San Joan Eudes, apaiza eta fundatzailea
Jaia: abuztuaren 19an

Joan Eudes Frantzian jaio zen 1601ean. Apaiztu ondoren parrokietan barna predikuari eman zion zenbait urtez. Gero, bi kongregazio erlijioso fundatu zituen: bata apaizgaien formaziorako; bestea beren bizitza erlijiosoa arriskuan zuten emakumeen zaintzarako. Asko sustatu zuen Bihotz bien, Jesusenaren eta Mariaren, debozioa. 1680an hil zen.

Orduen Liturgiako 2. irakurgaia
San Joan Eudesek Jesusen Bihotz Santuaz idatzirako Tratatutik
(Liburua 1, 5: Opera omnia 6, 107, 113-115)

Salbazioaren eta zinezko bizitzaren iturburua

Pentsa dezazun eskatu nahi dizut, Jesu Kristo gure Jauna benetan duzula zeure burua eta zu zeu haren ataletako bat zarela. Bera zuretzat, burua atalentzat zer, horixe da; berarena den oro zeurea duzu: espiritua, bihotza, gorputza, arima eta beronen gaitasun guztiak, eta zuk hori guztia zeure-zeure bezala behar duzu erabili, horretaz guztiaz baliatuz bera goretsi, maitatu eta aintzatu dezazun. Zuk zeuk, berriz, berarentzat, atal bat buruarentzat zer, horixe behar duzu izan, zeren eta, horrela, berak zure gaitasun guztiez baliatu nahi du bere-bere bezala hartuz, Aita zerbitzatzeko eta aintzatzeko.

Eta bera ez da zuretzat esan dugun hori bakarrik. Gainera, zuregan egon nahi du, zugan biziz eta dominatuz, burua bere ataletan bizi ohi den eta gobernatzen dituen bezala. Nahi du ezen beragan den guztia zugan bizi dadin eta zugan domina dezan: beraren espirituak zure espirituan, beraren bihotzak zurean, beraren arimako gaitasun guztiek zure arimaren gaitasunetan, hala zuregan gauzatu daitezen hitz hauek: «Goretsazue Jainkoa zeuen gorputzaz» (1 Ko 6,20), «Jesusen bizia ere zeuengan ager dadin» (2 Ko 4,10).

Era berean, zu ez zara soilik Jainkoaren Semearentzat; gainera, beragan egon behar duzu, atalak buruan dauden bezala. Zugan dagoen guztia beragan txertatu behar da, eta beragandik hartu behar du bizia eta berak behar du gobernatu. Zinezko bizia ez duzu topatuko beragandik kanpo, bera da-eta zinezko biziaren iturburua; beragandik kanpo ez duzu topatuko heriotza eta suntsipena baizik. Berak behar du izan zure jardueraren eta zure energia guztien hasiera; beragandik bizi behar duzu eta beragatik, zuregan bete daitezen hitz haiek: «Gutariko bat ere ez da beretzat bizi, ezta hiltzen ere beretzat; bizi bagara, Jaunarentzat gara bizi; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz, nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara. Horretarako hil eta piztu zen Kristo: hildakoen eta bizien Jauna izateko» (Erm 14, 7-9).

Beraz, gauza bat bera zara Jesusekin, gauza bat bera diren bezala atalak buruarekin; horregatik, espiritu bat bera izan behar duzu berarekin, arima bat bera, bizi bat bera, gogo bat bera, sentiera bat bera, bihotz bat bera. Eta berak izan behar du zure espiritu, zure bihotz, zure maitasun, zure bizi eta zure oro. Kristauaren handitasun hauek bataioan dute beren jatorria, sendotza sakramentuak ditu handitzen eta sendotzen, baita, ondo erabiltzen badira, Jainkoak eskainitako graziek, beren osagarria eukaristia santuan dutenek, ere.

SALMO ERANTZUNA (Erm 14,9.8.7.)

R/.- Honetarako hil eta piztu zen Kristo: hildakoen eta bizien Jauna izateko. * Nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.
V/.- Gutariko bat ere ez da beretzat bizi, ezta hiltzen ere beretzat; bizi bagara, Jaunarentzat gara bizi; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara. * Nahiz bizi…

OTOITZA

Jainko Jauna, Kristoren misterioaren aberastasun ezin atzemanak munduari hots egiteko hautatu zenuen San Joan Eudes. Egizu, otoi, haren hitza eta etsenplua bide izanik, hazi gaitezela zure egiaren ezagutzan eta bizi gaitezela Ebanjelioaren arabera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta Errege bizi baita menderen mendetan. Amen.