IZAN KONFIANTZA EBANJELIOAN Markos 16,15-20
Pazkoaldiko 7. Ig. IGOKUNDEA 2021-05-16

Elizak hogei mende ditu jadanik. Atzean gelditu dira bi mila urte: leialtasun-urteak eta baita, ez gutxi, desleialtasunezkoak ere. Geroak aurpegi iluna du. Elizaren baitan gainbehera-zeinuak nabari dira: nekea, zaharkitzea, ausardia-falta, etsipena. Haziz doa zerbait berri eta bestelako baten gogoa, baina baita ezina ere egiazko berrikuntza bat harrotzeko.

Mateo ebanjelariak, bere idazkiari gailurra ezartzeko, promesa bat ipini du Jesusen ahoan, beraren jarraitzaileengan betirako fedea elikatzera emana: «Ni zeuekin izango nauzue munduaren azkena arte». Jesusek bizirik jarraituko du munduan. Berak eragindako mugimendua ez da desegingo. Beti izango da beraren bizia eta beraren mezua eguneratuko dituen fededunik. Markosek, berriz, esan digu ezen, Jesusen Igokundearen ondoren, apostoluek «alde guztietan aldarrikatzen zutela ebanjelioa eta Jauna beraiekin ari zela».

Fede honek gaur egun ere Elizan konfiantza izatera garamatza: agian, atzerapenak eta erresistentziak, erroreak eta ahuldadeak gorabehera, beti jarraituko du ebanjelioari leial atxikitzen. Munduan eta gizakiagan ere konfiantza izatera garamatza fede horrek: askotan ez argi eta ez erraz ez diren bideetan barna, Jainkoaren erreinuak haziz jarraituko du.

Gaur egun gose eta indarkeria gehiago dago munduan, baina mundu hori gizatiarrago egiteko kontzientzia ere handiagoa da. Asko dira inolako erlijiotan sinesten ez dutenak, baina badute ustea bizitza zuzenago eta duinago batean guztientzat, azken batean Jainkoaren gogo handia horixe baita.

Konfiantza honek beste itxura bat ematen ahal dio mundua eta Elizaren geroa ikusteko gure erari. Pazientziaz eta bakean bizitzen laguntzen ahal digu, fatalismoan erori gabe eta ebanjelioaz etsi gabe.

Geure bizitza saneatu beharrean gara, esperantzarik gabe uzten gaituen guztia zaborretara botaz. Desengainuari, ezkortasunari edo etsipenari domina gaitzaten uzten diegunean, ezgai bihurtzen gara bizitza eraldatzeko eta Eliza berritzeko. Herbert Markuse filosofo estatubatuarrak esan ohi zuen: «bide egiten dutenek bakarrik merezi dute esperantza». Nik esango nuke, kristau-esperantza ezagutu, Jesusen urratsei jarraituz bide egiten dutenek bakarrik ezagutzen dutela. Halakoek «aldarrika diezaiokete ebanjelioa kreazio osoari.
Jose Antonio Pagola