URTEKO 12. IGANDEA B 2021-06-20
SARRERA
Senideok, gurekin dago Jesus beti. Bizitzako itsasoko olatuak, batzuetan bare-bare egon ohi dira, beste batzuetan oso harro, ikara emateraino. Nolanahi ere, guri ez iruditu arren, beti gurekin dago Jesus. Geure bidelaguna dugu, eta bere Espiritua ematen digu.
Datorren ostegunean, San Joan Bataiatzailearen eguna ospatuko dugu; konfiantza osoz eta biziz sinetsi zuen hark Jainkoa beti berekin zuela, berekin eta beste guztiekin. Eragin diezagutela Joanen uste horrek eta, batez ere, Jesusek berak emandako hitzak, gure konbentzimendu hori indartzera: Jesus geure artean dugu beti.
Lehenbiziko irakurgaian Job kexuka ari zaio Jainkoari. Honek azkenean erantzun dio esanez: Zu, Job, ez zara gauza Jainkoaren asmoak eta Jainkoaren errealitatea bete-betean ulertzeko. Adibidez, zu ez zara itsasoaren Nagusi eta Jaun.
Ebanjelioan, berriz, itsasoaren gain duen ahalmena agertu digu Jesus. Eska diezaiogun berari eraman gaitzala gure konfiantza beragan jartzera. Eraman gaitzala pentsatzera ezin diogula kendu berari munduan dagokion postua.
Bigarren irakurgaian, argiro agertu digu Paulok nolako konfiantza duen Jesus horrengan.
JOBEN LIBURUTIK (38,1.8-11)
Job lur jota ageri da memento batean. Dena galdu du. Gainera, oinaze bizian dago. Egoera horri argibide bat aurkitu nahian dabil; bera beti jainkozalea izan da: zergatik etorri zaio hori guztia? Jainkoari berari ere aurpegira bota dio: Zergatik hau guztia niri?
Azkenean, Jainkoak erantzun dio. Jainkoaren hitz horrek esanahi handia du: alde batetik, Jainkoak gurekin elkarrizketa izan nahi duela, gugandik hurbil dagoela agertu nahi du Jainkoak; bestetik, ordea, adierazten digu gu baino mila bider gorago dagoela; gure gainean dagoela agertu nahi digu Jainkoak; horregatik, ezin ulertu ditugula, bete-betean behintzat, Jainkoaren bideak.
Horiek horrela, alde batetik, adiskidetzat hartu behar dugu Jainkoa; bestetik, fedea, konfiantza jarri behar dugu harengan. Jobek oso ondo ulertu du hori azkenean; txundigarriak dira Joben azken aldiko hitz hauek: «Entzutez bakarrik ezagutzen zintudan; orain, neure begiz ikusi zaitut» (Job 42,5).
KORINTOARREI EGINDAKO LEHENENGO GUTUNETIK (5,14-17)
Hau eskatzen digu Paulok: gure bizitza Kristoren bizitzatik ikusi behar dugula. Hil eta piztu den Kristoren bizitzatik, alegia. Gure bizitza, batzuetan alaia da; beste batzuetan tristea, nekezkoa. Gure maitasuna ere, Kristoren maitasunari emandako erantzun bezala hartzeko eskatzen digu: «Kristoren maitasunak estutzen nau», dio Paulok. Horrek guztiak hau esan nahi du: jadanik ezin bizi naizela neuretzat bakarrik, baizik guztientzat hil eta piztu zen Kristorentzat bizi behar dudala; beraz, nik ere besteentzat bizi behar dudala. Paulok errotik aldatu du bere pentsaera Kristo ezagutu duen mementotik; lehenago, dio berak, «haragiaren arabera» pentsatzen nuen; orain fedearen argiaren arabera pentsatzen dut.
EBANJELIOA SAN MARKOSEN LIBURUTIK (4,35-40)
Jesusek Galileako itsasoa zeharkatu nahi du. Hortan, egundoko ekaitza sortu da. Itsasontzia arriskuan dago. Jesus, berriz, lo. Ikasleek harriturik esnatu dute. Jesusek ekaitza baretu du. Jesus lo egote horrek hau esan nahi du: piztuera ondoren, ikasleek ez dutela Jesus ikusten, ez dutela beren ondoan nabari; ez dutela ikusten fisikoki, Horregatik, ez dute konfiantzarik Jesus berekin dutela uste izateko. Ekaitza baretzeak, berriz, hau esan nahi du: mundua sortzean maitasuna eta ahalmena agertu duela Jainkoak; eta Jesusek, gizadia salbatzean, maitasuna eta ahalmena agertu dituela era berean gizadia askatzeko. Ikasleak izutu egin dira halako ahalmena duen bat beren ondoan ikustean. Gure fedea nolakoa den aztertzera eragin nahi digu ebanjelariak, Jesusengan konfiantzarik ba ote dugun aztertzera. Esan nahi digu, ikusten ez dugun arren, Jesus gure artean dagoela.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Elizaren alde, Jesusen ikasle leial izan nahi dugun guztion alde. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gobernarien alde, politikoen alde, munduko ekonomian erantzukizuna dutenen alde, guztien ongizateari dagokionez zerikusia duten guztien alde. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ikasturtea bukatu duten haur eta gazteen alde, irakasleen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garenon alde, hilak diren nahiz bizi diren gure familiarteko eta adiskide guztien alde. Eska diezaiogun Jaunari.