URTEKO 13. IGANDEA B (2021-06-27)
SARRERA
Senideok, Urteko 13garren igandea ospatzen dugu gaur. Sinesten duenarentzat, heriotza loalditxo bat da, esnatzeko aukera ematen duena. Horixe esan dio Jesusek Jairori, hilberria den neskatoaren aitari; hasia baitzen Jesusengan sinesten, Sinagogatik urruntzearekin batera.
Lehen kristauek ere horrela ikusten zuten heriotza. Izan ere, nekropoliari, hau da, hildakoen herriari, zimiterio deitzen zioten, hau da, lo-leku.
Baina Jairoren alaba hil zelako negarrez eta lantuka ari zen jendeak ez zuen ikusten horrela; Jesusek esan zionean hila ez, baizik lo zegoela; barre egiten zuen; uste zuen atzera-biderik ez zuela neskatoaren egoerak.
Baina ez. Jairori esan zizkion hitz berak esaten dizkigu guri ere Jesusek: «Ez beldur izan. Sinetsi, eta aski da».
Sinetsi, alegia, Jainkoa eta gu bat garela. Bizi garen lurra eta gu bat garela. Bizi dugun lurra eta biziko dugun zerua bat direla. Ni neu eta lurrean eta zeruan bizi garenok bat garela. Honek guztiak, lurra eta lurrekoak, zerua eta zerukoak bizi garela uste izatera eraman behar gaitu, Jainkoa bizi den bezala. Eta bizi garenez, bizidun bezala bizitzera. Lurra bizidunago egitera. Lurrekoak bizidunago egitera. Zerua bizidunago izan dadin. Jainkoa bizidunago izan dadin.
Jesusen Espirituak argitu gaitzala
LEHENEGO IRAKURGAIA Jakinduria liburutik (1,13-15; 2,23-24)
Jakinduria liburua Alexandrian idatzi zuten, Egipton. Idazleak bere herrikideen fedea indartu nahi du; izan ere, ikusten du greziar kulturara jotzen ari direla judu asko, beren judu-fedea zapuzturik.
«Jakinduria» hitzak bizitzen jakitea esan nahi du; Jainkoaren Hitza bizitzari aplikatzen jakitea; Jainkoaren nahia zentzuz betetzen jakitea. Gogoeta egitera bultzatzen gaitu gaurko testuak. Jainkoak ez du nahi heriotza; Jainkoak bizia maite du. Bizi izateko kreatu du guztia. Oker dabiltza jainkogabeak, pentsatzen dutenean, dena mundu honetan bukatzen dela; haientzat, inporta duen gauza bakarra mementokoaz gozatzea da.
Har dezagun «jainkogabe» hitz hori. Gaur egun, guri aplikatua. «Guri»: alegia, lehen munduko gizarteari, mendebaleko gizarteari; Jesusen jarraitzaile dela esaten du, baina, praktikan, heriotza erabateko hondamenditzat hartzen du; eta kontsumoak dakarren mementoko zoriona amesten du soilik. Horixe da jainkogabe izatea.
Jainkoak, ordea, bera betiko bizi den bezala, gu ere betiko bizi izateko kreatu gaitu. Berarekin guztiok bat izateko Aintza eta eskerrak Jainko bizi eta onari.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren Gutunetik (8,7-9.13-15)
Paulok diru-eskea antolatu du Greziako elizetan, Jerusalemeko elkarte pobrearentzat. Aldi hartan, gosetea sortu zen munduan. «Sortu zen» ordez, sortu zuten esan beharko genuke. Gaur gure munduan ikusten ari garenaren antzeko zerbait: gosea, egarria, jendea etxerik gabe uztea, gerla; okerrena, jendea bizigarri ez diren gauzen ondoren itsu-itsuan ibiltzera bultzatzea.
Paulok eskuzabal izateko eskatzen die Korintokoei. Bistan da zein gaurkoa den gai hori. Gure gizartearen bizitzan joera hau nabari da argi eta garbi: bizitzaren helburutzat mementoan mementokoaz gozatzeko joera bizi du, besteen arazoez arduratu gabe.
EBANJELIOA San Markosen liburutik (5,21-43)
Gaurko ebanjelioak hau esan nahi digu: Israel ez dela jada bizi-iturri. Biziaren bila dabilenak alde batera utzi beharko dituela erakunde agor edo fruitugabeak, bizigabeak.
Lehenik, sinagogako buruzagi baten, Jairoren kasua dator: Jesusi hurbildu zaio. Alabatxoa hilzorian du, eta eskuak ezartzeko eskatu dio Jesusi. Zer uste du Jesusez; petrikilo bat dela? Jesusek berak eman dio argibidea: zuk sinetsi, eta aski duzu.
Bigarren, emakume batek odoljarioa du aspalditik; bere ondasun guztiak gastatu ditu medikuetan, baina sendatu ordez, okerrago jarri da.
Jesus bizi-emaile ageri da, askatzaile, autonomia-emaile. Senideok, Jesus bezalako ikusten al du jendeak gure Eliza?, esperantza-emaile, askatzaile, bizi-emaile? Sakon pentsarazi beharko liguke honek guztiak.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Gizadi osoarentzat: gizaki guztien biziaren defendatzaile izan dadin; batez ere, txikienen eta pobreenen kasuan, baztertu eta esplotatuen kasuan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko erlijio guztientzat: jabetu daitezen, Jainko bakarraren errainu eta distira direla guztiak; lurreko erlijio guztien artean bakea eta elkartasuna nahi duen Jainkoaren agerpen apal direla guztiak. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Geure Eliza katolikoarentzat: Jainkoaren nahiaren araberako elkarlan honetan, bere ekarpen berezia apaltasunez egin dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garen guztiontzat: munduari esperantza irmoa ager diezaiogun; gauza txikien bidez bizia sortzen saiatuz, mundua solidarioagoa eta bizi-maitale handiagoa bihur dadin. Eska diezaiogun Jaunari.