ESPIRITUARI ZABALIK Joan 20-19-23
Mendekoste igandea B 2021-05-23

Ez dute asko hitz egiten. Ez dira nabarmentzen. Beren presentzia modukoa dute eta isila. Baina «lurraren gatz» dira. Munduan Jainkoaren Espirituari adi eta erne bizi den gizon-emakumerik dagoen bitartean, daitekeena izango da esperantzaz bizitzen segitzea. Horrelako jende hori da erregalurik hoberena Elizarentzat, bera eskastasun espiritualak mehatxaturik bizi denean.

Horrelako horien eragina ez dator egiten dutenetik, ezta esaten edo idazten dutenetik ere, baizik eta errealitate hondokoago batetik. Monasterioetan erretiraturik bizi dira edota jendartean ezkutaturik. Ez dira nabarmentzen beren jardueraz eta, halaz guztiz, barne energia irradiatzen dute bizi diren lekuan.

Ez dira bizi itxurak eginez. Beren baitako hondoenari dario beren bizitza. Beren buruarekin harmonian bizi dira, beraien baitan bizi den Espirituaren deiarekin beren bizitza nola bat egingo erne bizi dira. Berak konturatu gabe Jainkoaren Misterioaren isla dira lurrean.

Ez zaie falta akatsik eta mugapenik. Ez daude immunizatuak bekatuaren aurka. Baina ez diete uzten bizitzako problema eta gatazkei ito ditzaten. Behin eta berriz jotzen dute beren baitako hondora. Jainkoaren presentzian bizitzen ahalegintzen dira. Bera dute beren desioak, hitzak eta erabakiak bateratzen dizkien erdigunea eta iturria.

Aski da beraiekin harremanetan jartzea, geure baitan bizi ditugun barreiaduraz eta artegatasunaz jabetzeko. Beraien ondotik erraz dugu sumatzea geure bizitzan bizi ditugun batasun-falta, hutsunea eta azalkeria. Ezezagunak ditugun alderdiak sumatzeko bidea ematen digute.

Espirituari zabalik bizi diren gizon-emakume hauek argi eta bizi-iturri ditugu. Berauen eragina ezkutukoa da eta misteriotsua. Jainkoagandik datozen harremanak eratzen dituzte gainerakoekin. Inoiz ere ikusi ez duten jendearekin elkartasunean, komunioan, bizi dira. Ezagutzen ez duten jendea txeraz eta gupidaz maite dute. Jainkoak kreazio osoarekin batasun sakonean biziarazten ditu.

Gure gizarte materialista eta azal hutseko honetan, espirituaren baloreei hartarainoko izen eta tratu txarrak ezartzen dizkien honetan, gizon-emakume «espiritual» hauen oroitzapena egin nahi izan dut. Giza bihotzeko antsiaren handiena eta egarria asetzen dituen azken Iturria dakarkigute gogora.

Jose Antonio Pagola