BIZITZAREN BIDEA Mateo 20.20-28
Santiago Apostolua 2021eko uztailaren 25

Urte gutxitan era ezustekoan hazi da jendearen kopurua, batez ere gazteena, «Santiago bidea egiten duenarena. Ez da erraza jakitea zerk duen erakartzen jende hori, justu. Erromes joatea kirola egitea baino askoz gehiago da edota abentura bizitzea baino askoz gehiago. Bidaia turistiko bati ekitea edo kultur bide bat egitea baino askoz gehiago. Zeren bila doaz Santiagora bidean jartzen direnak?

Bidea oso aspaldidanik sinbolo bat izan da, giza bizitza adierazteko. Bizitzea bide egitea da, ibiltzea, etorkizunerantz joatea. Era dotorean esan zuen Jorge Manriquek, bere Coplas famatuetan:

«Jaiotzean abiatzen gara,
bizi garenean ibili gabiltza
eta azken urratsa ematean iristen gara;
beraz, atsedena dugu hartzen hiltzen garenean».

Ordu askoz erromes dabilena aise hasten da birpentsatzen lurrean egiten ari den erromes-bizitzan.

Bide egitea aurrera jotzea da beti: norantz? Erromesak zerbaitegatik ekiten dio bideari: zerk eragiten dio, ordea, ibiliari ekitera? Helmugarik gabe ez dago biderik, baizik harantz honantz ibiltzea norabiderik gabe. Soilik helmugak bihurtzen du ibilia bide. Soilik helmugak ematen dio zentzua egunean eguneko ahaleginari. Ekidinezina da galdera: zein da bizitzaren helmuga?, norantz bideratu behar ditugu geure urratsak?

Bideari esperantzaz ekiten zaio beti eta nolabaiteko beldurrez, konfiantzaz eta ziurtasun-gabeziaz. Beharrezkoa da bide egokia hartzea, desbideratu gabe jarraitzea, bide okerrik ez hartzea. Gauza bera gertatzen da bizitzan. Nork bere bidea aurkitu behar dugu: zer egin nahi dut neure bizitzaz?, zeri eskaini nahi diot neure bizitza? Pertsona baten bizitza, amesten duen helmugaz neurtzen da, beraren ahaleginak eragiten dituen idealaz. Soilik bere bokazio pertsonalari jarraitzen dionean irten ohi da gaztea zehazgabetasunetik eta gregarismotik.

Egunak joan ahala, erromesaldia eskola bihurtzen da, bizitzaren funtsean sakontzeko bide ematen duena. Nekea, isilik egindako ibilia, ahaleginean irautea: horrek guztiak bere bihotzaren hondora gidatu ohi du erromesa. Orduan erne daitezke funtsezko galderak: Ez ote da Jainkoa gizakiaren azken helmuga? Ez ote da Kristo jarraitu beharreko bidea Aitarekin topo egiteko?

Santiagora iristea, Jaunaren testigu izan den apostoluarekin topo egitea, Jainkoari eskerrak ematea, isileko erregua, sakramentuzko adiskidetzea eta eukaristian parte hartzea gutxi bezalako esperientzia erlijioso baten gailur gerta daitezke.

Jose Antonio Pagola