GAUZA GUTXIREKIN Marcos 6,7-13
Urteko 15. Igandea B.- 2021-07-11
Zer gertatu ote da gu hainbeste urruntzeko Jesusen hasierako egitasmo hartatik? Zertan da Maisuaren gomendio hura? Nork jarraitzen du gaur egun beraren gomendioak entzuten?
Ebanjelioko kontaera gutxik azaltzen digute Jesusen jatorrizko asmoa gaurko pasarte honek baino hobeto: Jesus ikasleak bidaliz aurkezten digu, binaka eta bide-zorrorik gabe, dirurik eta aldatzeko tunikarik gabe.
Aski dira adiskide bat, makila bat eta sandalia-pare bat biziaren bideari ekiteko, guztiei hots eginez aldaketa hori, beharrezkoa duguna bizitzaren azken sekretua eta egiazko liberaziorako bidea aurkitzeko.
Ez dezagun urardotu, arin bada ere, Jesusen gomendioa. Ez dezagun uste izan utopia gesal bat denik, jadanik gainditua den gizarte erdi-nomada bati dagokiona, baina ezinezkoa gaurko gure hau bezalako mundu batean.
Bada hemen bazter utzi ezin dugun zerbait. Ebanjelioa hots egin, xume bizitzen dakiten haiek hots egiten dute. Gizon-emakume librek, pozik bide egiten dakitenek, beren burua gauzen esklabo sentitu gabe. Ez dira boteretsuak, finantzarioak, teknokratak, politikako estratega handiak mundu gizatiarrago bat lortuko dutenak.
Gure gizarte honek jabetu beharra du, bizitza xumeago eta soilago batera itzuli beharra dugula. Ez da aski ekoizpena handitzea eta bizi-maila goragoko bat lortzea. Ez da aski beti gehiago irabaztea, gauzak erosi eta erosi jardutea, ongizate handiago batez gozatzea.
Gure gizarte honek beharrezkoa du, inoiz baino gehiago, gauza gutxirekin bizitzen dakiten gizon-emakumeek eragindako zirrara. Agerian jartzeko gai diren fededunak ezen zoriona ez datzala ondasunak metatzean. Gogoraziko diguten Jesusen jarraitzaileak ezen ez garela aberats gauza askoren jabe garenean, baizik eta haietaz xume-xume gozatzen eta eskuzabal partekatzen dakigunean. Bizitza xumea eta solidaritate eskuzabala bizi dutenak dira gaur egun hobekien predikatzen dutenak gure gizarte honek gehienik behar duen konbertsioa.
Jose Antonio Pagola