Abendualdiko 1. ig B 2020-11-20
HOMILIA

Anai-arrebok!

Abendualdia, gure esperantza den Jesusen zain-zain egotea da. Jakina, zain egotea, esperantza izatea, ez da besoak gurutzaturik egotea. Gure esperantza, Jesusen utopia da, Jainkoaren Erreinua da: maitasunaren, solidaritatearen, errukiaren Erreinua.

Ebanjelioari egindako oharpenean, Bloch filosofo ateoarena entzun dugu: «oraindik izan ez, baina izatera iristeko eginahalak egitea». Ez da gutxiestekoa filosofo horren iritzia. Baina kristauok gauza bat, oso garrantzizkoa, gehitzen diogu: eginahal horretan ez gaude bakarrik, ez gaude gizadi osoa ere bakarrik; gure aitzindari eta eragile dugu Jesus: aurrea hartu digu Jesusek, gurekin ari da arian Jesus, gure helmuga Jesus bera dugu: geure lagun dugu Jesus, iraganean, orainean, geroan.

Izan ere, Jesus etorri dator. Etorri zen duela 2000 urte, etorri dator egunero eta ordu oro, egun batean etorriko da behin betiko. Duela 2000 urte agerian etorri zen, gorputz eginik; orain, egunero dator era misteriotsuan; egun batean aintzatsu etorriko da: izaki espiritual egingo den «ni» honek izaki espiritual den Jesu Kristo berpiztua argi eta garbi ikusiko du orduan betiko.

Baina gatozen egunero etorri datorren Jesusengana. Nola dator? Nola ezagut nezake Jesus hori?

Joantxok galdetu zion behin batean amonari: «Zer da abendualdian espero dugun hori?» Eta amonak: «Gure bizitzan igaro ohi den Jesus. Adi egoten ez bagara, Kepari gertatu zitzaiona gerta dakiguke». Eta istorioa kontatu zion: «Oso erlijiosoa zen Kepa. Egunero eskatzen zion Jesusi, bere aurpegia ikusten uzteko. Ez zuen hil nahi Jesusen aurpegia ikusi gabe. Behin batean, elizan zegoela ahots bat entzun zuen bihotzean: “iritsi da ikusiko nauzun ordua; bihar etxera joango natzaizu bisitan”. Kepa etxera joan zen poz-pozik, eta dena eder-eder prestatu zuen, bisitariari harrera egiteko. Alfonbra gorri bat ere jarri zuen atarian; baita saskitxo bat ere, gailetaz eta gozopilez betea. Eta bera atean, bisitaria noiz etorriko.
Horretan, mutiko bat hurbildu zitzaion jolasean, eta ikusmiran; errieta eginez bidali zuen Kepak; mutikoa triste joan zen.
Geroxeago, andere eskale adineko bat igaro zen; eskean joan zitzaion Kepari; honek, ordea, ez hurbiltzeko esan zion, alfonbra zikinduko zion beldurrez; eskaleak triste alde egin zuen, beste nonbaitera eskale.
Denboratxo bat pasatu zen, eta auzoko bat etorri zitzaion: istripua izan zuela eta laguntzera joateko esanez. Kepak erantzun zion, bisitari handi baten zain zegoela eta ezin ziola lagundu. Auzokoa triste joan zen.
Ilundu zuen, eta Jesusen arrastorik ez. Biharamunean elizara joan zen Kepa, eta kale eta huts egin izana aurpegiratu zion Jesusi. Isilune bat izan zen. Bat-batean ahots bat entzun zuen bihotzean: «Joan nintzaizun atzo, eta ez ninduzun onartu; ni neu nintzen mutiko hura, ni neu nintzen emakume eskale adineko hura, ni neu nintzen istripua izan zuen auzoko hura».
Kepa irten zen elizatik, joan zen etxera, eta negarrari eman zion. Ez zen gai izan hiru lagun haiengan Jesusi antzemateko.

Senideok!

Mediterraneo itsasoan milaka afrikar ari da itotzen.
Profetak hor ari zaizkigu salatzen, gobernariek eta dirudunek egiten dituzten zuzengabekeriak.
Apostoluek Mesias, Salbatzailea eta Askatzailea, Jesus etorri izana hots egin digute.
Apostoluek, Jesusen izenean, esan digute: «Ez beldur izan. Eman bihotz, eman animo jende ahul eta pobreari?»

Zer ari gara egiten horren guztiaren aurrean gu guztiok, gu gaurko jende hau, gu gaurko gizon-emakume hauek?

Jesus aurrez aurre ikusiko dugunean, esan ahal diezaiogula: Jesus maitea, zure laguntzarekin ur-ttantto bat bota diot, mundualdiko neure bizitzan, zuk erein eta aldatu zenuen landareari, Jainkoaren Erreinuari. Poz hori agertzera natorkizu, eta besarka nazazun.

Dionisio Amundarain

OTOITZA. Jainkoaren Misterio handia; kosmos osoaren eta gizon-emakume guztien Izatearen eta Biziaren sostengu zara; onar ezazu geure bizitzan bide egiteko dugun gogo beroa; izan ere, gu baino lehenagokoa eta gainditzen gaituen zure ekintzaren ontasunean dugu konfiantza, eta zugan ipinia dugu geure esperantza, nahiz eta geure ingurunea etsipen-seinalez betea dugun. Geure sentimendurik sakonenak agertu nahi dizkizugu. Jesu Kristo gure anaia eta adiskidearen, salbatzaile eta askatzailearen bitartez. Amen