URTEKO 26. IGANDEA B (2021-09-26)

SARRERA

Senideok, Urteko 26garren igandea ospatzen dugu gaur. Markos ebanjelariak esaten digunez, Jesusen ikasleek berentzat nahi dute monopolioa: mirariena, egiarena, ongiarena, fedearena, salbazioarena, baita Jainkoarena bera ere. Izan ere, beren taldekoa ez den bat ikusi dute Jesusen izenean hitz egiten. Eta ikasleek ezin hori onartu. Dena berek antolatu eta erabaki nahi. Horren azpian, nagusi izatea eta pribilegioen jabetza daude. Eta ez gizakiaren zerbitzari izatea eta haren salbazioa. Zoritxarrez, ez da hori ordukoa bakarrik; gaur egun ere, Eliza katolikoan, eliza protestante eta ortodoxoetan, beste erlijioetan, sektetan, badira horrelako jarrera eta jokabideak.
Jesus, bestalde, eskandaluaz ere mintzo zaigu gaur. Beste bati okerrera eragitea da eskandalua. Oso larritzat eman du Jesusek eskandalua.
Eta gaur eskandalurik handiena, hainbeste jende goseak egotea dugu. Hainbeste jendek etxea eta herria utzi beharra. Nora jo jakin gabe. Oso erraza da errua halako musulman-talde bati botatzea. Baina, adibidez, denbora berean talde horri armak salduz negozioa egin nahi izanez.

LEHEN IRAKURGAIA Zenbakiak izeneko liburutik (11,25-29)

Zenbakiak liburuko gaurko testuak gaurko ebanjelioaren antzeko mezua dakarkigu. Bi lagun ez dira joan Moises buru den bilerara; halere, profeta-lana egiten ari dira herrian, hau da, Jainkoaren izenean predikatzen. Moisesen adiskide min batek, Israel herrian Moisesen ondorengo izango denak, Josuek, ezin jasan du hori, eta bi haiek isilarazteko eskatu dio Moisesi.
Moisesek lehor erantzun dio: Nahiago nuke herritar guztiak profeta balira.
Okerkeria, senideok, ez dago pertsona batek hitz egin nahi izatean, liderra izan nahi izatean; ezer ez egitean dago okerkeria, bila ez ibiltzean.

BIGARREN IRAKURGAIA Santiagoren gutunetik (5,1-6)

Entzungo dugun Santiagoren pasartean, Jesusen ildoari jarraitzen dio idazleak: aberatsen gainera etorria den zoritxarraz mintzo da.
Lehenengo zatian esaten du, epaia emana dagoela aberatsen kontra; ondasun galkor hauek beste aberastasunik ez duten horien kontra. Ondasun galkor horiek gizartean ematen dieten izen handia, fama, atsegina, indarra dute amesten. Segurantza emango diela uste izan duten hura, ordea, engainagarri ageri da orain; ustelkeria nagusitu zaie. Nahiago izan dute ondasunak suntsitu, premian direnei lagundu baino. Bihotz-gogorkeria hau dute orain beren hondamenaren arrazoia.
Bigarren zatian idazleak dio, injustizia zerura deika ari dela. Aberats horiek eskrupulorik gabeko egoista dira; ez dira arduratzen zuzenbideaz; beren ondasunak handitzea dute gogo bakarra, eta bizitzan gozatzea. Bost axola zaie pobreen eta langileen premia. Horregatik, honela mintzo da Santiago: aberats horien jarduera igaro da, jaso dute epaia.

EBANJELIOA san Markosen liburutik (9,3-42.44)

Gaurko ebanjelioaren mezua Jesusen esaldi honek biltzen du: «Gure kontra ez dagoena, gure alde dago». Elizaren historian, eta gaur egun ere, jende askok duen jarreraren kontra, Jesusek bere aldekotzat jotzen ditu gizadiaren onerako ari direnak, Jesus bera ezagutzen ez badute ere.
Horregatik, norbait gure eta Elizaren aurka ari bada ere, ez genuke sekula inoren kontra egon behar, baldin eta gizadiaren alde ari bada.
Oso gogoan hartu beharko genuke hau: zenbat jende ez da ari munduan zuzentasunaren alde, nahiz ez aitortu bere burua kristau?, are gehiago, nahiz ateo dela esan?

HERRIAREN OTOITZA

1.-Gure elizetako arduradunen eta gidarien alde: beren erantzukizun animatzailea maitasunez ager dezaten; gainerakoen alde ari diren guztiei maitasunezko onarpena erakutsiz. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure gizarteko buruzagien alde: beren egitekoa, ebanjelioari gero eta lotuago bizi dezaten; munduan zuzenbidea eta bakea egiteari gero eta emanago bizi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ongiaren, zuzentasunaren eta bakearen alde lanean ari diren erlijio bateko eta besteko fededunen alde: beren lanean, guztiei emana den Jainkoaren Espiritua era finagoan eta beteagoan ager dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Pobreen alde, presoen alde: benetako laguntza eta zuzenbidea jaso ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.