ABENDUALDIKO PREGOIA

Hona. Hastera goaz abendualdia.
Begira gora, igurtzi begiak, arakatu zeruertza.
Har kontuan une hau. Zorroztu entzumena.
Atzeman oihuak eta xuxurla, haizea, bizitza…

Abendualdia hastera goaz,
eta beste behin birjaio da esperantza zeruertzean.
Amaian, argituz, Eguberriak.
Eguberri soseguzkoa, barnekoia, bakezkoa,
senidezkoa, solidarioa, haragitua,
baita azalekoa ere, urratua, indarrezkoa…;
alabaina, beti, esperantzarekin esposatua.

Abendualdi da esperantza-haur hori,
guztiok daramaguna, jakin gabe, geure erraietan;
gar dardaratia, itzalezina,
zeharkatzen duena aldien loditasuna;
solidaritate-aldia, ondo korritua;
alaitasun eutsia ibilaldi bakoitzean;
engainurik ez duten aztarnak;
ernaldia bizitzaz blai;
iragarkia albiste onaz betea;
txera, maitasunez gainezka…
Egon erne eta entzun.
Pozez gainezka du oihukatzen Isaiasek:
«Gabiltzan Jaunaren argian».
Esperantzaz du aldarrikatzen Joan Bataiatzaileak:
«Bihotz-berri zaitezte, gainean da-eta Jainkoaren erreinua».
Israelgo pobre guztien esperantzaz,
munduko pobre guztienaz,
xuxurlatzen du Mariak bere onarpen-hitza:
«Gerta dadila nigan zure hitza».
Poztu zaitezte, alaitu jauzika.
Jantzi soinekorik hoberena.
Lurrindu zaitezte usaingarri garestiz. Nabari dadila!
Badator Jainkoa. Bizitu poza, bakea, esperantza.
Prestatu bidea. Badator gure Salbatzailea.
Badator Jainkoa… atean da.
Itzarri bizira!
(Ulibarri, Fl.)