Nor da hau? Nor gara gu (Markos 4,35-41)
Urteko 12. Igandea B 2021-06-20
Liturgian Markosen ebanjelioa autoreak idatzi zuen bezala irakurriko balitz, ezta ez jauzika, ez tupust eta etenak eginez, ohartuko ginen Jesusen herrikoitasun hazkorrak hiru erreakzio desberdin eragin izan dituela: beraren familian konfiantzarik eza, lege-maisuen artean ukoa, beraren familia berrian («hauek dira nire anai-arrebak eta nire ama») onarpena. Familia berri horri irakatsi nahi izan dio Jesusek parabolen kapitulu honen bidez (horietarik bi bakarrik irakurri genituen joan den igandean), eta segidan berehala salbatu egin ditu.
Gaurko pasadizoak aurrera urrats handia egin izana, suposatzen du Jesusen errebelazioan. Hasieran, Kafarnaumgo sinagogan hitz egiten entzun eta jardunean ikusi duenean, jendeak harriturik galdegin du: «Zer da hau?» (Mk 1,27). Geroago, paralitikoa sendatu duenean, esan du hots handiz: «Ez dugu inoiz ikusi honelako ezer» (Mk 2.12). Orain, berriz, naturaren gaineko bere ahalmena agertu duenean, ekaitza baretuz, ikasleek galdegin dute: «Nor da hau?»
Itsasoa indar kaotikoen sinbolo denez (Job 38,1.8-11)
Kreazioaren mito mesopotamiarrean (Enuma elish) Marduk jainkoak itsasoa ordezkatzen duen Tiamat jainkosaren aurka borroka egin behar izan du, unibertsoa kreatzeko. Itsasoak arriskua sinbolizatzen du, bizitzaren kontrako mehatxua. (Gaurko hizkeran, lur lehorra irensten eta suntsitzen duen tsunamia.)
Lehen irakurgaiak, Joben liburutik hartuak, gai hau jaso du, berekin berez dituen konnotazio politeistak kenduz. Itsasoa ez da jainkosa, dena estaltzeko mehatxu den indar kaotikoa da. Jaunak ez dio txikitu burezurra, ez du zatikatu ere, Marduk-ek Tiamat-ekin egin duen bezala; hura ate bikoitzez hesipean jartzera mugatu da, ingurune bat ezarri dio «zure uhinen harrokeria hausteko».
Itsasoko arriskua (Sal 106)
Itsasoa ez da arriskua lur lehorrarentzat bakarrik, orobat da antzinakoak bezalako itsasontzi batean gurutzatu nahi duzunean ere. Gutxiena uste duzunean iluntzen da zerua, lehertzen da ekaitza, ontzia gora eta behera hasiko da uhinen erritmo amorratuaren harira. Soilik, zeure burua Jainkoari gomendatzea gelditzen zaizu. Hori da Sal 106aren gaurko zatiak jaso duen esperientzia; agian, jende askok ez dio arretarik eskainiko, baina funtsezkoa da gaurko ebanjelioa ulertzeko.
Jesus, ikasleak eta itsasoa (Markos 4,35-41)
Bost zatitan bana genezake ebanjelioaren pasarte hau: 1/ sarrera: Jesusek eta ikasleek ontzi bat hartu dute beste ertzera joateko; 2/ ekaitza: Jesusen eta ikasleen kontrako erreakzioa: lo dago Jesus eta ikasleek, izuturik, esnatu egin dute; 3/ Jesusek ekaitza baretu; 4/ Jesusek ikasleei hitz egin; 5/ hauen azken erreakzioa.
Zati hauetatik hiruk erlazioa berezia dute Joben eta Salmoaren testuekin.
Bigarrenak (ekaitzak) Salmoan deskribatutako arrisku larria dakar gogora. Baina, kasu honetan, ikasleek ez dute jo Jainkoagana, baizik eta Jesusengana; ez dute uste problema konponduko duela, soil-soilik harriturik daude hark hain lasai lo jarraitzeaz, hondoratzeko arriskuan daudelarik.
Hirugarrenak, berriz, Jobena gogorazten digu, ez tonuera poetikoagatik, baizik eta Jesusek agertu dituen goreneko ahalmenagatik eta aginteagatik itsasoaren gainean, Itun Zaharrean Jainkoak dituenaren antzekoak baitira.
Bosgarrenak, ikasleen erreakzioaz ari denak, Salmoko nabigatzaileen erreakzioa dakar gogora, baina funtsezko aldaera bat du: Salmoko marinelak pozik jarri dira eta eskerrak demazkiote Jainkoari; ikasleek, berriz, beldur handia sentitu dute eta Jesus nor den galdezka hasi dira. Gauza bitxia, Markosek ez du esan ikasleak beldur izan direnik ekaitzekoan, baina orain bai; misterioa ukitzeak eragiten duen beldurra da.
Sarrera alde batera utzirik, paralelorik gabe gelditzen den zatia laugarrena da, Jesusek ikasleei esandako hitzena, beraien beldurraz eta fedeaz galdetu dienean. Funtsezkoak dira bi galdera hauek kontaeran. Izatez, pasarteak bi gauza esaten dio irakurleari: 1/ Jesusen ahalmena Itun Zaharrean Jainkoari leporatzen diotenaren antzeko da; itsasoa dominatzeko ahalmena eta gizakia salbatzekoa. 2/ Irakurgaia entzutean, kristauak aitortu beharra du bere beldurrak asko direla eta bere fedea ahula. Jesus ezagutzea ez datza antzinako kontzilioetako formulak buruz jakitean. Ebanjelioak harridura sortu beharko liguke egunez egun eta Jesus nor den galdetzera bultza egin.
Antzinatik eman izan zaio balio sinboliko handia kontaera honi: Elizaren ontziak, ekaitz-mota askok harrapatuak, Jesusen salbazioa segurtatua du. Maila pertsonalean ere balioztatu beharko genukeen alderdia da.
Nor gara gu? (2 korintoarrei 5,14-17)
Urteko aldian, bigarren irakurgaiak beste irakurgaiekin eskuarki erlaziorik ez duen arren, gaurko zatia har genezake Markosen ebanjelioaren osagarritzat.
«Nor da hau?», galdegiten dute ikasleek, Jesusek haizearen eta itsasoaren gain duen ahalmena ikustean. Pauloren erantzuna Jesus nor delakoaz ez da oinarritzen ahalmenean, baizik eta ahuldadean: «gugatik hil zena». Alabaina, itxurazko ahuldade honek egundoko ahalmen eraldatzailea du: kristauak sorkari berri bihurtzen ditu. Jadanik ez dute bizi behar berentzat, «baizik eta beraiengatik hil eta piztu zen harentzat».
Kristorentzat bizitzea: horra Paulok konbertsioaren ondoren bizi zuen bizitzaren sintesirik hobena. Etengabeko bidaiak, herio-arriskuak, elkarteak fundatzea, era guztietako pertsekuzioak, presoaldiak, gutunak idaztea… dena zuen Kristoren zerbitzari izateko eta harentzat bizitzeko gogoak eragina. Geure burua non ikusi ispilu ona.
José Luis Sicre