JESUS POZ-POZIK ONARTU Lukas 1,26-38
Meza Abendu B 2020-12-20
Lukas ebanjelaria irakurleek beraren idazkia nolanahi irakurriko zuten beldur zen. Baina iragarri nahi ziena ez zen albiste bat gehiago, ez zen inperioan barna zebiltzan beste hainbat eta hainbat bezalako. Bihotza prestatu behar zuten: poza iratzarri, beldurra bota eta sinetsi Jainkoa hurbil dela, gure bizitza eraldatzeko prest dagoela.
Berdintzeko zail zen arteaz, eszena bat birkreatu zuen Lukasek: Mariak, bere bihotzaren barruenean entzun zuen mezua onartuz, Jesus bere Semearen jaiotza onartu zuen. Guztiok egiten ahal dugu bat Mariarekin, Salbatzailea onartzeko. Nola presta gintezke, ordea, Jesusen gizatasun maite-maitean haragi egin den Jainkoari poz-pozik harrera egiteko?
«Poztu zaitez». Esperientzia on bat bizitzeko prestatu nahi duenak entzungo duen lehen hitza da. Gaur ez gara gai izaten zain eta esperoan egoteko. Haur urduria bezalako izaten gara: dena berehala nahi izaten du. Ez gara gai izaten adi-adi egoteko, geure desiorik sakonenak ezagutzeko bada ere. Besterik gabe, ahaztu egin zaigu Jainkoari itxarotea, eta ez dugu jakiten jadanik poza nola aurkitu.
Bizitzaren alderik hobena galtzen ari gara. Aski izaten dugu ongizateak eskaintzen digun atsegin hutsarekin, plazerarekin eta jolasarekin. Badakigu errorea dela, baina ez gara ausartzen sinestera Jainkoak, fede xumez onartzen badugu, pozik bizitzeko bide berriak azaltzen ahal dizkigula.
«Ez beldur izan». Ezinezkoa da poza, barnetik eta kanpotik mehatxuka ari zaigun beldurrak jota bizi garenean. Nolatan uste izan, sentitu eta jokatu era baikorrean eta esperantzazkoan? Nolatan ahaztu gaitzari aurre egiteko ditugun geure ezintasunaz eta koldarkeriaz?
Ahaztu egin zaigu, garrantzizkoagoa dugula geure barne bizitza zaintzea kanpotik datorkigun guztia baino. Barnez hutsik bizi bagara, zaurgarri izango gara edozeren aurrean. Saretuz joango da Jainkoaganako dugun konfiantza eta ez dugu jakingo nola babestu kalte egiten digunaren kontra.
«Jauna zurekin». Jainkoa indar kreatzailea da, ona eta onik nahi gaituena. Ez gara bizi bakarrik, kosmosean galdurik. Gizadia ez dago bazter utzia. Nondik sortu egiazko esperantza, bizitzaren azken Misteriotik ez bada? Goitik behera aldatzen da den-dena, gizakiak Jainkoa bidelagun sentitzen duenean.
Jose Antonio Pagola