ZERGATIK GARA AHAZTEN JESUSEZ? (Markos 9.30-37)
Urteko 25. igandea B 2021-09-19

Jerusalemerako bidean, ikasleei irakaspena ematen jarraitu du Jesusek, espero dion zoriaz. Beste behin esan die gizon-emakumeen esku utziko dutela eta hauek hilko, baina Jainkoak piztuko. Markosek dio «ezin ziotela ulertu baina beldurra ematen ziela galdetzeak». Ez da gauza zaila, hitz hauetan garai guztietako kristauen pobretasuna sumatzea. Ezin ulertu dugu Jesus, eta beldurra ematen digu haren mezuan sakontzeak.

Kafarnaumera iristean, Jesusek galdetu die: «Zein hika-mika zenuten bidean?». Eta ikasleak isilik. Lotsa dira. Markosek esaten digu, beren artean handiena zein ote zen zutela eztabaida, bidean. Benetan, lotsatzekoa da Gurutziltzatuko dutena halako ikasleez inguratua ikustea: halako handinahi zoroa bizi dutenez. Eta zein dugu gaur egun eztabaidagai Elizan, Jesusi jarraiki gabiltzala?

Etxera iristean, irakaspen bat eman nahi die Jesusek. Premiazkoa dute. Hona Jesusen lehen hitzak: «Lehena izan nahi duena, izan bedi guztien artean azkena eta guztien zerbitzaria». Jesusi jarraituz doan taldean, gailendu eta besteak baino handiago izan nahi duenak, azkena behar du izan, guztietan azkena; horrela ikusi ahal izango du zein premia duten, horrela izan ahalko da guztien zerbitzari.

Egiazko handitasuna zerbitzari izatean datza. Jesusentzat, lehena ez da garrantzizko kargua duen bat, baizik eta gainerakoen zerbitzari eta laguntzaile bizi dena. Lehenak, Elizan, ez dira hierarkak, baizik jende xume hori, bidean aurkitzen duenari lagunduz bizi den hori. Ez ginateke horretaz ahaztu behar.

Jesusen ustez, guztiak besteengan pentsatuz bizi diren pertsonen gune izan beharko luke Elizak. Gure behar handiena lukeen jendeari adi bizi garen elkarte. Ez da Jesusen ameskeria. Harentzat hain garrantzizkoa da hori, non etsenplu bizi bat emango baitie.

Eseri eta dei egin die ikasleei. Gero, haur bat hurbildu eta guztien artean ezarri du, arreta harengan ipin dezaten. Apostolutar Elizaren erdian haur horrek egon beharko luke beti, jende ahul eta ezinduaren sinbolo: sostengu, babes eta arreta-premia dutenen sinbolo. Ez luke egon behar kanpoan, Jesusen Elizaren atarian. Gure arretaren xede izan behar luke.

Ondoren, haurra besarkatu du Jesusek. Ikasleek hori beti gogoan izan dezaten nahi du: ahulekin bat eginik. Eta esan die: «Haur hau bezalako bat nire izenean onartzen duenak, ni neu onartzen nau, eta ni neu onartzen nauenak, ni neu bidali nauena onartzen du».

Begi-bistakoa da Jesusen irakaspena: Jainkoa onartzeko bidea, haren Seme Jesus onartzea da: jende xume, babesgabe, behartsu eta ezinduagan presente dagoen Jesus onartzea. Zergatik gara ahazten horretaz? Zer dugu Elizaren erdian, jada ez badago Jesus txiki direnekin bat egina?

Jose Antonio Pagola