Odola eta ogia (Markos 14,12-16.22-26)
Corpus Christi jaia Urteko 10. igandea B (2021-06-06)
Jai hau 1246an hasi ziren ospatzen, Belgikan. Eta bi mende geroago lortu zuen jendaurreko bere hedapenik handiena, 1447an; hain juxtu, Nikolas V.a aita santuak Erromako kaleak zeharkatu zituenean Ostia Santua prozesioan eramanez. Bi helburu ditu: Eukaristiaren debozioa sustatu, eta ogian eta ardoan Jesu Kristoren presentzia jendaurrean aitortu. Irakurgaiek, alderdi bi hauei garrantzia kendu gabe, kristauak Jainkoarekin duen konpromisoari erreparatzen diote, Kristoren gorputz-odolen sakrifizioarekin zigilatua izan den konpromisoari.
1. irakurgaia: odola eta antzinako elkargoa (Irteera liburua 24,3-8)
Israeldarrek Sinai mendian izan zuten esperientziaren gailur-unea kontatzen du. Jainkoaren nahiaren aldarrikapena (dekalogoa eta elkargo-kodea) entzun ondoren, Jainkoaren nahia beteko duela adierazten du herriak: «Jaunak esandako guztia beteko dugu».
Gaur egungo burubidean, sinbolo-zaletasun txikiko honetan, nahikoa izango ziren hitz horiek. Antzinako gizakia ez zen, ordea, horrelakoa. Hain seriosa zen itun batek sinbolo indartsu bat eskatzen zuen. Eta ez da ezer odola bezain adierazkorrik, odolean baitu sustraia biziak. Mende batzuk geroago, Erdi Aroko zaldun batzuek besaurrean ebaki bat egin eta partaideen odola nahasiz zigilatzen zuten hitzarmena. Jakina, Jainkoak ezin du zigilatu gizon-emakumeekin hitzarmen edo elkargo bat erritu horren bidez. Jainkoaz hitz egitean Bibliako autoreek darabiltzaten antropomorfismo ugariak gorabehera, Jainkoak ez du besorik ebaki bat egiteko, ezta odolik ere gurearekin nahasteko. Ezin eskatu zaie israeldar guztiei, ebaki bat egin eta odol-pixka bat emateko ere. Hargatik, sinbolismo honetara jo dute: Jainkoa aldare batek ordezkatzen du, eta odola ez da izango, ez jainkoena, ez gizakiena, baizik behiena. Hauek hiltzean, odolaren erdia aldare gainera isuriko dute. Horrela, Jainkoak bere herriarekin egin duen konpromisoa adierazten da. Beste erdia ontzietan jasotzen da, baina, harekin herria zipriztindu aurretik, elkargoaren agiria (Irteera 20–23) irakurtzen dute berriro, eta herriak baietsi egiten du: «Jaunak esandako guztia beteko dugu eta obedituko diogu».
Alabaina, antzina hartan bazen beste era bat ere, sarriagoa gainera, elkargo bat zigilatzeko: zegokienek otordu bat elkarrekin egitea. Era hau ere ageri da Irteeraren kontakizunean (baina liturgiak ez du jaso). Herri guztiarekin odolaren zeremonia egin ondoren, Moises, Aaron, Nadab, Abihu eta Israelgo 70 buruzagiak mendira igo ziren, eta han jan eta edan zuten Jaunaren aurrean (Irteera 24,9-11). Bigarren era hau funtsezkoa izango dugu ebanjelioa ulertzeko.
2. irakurgaia: odola, barkazioa eta elkargo berria (Hebrearrei 9,11-15)
Ziniko batek esango lukeenez, asmo onak ez dira betetzen sekula. Israeldarren kasuan arrazoia izango luke. Jainkoari obeditu eta haren agindua betetzeko asmoa ez zuten bete, sarritan. Hargatik, beren bekatuengatik ordainketa egin beharra sentitzen zuten, baita nahi gabe egindakoengatik ere. Eta odolak bere garrantzia hartu zuen berriro. Bizia odolean sustraitzen delako, Jainkoari eskaini dakiokeen gauzarik onena dute, barkazioa lortzeko. Baina israeldarren Jainkoak ez du eskatzen giza biktimarik. Odola animalia garbiena izango da: aker, zekor, zezen, behi, bildots, usapal, usakume.
Hebrearrei egindako idazkiaren autoreak antzinako jarduera edo praktika hau Jesusenarekin kontrastatu du; honek bere burua eskaini du narriadurarik, zikinik gabeko opari. Horrela, guztioi barkazioa lortzeaz gain, gure eta Jainkoaren artean elkargo berri bat zigilatu du bere odolarekin.
Ebanjelioa: ogia, ardoa eta elkargo berria (Markos 14,12-16.22-26)
Pazko-afarian Jesusek egin duenak elkargoa zigilatzeko bi erak bildu ditu, lehenengo irakurgaiaren iruzkinean aipatu ditugun bi erak, baina hurrenkera trukatuz. Otorduarekin hasi da, eta elkargo berriko odola aipatuz bukatu. Horrez gainera, badira beste alde nabarmen batzuk ere. Ikasleek ez dute jan Jainkoaren aurrean, Jesusekin jan dute; Jesusek emandako ogia jan dute eta ez opari egindako animalien haragia; eta edan duten ardoak Israelgo buruzagiek edan zutenak ez bezalako esanahia du: guztiengatik Jesusek isuri duen odola aurreratu du.
Non datza alderik nagusiena elkargo zaharraren eta berriaren artean? Elkargo zaharra ez zaio kostatu ezer ere inori; aski dute animalia batzuk hiltzea odola lortzeko. Berriak, berriz, sakrifizio pertsonal bat eskatzen du; norberaren bizia, norberaren haragia eta odola, ematearen sakrifizio nagusia da.
Alabaina, ezin geldi gintezke ogiari eta ardoari, gorputzari eta odolari aipu soil bat eginez. Jesusentzat era sinboliko bat dira gure konpromisoa Jainkoarekin zigilatzeko: sinbolo horien bidez, Jainkoaren nahia betetzeko konpromisoa hartzen dugu.
Laugarren ebanjelioak ez du kontatzen Eukaristiaren eratzea; horren ordez, hitzaldi luze bat ipini du Jesusen ahoan; hitzaldi honetan, alde batera eta bestera azpimarratu du beraren aginduak bete beharra; hobeto esan, beraren agindu bakarra bete beharra: maita dezagula batak bestea.
Corpus Christi jaiaren ospakizunak, Eukaristiari diogun debozioa era jaieratsuan adieraztera mugatzen bada, edota, okerragoa izango litzatekeena, turismo-intereseko jai soil bihurtzen bada, ez du beteko bere egiazko zentzua. Gauza erraza da kalean loreak botatzea sakramentu santuari; zailena, kalean topatzen dugun jendeari on egitea da.
JOSÉ LUIS SICRE