APAL-APAL ETA KONFIANTZAZ (Markos 4,26-34)
Urteko 11. igandea B 2021-06-13
Jesusek kezka handia bizi zuen bere jarraitzaileak halako batean etsipenean eroriko ote ziren, pentsatuz; hain zuzen, mundua gizatarrago eta zoriontsuago egiteko beren ahaleginek arrakastarik ez zutela ikustean. Ez ote zuten bertan behera utziko Jainkoaren erreinua? Eutsiko ote zioten zeruko Aitarekiko konfiantzari? Nolanahi ere, honek izan beharko lukete gauzarik garrantzizkoena: ez ahaztea sekula, nola lan egin.
Galileako nekazarien esperientziatik jasotako etsenpluez baliatuz, eskatu die, lan egin dezatela beti oinak lurrean dituztela, pazientziaz eta konfiantza handiz. Ezin ireki zaio bidea nolanahi Jainkoaren Erreinuari. Kontuan izan behar dute, hartan nola lan egin.
Lehenik eta behin, jakin behar dute, beren lana ereitea dutela eta ez uzta biltzea. Ez dute bizi behar emaitzak zein izango begira. Ez dute kezkatu behar, ez eginkortasunez, ez berehalako arrakastaz. Ebanjelioa ereitea izan behar dute beren arreta nagusia. Jesusen lankideek ereile izan behar dute. Besterik ez.
Hedapen erlijioso eta ahalmen sozial handiko mende askoren ondoren, ereilearen keinu apala berreskuratu behar dugu Elizan kristauek. Beti fruituak jasotzera doan uzta-biltzailearen logikaz ahaztu, eta etorkizun hobea erein nahi duenaren pazientziazko logika besarkatu.
Ereite ororen hasierak apalak izan ohi dira beti. Askoz gehiago, arazoa gizakiaren bihotzean Jainkoaren Egitasmoa ereitea baldin bada. Ebanjelioaren indarra ez da sekula gauza handios edo arranditsua. Jesusen arabera, «mostaza-hazia» bezalako gauza txiki eta ezdeus bat ereitea bezala da, fedea jendearen bihotzean ezkutuan ernetzen baita.
Horregatik, fedeaz bakarrik erein daiteke Ebanjelioa. Hori eman nahi die aditzera Jesusek bere parabola xumeen bidez. Mundua gizatasun handiagoko egiteko, Jainkoaren Egitasmoak berekin du indar salbatzaile eta eraldatzailea, jada ereilearen esku ez dagoena. Jainko horren Berri Ona pertsona batengan edo gizatalde batengan sartzen denean, gu gainditzen gaituen zerbait hasten da indartzen han.
Elizan ez dakigu une honetan nola jokatu, egoera berri eta inoiz ez bezalako honetan, gero eta ez-axolago eta nihilistago den gizarte honetan. Inork ez du errezetarik. Inork ez daki juxtu zer egin. Egin behar duguna, bide berriren bila jotzea da, apal-apal eta konfiantza Jesusengan jarriz.
Goiz edo berandu, funtsezkora itzuli beharra sentituko dugu kristauek. Konturatuko gara, Jesusen indarrak bakarrik biziberritu dezakeela fedea gure egun hauetako gizarte deskristautu honetan. Orduan ikasiko dugu Ebanjelioa apal-apal ereiten, fede berritu baten hasiera bezala, ez geure ahalegin pastoralez eskualdatua, baizik Ebanjelioak berak sortua.
Jose Antonio Pagola