NOLA SINETSI JESUSENGAN Joan 6,24-35
Urteko 18. Igandea 2021-08-01
Joan ebanjelariaren arabera, Jesus hizketan ari da jendearekin Galileako aintzira-ertzean. Jesusek esaten die ez dezatela lan egin edozer gauzagatik, ez dezatela izan buruan «janari galkorra» bakarrik. Inporta duena, horizontetzat «betiko bizia» izanik lan egitea da.
Horrela da dudarik gabe. Arrazoi du Jesusek. Baina zein da Jainkoak gura duen lana? Hona jendearen galdera: nola ari gintezke Jainkoak gura dituen lanetan? Jesusen erantzunak nahasgarri izaten jarraitzen du. Hau da Jainkoak gura duen lan bakarra: «Sinets dezazuela berak bidali dizuenagan». Zer esan nahi du honek?
«Jesusengan sinestea» ez da esperientzia teoriko bat, ariketa mental bat. Ez datza, soilik, atxikimendu erlijioso batean. «Lan» bat da, zeinetan jardun behar baitute beraren jarraitzaileek beren bizitzan barna. Jesusengan sinestea, egunez egun zaindu eta landu beharreko zerbait da.
«Jesusengan sinestea» norberaren bizitza Jesusen beraren baitatik moldatzea da, konbentziturik beraren bizitza egiazkoa izan zela: betiko bizira daraman bizitza izan zela. Beraren bizitzeko modua, Jainkoa Aitatzat hartuz, beti errukitsu erantzuteko beraren modua, beraren eginahalak beti esperantza sustatzeko: gizakiak egiten ahal duen gauzarik hobena da.
«Jesusengan sinestea» bizitzea eta lan egitea da azkena eta behin betikoa den zerbaitegatik: ahalegindu zaitezte mundu gizatiarrago eta zuzenago baten alde; egizue errealago eta sinesgarriago Jainkoaren aitatasuna; ez zaitezte ahaztu zuek beste guztiek, erlijioek berek ere, ahazturik uzteko arriskua bizi dutenez. Eta egizue hau guztia, jakinik, gure konpromiso txiki hau, beti pobrea eta mugatua, dela burutzen ahal dugu lanik gizatiarrena.
Horregatik, gainerakoen bizitzaz ardurarik ez izatea, guztiaren aurrean axolagabe izatea, soilik geure probetxuari begira hesiturik bizitzea, geure bidean aurkitzen dugun jendearen sufrimenduari ez ikusiarena egitea… jarrerak dira, adierazten dutenak ezen ez garela ari «Jesusengan sinestea» lantzen.
Jose Antonio Pagola