jesus bide beretik doa : Jainkoaren hitzak ditu berexten argia eta ilunpea, salbatzea eta
galtzea : “Huntan da kondenamendua : argia mundurat etorri da, bainan jendeek ilunpea maiteago
ukan dute argia baino…Alabainan gaizkia egiten duenak hastio du argia.” Gure bizian hautua egin
behar, argiaren eta ilunpearen artean hautsi behar.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Dohatsu bihotz barnez behartsuak,
Heiena baita zeruetako Erresuma!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10,17-30

17 Jesus bidean abiatzera zoala, norbait etorri zitzaion lasterka,
eta aitzinean belaunikaturik galdatu zion:
“ Jaun irakasle ona, zer egin behar dut
betiereko bizia ondarez ukaiteko?”
18 Jesusek erran zion:
“ Zergatik erraiten dautazu ona ?
Nehor ez da ona, Jainkoa baizik.
19 Badazkitzu manamenduak:
Ez nehor hil, ez egin adulteriorik, ez ebats,
ez egin gezurrezko lekukotasunik,
ez egin kalterik, zure aitamak ohora.”
20 Harek, orduan:
“ Irakasle jauna, horiek oro begiratu ditut gazte-gaztedanik.”
21 Jesusek behatu zion, eta maitatzen hasi.
Erran zion:
“ Gauza bat bakarra duzu eskas:
Zoazi, ditutzun guziak sal eta eman behartsueri,
eta altxorra izanen duzu zeruan;
gero zato eta jarraik neri.”
22 Hitz horiek entzutean, ilundu zen gizona,
eta atsegabeturik joan, ontasun handien jabe baitzen.
23 Orduan, Jesusek, ingurura behatuz, erran zioten dizipulueri:
“ Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!”
24 Hitz horiek harriturik utzi zituzten dizipuluak.
Bainan Jesusek berriz ere:
“ Ene haurrak, bai neke dela Jainkoaren erreinuan sartzea!
25 Kamelua orratzaren begitik pasatzea errexago da,
aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.”
26 Dizipuluek, are gehiago harriturik, elkarri zioten:
“ Nor salba daiteke, orduan?”
27 Heieri behatuz, Jesusek berriz:
“ Gizakiarentzat ezinezkoa da,
bainan Jainkoarentzat ez, denak baitezazke Jainkoak.”
28 Orduan Petri hasi zitzaion Jesusi erraiten:
“ Hara: guk denak utzi ditugu zuri jarraikitzeko.”
29 Jesusek erran zuen:
30 “ Egiaz diozuet: nigatik eta Ebanjelioagatik
etxea, anaiak, arrebak, ama, aita,haurrak edo lurrak uzten dituenak,
ehunetan gehiago ukanen du orai , mundu huntan berean:
etxe, anaia, arreba, ama, haur eta lur, pertsekuzioneekin batean,
eta datorren munduan, betiereko bizia.”

Horra norbait Jesusi galdeka zer behar duen egin “betiereko biziaren ukaiteko”, erran nahi
baita “irabazteko”. Diruduna da. Badaki lur huntako gauzen prezioa. Bainan betiereko biziaren
irabazteaz dudak baditu. Jesusen errepostua berez heldu da : Jainkoaren manamenduak begiratu.
Bainan gizon harek horiek begiratu ditu betidanik. Bere baitan egiten duke Jesusek goretsiko duela.
Bainan, beharbada, sumatzen ere du, zalantza batean bezala, manamenduen begiratzea ez dela aski.
Eta hain zuzen Jesus hortik lotzen zaio. Erakusten dio betiereko bizia ez dela “irabazten”, berehala
eta betiko denak utzi eta hari jarraikitzean dela.
Jesusek, gizon hori, minbera den lekuan hunkitzen du. Ixileko esteka argitarat ateratzen dio
: Jesusi jarraikitzeko ez da libre. Aberastasunek berendua dute. Dirua mutil ona bainan nausi tzarra.
Dizipuluak harrituak dira Jesusen solasetaz. Juduen tradizionean aberastasuna Jainkoaren
fagore bat da. Bainan Jesus ez da hortarik ari : “Kamelua orratzaren begitik pasatzea errexago,
aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.” Hori, ardura aberastasuna baita gure jabe, bihotza
gogortzen baitauku eta besteekin partekatzera ez uzten, guhaurenaz aski dugula eta ez dugula
bestetarik deuseren beharrik pentsarazten baitauku. Hots, aberastasunak jendea hesten du bai
Jainkoari bai aldeko lagunari.
Aberatsen kontrako hitza gogorra du Jesusek, bainan ez diote atea hesten. Apostoluen
galdeari : “Nor salba daiteke orduan ?” Jesusek berehala : “gizakiarentzat ezinezkoa da, bainan
Jainkoarentzat ez…” Harek aberatsari bihotza alda dezoke. Beste mail batera pasatuz, aberatsak bere
gogotik kenduko duelarik salbamendua ez dela “irabazten”, “mereximenduak” metatuz, baizik
Jainkoak urririk eman salbamenduari ongi etorri egin behar zaiola, eskerrak bihurtuz, orduan
aberatsa libre izanen da bere ontasunen lokarri guzietarik, orduan izanen da salbatua.