Hiru mezulari, hiru promes eta misterio bat
Abendualdiko 4. igandea B 2020-12-20
Lehen mezularia (Natan) eta lehen promesa (Davidi)
Abentura askoren ondoren, Iparraldeko eta Hegoaldeko errege bihurtu da David, Israelgo eta Judako errege. Hiri bat konkistatu du, Jebus (Jerusalem), hiriburu izango duena. Jauregi bat eraiki du. Eta hor hasi dira arazoak. Jauregiko aretoetan eroso bizitzen jarri denean, lotsa sentitu du Jaunaren Kutxa, Jaunaren presentziaren sinboloa, zerupean dagoela jabeturik, babes bakarra oihal-etxola lau bat duelarik. Eta etxe bat, tenplu bat, eraikitzea pentsatu du. Asmo horrekin bat dator Natan profeta. Jainkoa, ez. Jainkoa bera izango da Davidi familia bat, ondorengotza bat emango diona. Aita batek semea bezala tratatuko du Jainkoak Daviden ondorengo: «Zure etxeak eta zure erregetzak betiko iraungo du nire aurrean zure ondoren; zeure errege-aulkia sendoa izanen duzu beti» (2 Samuel 7,16).
Antzinako promes honetan oinarritzen da mesiastar esperantza. Sortuko da krisialdiko politikorik, erailko dute judu-erregerik, monarkia galduko da azken erregeak erbesteraturik Babiloniara eramango dituztenean. Baina izango dira talde batzuk esperantzari eutsiko diotenak Jainkoak ez duela bertan behera utziko David eta sortuko diola ondorengo bat, ezaugarri gero eta handiagoak izango dituena.
Bigarren mezularia (Gabriel) eta bigarren promesa (Israeli)
Ebanjelioa hain ezaguna da non ez baitu komentario-beharrik. Alabaina, batzuetan ahaztu egiten da aingeruak, Jesusez hitz egitean, Mariari esan dizkion hitzen eduki politikoa: «Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote; Jainko Jaunak bere aita Daviden tronua emango dio; Israel herriko errege izango da betiko, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango» (Lukas 1,32-33). Kontuan hartzen badugu «Goi-goikoaren Seme» esapideak ez duela adierazten «Hirutasun Santuko bigarren pertsona», baizik eta Israelgo erregearen titulua esan nahi duela, jabetuko gara Gabrielen hitzek indartsu errepikatzen dutela Jesusen erregetzaren ideia. Alabaina, haren erreinua ez da unibertsala, «Jakoben, Israelen, etxera» mugatzen da.
Gabrielek Mariari egindako iragarpena lauki bat da, ezkerrean datorren beste batekin erkatzean bakarrik ulertuko duguna: Gabrielek Zakariasi egindakoarekin, alegia. Bien arteko aldeak begi emanez, hobeto ageri da mezua.
1.-Zakariasi egindako iragarpena tenpluko eremu sakratuan gertatu da; Mariari egindakoa, berriz, Galileako 200 biztanleko herri ezezagun batean.
2.-Gabriel adin handiko beneragarri bati ari zaio; emakume oso otoizlari batekin ezkondua da; judu-bikote ereduzkoa; ondoren, Jainkoak bikote gazte batengana bidali du Gabriel, artean ezkongabea, zeinez ez baita adierazten inolako bertuterik.
3.-Lehen kasuan, gizonezko bat (Zakarias) da protagonista; bigarrenean, neskatxa bat (Maria).
4.- Zakariasi beldur sakratua eraginez agertu zaio; Maria, berriz, laudoriozko hitzez agurtu du, txunditurik eta harriturik utziz.
5.- Kasu bietan haur baten jaiotza iragarri du, baina beren artean egundoko aldeak izango dituzten bi haurrena: Joan profeta izango da, Eliasen tankerakoa, eta herria prestatzea izango du bere misio edo egitekoa: Jesus, berriz, erregea izango da, Daviden Etxea betiko gobernatuko duena. Sarritan uzten dira alde batera Jesusi dagozkion eduki politiko handiko hitz hauek: «Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote, Jainko Jaunak David bere aitaren tronua emango dio, Jakoben etxearen gain errege izango da betiko, eta beraren erreinuak ez du azkenik izango». Kontuan hartzen badugu «Goi-goikoaren Semea»k ez duela adierazten Hirutasun Santuko bigarren pertsona baizik eta Israelgo erregearen titulua dela, Gabrielen hitzak errepikatzearen errepikatzeaz errepikatzen dute Jesusen erregetzaren ideia. Baina beraren erreinua ez da unibertsala; «Jakoben etxearen erreinu» izatera mugatzen da
6.- Kasu bietan, ezinezkoa ematen zuen jaiotzak. Zakarias eta Elisabet agureak dira; Mariak ez du izan harremanik Joserekin [Ohiko itzulpenak –ez dut gizonik ezagutzen− gauzak oker ulertzeko bide ematen du; izan ere Mariak ezagutzen du Jose; senargaia du; hau da esan nahi duena; ez dut sexu-harremanik izan inongo gizonekin»].
7.- Zailtasun honen aurrean, Zakariasek berme bat eskatu du, esandakoa gertatuko delakoaz [testu grekoan ordea ez da garbi ageri ñabardura hori
:kata. Ti, gnw,somai tou/toÈ]; Maria galdera bat egitera mugatu da: «Nolatan gerta ninteke haurdun, gizon batekin harremanik izan ez badut?» [pw/j e;stai tou/to evpei. Andra ouv ginw,skwÈ].
8.- Ondorioa: Zakarias, Joan jaio arte mutu gelditu da; Mariak, berriz, azken hitz hau jaulki du: «Hona Jaunaren mirabea; gerta bedi nigan zure hitzarena». Esaldi honek laburbiltzen du Mariak bizitzan guztian izan duen jarrera eta aldi berean erabateko prest izatearen eredutzat agertu digu Maria kristauoi.
Hirugarren mezularia (Paulo) eta hirugarren mezua (mundo osoari)
Paulok ez du bisitatua artean Erroma, erromatarrei gutun hau idazten ari denean. Baina esperientzia handia du apostolutzaz eta gogoetaz. Batez ere, oinarrizko esperientzia izan du bere bokazio-unean: Jesus Mesias ez du bidali Jainkoak Israel herrira bakarrik, baizik eta nazio guztietara.
Misterioa
Labur esanda, Davidengandik Paulogana bitartean, ibilbide luzea egin da, eta ikuspegia modu miresgarrian zabaldu da: errege bati egindako promesa zen hasieran, gero herri bati egina, azkenean mundu osoari egina. Bigarren irakurgaiak dioen bezala, hau da «aurreko mendeetan gorderik edukitako misterioaren agerpena».
Hiru erantzun hiru mezulariri
Hartu dituzten mezuei zer erantzun eman diete hartu dituztenek?
Lehen irakurgaiak ez du jaso Daviden erantzuna; halere, gorespen eta esker otoitz luzea egin du Davidek, Jainkoak egin dion promesagatik (2 Samuel 7,18-29).
Mariak onarpen eta fede-erantzuna eman dio. Ez zaio burutik pasatu ere, ez zer-nolako memento latzak bizi beharko dituen Jesus dela-eta («ezpata batek zeharkatuko dio bihotza»), ez nolako fede handia beharko duen bere semea kritikatua eta terrorista eta biraolaria omen delako kondenatua ikustean.
Pauloren erantzuna, azkenik, bere erromatar irakurleei eragin nahi diena, Jainkoaren jakinduria eta aintza abestea da, Jesu Kristo tarteko dela.
Hiru erantzun hauek lagungarri ditugu Eguberri aurreko egun hauek bizitzeko.
Jose Luis Sicre