Urteko 16. Igandea B 2021-07-18
HOMILIA

Anai-arrebok!

Geure bizitzan, gauza nabaria da bake-falta. Batasun-falta. Elkartasun-falta..

Gure mundu honetan gertatzen zaizkigun hainbat eta hainbat ezin ulerturen adibide ezagutzen ditugu. Gure artean berean, Gasteizko Gobernuak birusaren kontra bide bat hartu nahi eta epaileak kontra. Gaurko irakurgaiek pista on bat dakarkigute gure arteko bakeaz, gure arteko elkartasunaz. Elkartasun hori ez da etorriko gizaki batengandik.

Batetik, artzain onaren irudiaz mintzo zaizkigu lehen irakurgaia eta ebanjelioa. Bigarren irakurgaia, berriz, batzuk eta besteak bereizten edo urruntzen gaituen paretaz edo murruaz mintzo da.

Lehengo irakurgaia Jeremias profetarena da. Hiru orakulu edo baieztapen dakartza: a) artzainek ardiak sakabanatzen eta galtzen uzten dituzte; b) Jainkoak dio: ardiak elkartuko ditut, eta benetako artzainak jarriko ditut gidari; c) Daviden hazitik, oinordeko bat sortuko dut; Mesias esango da, Gantzutua, Aukeratua.

Ebanjelioan, Jesus artzain on eta bikain ageri da. Behin batean, ikasleekin batean, atseden apur bat hartzeko asmoa izan du. Baina, helmugara iristean, jende-multzoa ikusi du zain-zain; artzainik gabeko artalde bezala ikusi du Jesusek jende hori. Bere atseden-asmoaz ahaztu, eta luze hitz egin die. Bihotz handiko irakasle agertu da Jesus.

Bigarren irakurgaian, Efesoarrei egindako gutunean, Jesusek bere heriotzaz herrien artean batasuna egin duela esaten digu idazleak. Juduak eta paganoak bereizten zituen pareta edo murrua suntsitu egin du Jesusek. Gogoratzen al zarete, Berlinen eraiki zuten murruaz?, mendebaldeko eta ekialdeko alemanak bereizten zituenaz? Gogoratzen al zarete estatubatuarrak, gaurkoren aurreko presidentearekin eraikitzen ari ziren murruaz, etorkinei bidea mozteko? Gogoratzen al zarete juduek eraiki duten murruaz palestinarrei bidea mozteko? Gogoratzen al zarete garai batean, ez hain urrun, zein zailtasun izaten genituen Ipar Euskal Herrira joateko? Ba, Jesusen garaian Jerusalemgo tenpluan murru bat zegoen; paganoak ezin igaro ziren alde batetik bestera; heriotzaz ordainduko zuen lege horri kontra egingo zionak. Gaurko idazleak diosku, Jesusek, gurutzeko bere heriotzaz, suntsitu egin duela murru hori. Imajina ditzagun lehen mendean kristau egin ziren juduak, kristau-elkartean bat eginik kristau egin ziren paganoekin. Zer sentsazio izango zuten?

Senideok, Jesus dugu benetako artzaina. Bizia opa digu. Benetako bizia. Bere burua eskaini digu janari eta edari. Guztiok bat egiten gaituen bere gorputza.

Bakea opa digu. Eta bakea egiteko bidea eskaini digu: berak bezala, nork bere burua besteen onerako eskaintzea. Artzain irudiak konfiantza adierazten du, adiskidetasuna, samurtasuna. Jeremias profetaren promesa Kristogan gauzatu da.

Gaurko irakurgaien ikuskari utopiko hori santu askorengan ikus dezakegu haragi eginik. Besteak beste, datorren ostegunean ospatzen dugun Maria Magdalenagan. Jesusi jarraitu dio Galilean barna; Jesusi jarraitu dio Jerusalemera joan denean. Jesusi jarraitu dio gurutzeraino. Hil eta hobiratu duten Jesusen bila joan da goizean goiz. Jesus bizi dela adieraztera joan da juduen beldurrez etxean gorderik zeuden ikasleengana. Fedea, konfiantza, uste beroa izan du gidari Maria Magdalenak.

Jesusek gurutzeko heriotza suntsitu duen murrua edo pareta ez da irudi poetiko huts bat. Gizon-emakumeak bereizten gaituen egoismoa irudikatzen du murru horrek. Egoismoa, harrokeria, handikeria, boterea, alferkeria. Lagundu diezagula Jesusen Espirituak gero eta konfiantza handiagoz bizitzen Jesusen bidean. Lagundu diezagula, gero eta esperantza handiagoa izaten Jesusen heriotzan eta piztueran.

Dionisio Amundarain