JESUSEN OROITZAPENA EGIN (Markos 14,12-16.22-26)
CORPUS Urteko 10. igandea B 2021-06-06
Jesusek giro berezia sortu du agur-afarikoan, bere jarraitzaileekin partekatuan, bera erail bezperan. Badaki azkena duela. Jadanik ez da eseriko gehiago mahaian beraiekin, Aitaren ondoko azken jaia arte. Beraien oroitzapenean ondo grabaturik utzi nahi izan du zer izan duen beti bere bizitza: Aitarekiko grina eta irrika, eta guztien aldeko buru-eskaintza erabatekoa.
Arrats horretan hartarainoko bizitasunez bizi izan du guztia non, ogia eta ardoa banatzean, hitz gogoangarri hauek esan baitizkie: «Horrelakoa nauzue ni. Neure bizitza osoa eman nahi dizuet. Begira: ogia nire gorputza da zuengatik puskatua; ardo hau nire odola da guztiengatik isuria. Ez zaitezte ahaztu nitaz sekula. Egizue hau nire oroigarri. Har nazazue gogoan horrela: zuei erabat emana. Zuen bizitza elikatuko du honek».
Jesusentzat egiaren ordua da. Afari horretan berretsi egin du bere erabakia, azkeneraino joango da Jainkoaren egitasmoarekiko leialtasunean. Beti jarraituko du ahulen alboan, beste erlijio bat eta beste Jainko bat, jendearen sufrimenduaz ahaztua, nahi dutenei aurka eginez hilko da. Bere buruaz arduratu gabe emango du bizia. Aitagan du konfiantza, Dena utziko du beraren esku.
Eukaristia ospatzea Jesus honen oroitzapena egitea da, geure baitan grabatuz nola bizi izan zen bera azkeneraino. Berretsi dezagun geure aukera, beraren urratsei jarraituz bizitzekoa. Har dezagun geure bizitza nork bere esku, azken ondorioetaraino bizitzen ahalegintzeko.
Eukaristia ospatzea, berak bezala esatea da, batez ere: «Neure bizitza hau ez dut gorde nahi neuretzat bakarrik. Ez dut neuretu nahi neure probetxu hutserako. Berak bizi izan zuen zerbait berreginez igaro nahi dut bizitza honetan. Neure egoismoan hesitu gabe; neure ingurunetik eta txikitasunetik mundu hau gizatiarrago bihurtzen parte hartuz».
Oso erraza da, eukaristia egiaz den hura ez bezalako zerbait bihurtzea. Adibidez, aski da mezatara joatea, obligazio bat betetzera, Jesusek azken afarikoan egin zuenaz ahazturik, Aski da jaunartzea, gogoan geure barne ongizatea bakarrik dugula. Aski da elizatik irtetea, sekula ere erabaki gabe buru-eskaintza handiagoz bizitzea.
Jose Antonio Pagola