BIZITZEN JAKIN Joan 6,41-51
Urteko 19. igandea B 2021-08-08
Zenbat aldiz entzun dugun: «Egiaz inporta duena bizitzen jakitea da». Eta, halere, ez dugu batere gauza erraza azaltzea «bizitzen jakitea» zer den. Sarritan, geure bizitza ohikeriazkoa izaten dugu eta aspergarria, demasa. Gazi-geza.
Alabaina, izaten dira uneak, zeinetan gure bizitza zoriontsu bihurtzen baita, antzaldatu, ziztu-aldi hutsekoa izanik ere. Uneak, zeinetan maitasunak, txerak, bizikidetasunak, solidaritateak, lan sortzaileak edota jaiak beste bizitasun bat hartzen baitute. Bizi garela sentitu ohi dugu. Geure izatearen hondo-hondotik irteten zaigu: «Hau da bizitzea».
Gaurko ebanjelioak Jesusen hitz batzuk dakarzkigu, hein batean nahasten ahal gaituztenak: «Benetan diotsuet: sinesten duenak betiko bizia du». «Betiko bizia» esapideak ez du esan nahi, besterik gabe, heriotza ondoko mugarik gabeko bizialdia.
Beste bat da kontua: sakontasun eta kalitate berriko bizitza adierazten du, behin betiko munduari dagokion bizitza. Bazilo batek ezin akabatu duen bizitza da, edozein errepidetako bidegurutze batean elbarri gera ez daitekeen bizitza. Bizitza betea, gu geu baino ere harago doana, jadanik Jainkoaren bizitzan berean parte hartzea delako.
Gu guztiok dugun eginkizunik zirraragarriena, egunero gizatiarrago izatea dugu, eta kristauok sinesten dugu era gizatarrean bizitzeko erarik jatorrena Jesu Kristori erabat atxikitzetik datorrena dela. «Kristau izateak gizaki (gizon/emakume) izatea esan nahi du, ez gizaki-mota bat, baizik eta Kristok gugan sortzen duen gizaki» (Dietrich Bonhoeffer).
Agian, sinesten hasia beharra dugu ezen gure bizitza izan daitekeela beteagoa eta sakonagoa, askeagoa eta gozoagoa. Agian, ausartu beharra izango dugu maitasuna errotikotasun handiagoz bizitzen, «bizia ugari ukaitea» zer den zertxo bat aurkitzeko. Kristau-idazle bat ausartu da esatera: «Badakigu heriotzatik bizira igaro garela geure anai-arrebak maite ditugunean» (1 Joan 3,14).
Baina kontua ez da maitatzea maita dezagula esan digutelako, baizik eta maitatuak garela erro-errotik sentitu dugulako. Eta sinesten dugulako, gero eta sendoago, «gure bizitza Kristorekin Jainkoagan gorderik dagoela». Bada bizitza bat, betetasun bat, dinamismo bat, askatasun bat, txera bat «munduak eman ezin duena». Soilik, bere bizitza Jesu Kristogan errotzea lortzen duenak aurkitzen du.
Jose Antonio Pagola