SANTIAGO EGUNA (2021-07-25)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Santiagoren eguna ospatzen dugu gaur. Joanen anaia zen Santiago. Santiago Handia esaten diogu, apostoluen artean beste Santiago bat ere izan zelako: Jesusen anaia, Jerusalemeko gotzaina; hau ere martiria.
Izaera berezia agertu zuten bi anaiek, Santiagok eta Joanek, ebanjelioan. Odolbero ziren. Arrantzale. Jesusek dei egin zienean, berehala utzi zituzten, bai familia, bai lanbidea, Jesusi jarraitzeko.
Halere, kostatu zitzaien Jesusen mezua ulertzea. Behin batean, Samariatik igarotzean, bertakoek ez zioten ostaturik eman nahi izan Jesusen taldeari. Orduan bi anaiek sua jaitsarazi nahi izan zuten herri hura erretzeko. Beste behin, Jesusi bientzat lehen postuak eskatu zizkioten bere erreinuan.
Alabaina, Kristo berpiztuaren esperientzia bizi ondoren, beste era batean agertu zuen Santiagok bere odol beroa. Handikeria alde batera utzi, inor erretzeko suaren ametsa alde batera utzi, eta Jesusen ikusmoldea eta biziera bizitzen saiatu zen, Jesusen Espirituaren argipean.
«Jende ahularen, behekoaren eta porrot egin duenaren defentsa haragitu du kristautasunak», idatzi zuen, mespretxuz, Nietzsche-k, XIX. mendeko filosofo ateoak; jende ahula galdu beharrekotzat eta boteretsuak goratu beharrekotzat jotzen zituen filosofo hark.
Hona bada. Santiagok, garai bateko uste eta asmo handiak bazterturik, Jesus bezala, apal izatea hobetsi zuen. Ulertu zuen, Jainkoaren Erreinua ez dela egiten boterearen bidetik. Baizik eta nork bere bizia besteen onerako eskainiz.
Hala, egun batean, bi anaiek Jesusi esan zioten hura, guztiz bete zuen Santiagok. Herodes Agripa erregeak, Herodes Handia krudelaren bilobak, agindurik, 43an edo 44an erail zuten Santiago; Jesus hil eta 15en bat urtera. Apostoluetan lehena izan zen Jesusengatik eta gizakiaren askatasunaren alde bizia ematen.
Ondo asko agertu zuen Santiagok bere-bere egin zuela Jesusen irakatsia: «Zuen artean handi izan nahi duena, egin bedi guztien zerbitzari». Garrantzizkoa ez da gauzak edukitzea, baizik izatea.
Etsenplu bikaina utzi digu Santiagok Jesusen jarraitzaileoi eta gizon-emakume guztioi. Halere, beraren benetako etsenplu hori alde batera utzirik, Jesusen piztuera ondoko Santiago alde batera utzirik, Jesusen piztuera aurreko Santiago nahiago izan du jende askok historian barna: «Santiago mata-moros» esapidea dugu iritzi faltsu horren lekukoa. Bi anaiek Samariako herri hura erre nahi izan zuten pasadizo hura gorde nahi izan du jende askok. Baina Santiago martiria, Jesusengatik eta gizakiaren askapenerako bizia eman zuen Santiago hura beste Santiago bat zen: Jesusen jarraitzaile apal eta umila.
Jesusen ikasle izan nahi duenarentzat, eredu eta etsenplu bizia da Jesusen piztuera ondoko Santiago hau. Lagundu diezagula zerutik.
Dionisio Amundarain