URTEKO 33. IGANDEA A 2020-11-15
SARRERA
Anai-arrebok, urteko 33garren igandea ospatzen dugu gaur. Datorren igandean, Kristo errege eguna ospatuko dugu; urte liturgikoko azkena.
Lehenengo irakurgaia emazte jatorraz, emazte ariaz, aritzen denaz, mintzo da. Emazte hori Jainkoaren Jakinduriaren sinbolotzat hartzen da, batez ere. Baina ez da sinbolo hutsa. Gainera, emakumea bera goraipatzen du. Biblia ez da esaten den bezain antifeminista, nahiz garaiko giro patriarkala nabari ageri duen.
Ebanjelioa, berriz, jaso ditugun abildadeez, dohainez, mintzo da; honek ere baditu zailtasun batzuk ondo ulertua izateko. Beraz, bietan ibili beharko dugu kontuz, alea eta zaborra bereizteko.
Ebanjelioko parabola gure bizitzako alderdi guztiei dagokie. Nagi eta alfer izatearen kritika da. Handiak dira geure baitan ditugun ahalbideak eta gaitasuna. Astia hartu behar da horiek behar bezala, buruz eta zentzuz, erabiltzeko; zeinentzat da on nire lana? Batez ere, beldurra baztertu behar da, gaitasun horiek abian jartzeko.
Gizakiak bere ahalbide guztiei kutsua ateratzeari emanik bizi beharko luke, bere abildadeei fruitu emaraziz. Halere, kontuan hartu: «gizakia ez da ogitik bakarrik bizi». Kontua ez da produzitzea bakarrik. Kontua da, zer produzitu, nola produzitu, norentzat produzitu: «gose nintzen, egarri nintzen, biluzik nengoen, kartzelan nengoen, gaixo nengoen, eta laguntzera etorri zinen».
Jakin dezagun, Jesusen Espiritua geurekin dugula beti, bila ibiltze horretan.
LEHEN IRAKURGAIA Esaera Zaharrak liburutik (31,10-13.19-20.30-31)
Esaera Zaharrak liburua, Salomonena balitz bezala dator. Alabaina, jakinduriazko esapide-saila da; esapide horiek bizi-egoera jakin batzuetan pertsona jakintsu batek jasotakoak dira. Batzuetan kontraesanak ere ageri dira. Liburua, oro har, biziaren bila ibiltzeaz ari da, biziaren nolakotasunaren bila, bizia bere betera eramatearen bila. Alde horretatik, gaur egunerako oso interesgarria izan daiteke.
BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehen gutunetik (5,1-6)
Esan dezagun, beste behin: gutun hau Itun Berriko lehenengo idazkia da. Gaurko pasarteari dagokionez, gaurko honen aurreko zatian hildakoez hitz egin die Paulok tesalonikarrei; esaten die: ez dutela zertan atsekabetu hildakoak direla-eta; Jesusen heriotza eta piztuera direla medio, kristau fededun guztiak «Jaunarekin egongo dira».
Gaurko pasarte honetan, gizadiaren azkenaz beste puntu bat aipatu da: gizadiaren azken hori noiz izango eta zein inguruabarrez inguratua izango. Baina Paulok ez du horretaz aparteko argibiderik.
Soil-soilik, tradizioak bildu duena errepika dezake. «Jaunaren eguna» ustekabean etorriko da; gauez lapurra bezala.
Baina pax romanaren segurtasunean eta ilunpean bizi direnentzat azken hori mehatxagarri izango bada ere, kristauek ez dute zertan kezkatu, «argiaren seme-alaba» baitira. Baina horretarako, erne eta adi bizi behar dute.
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (25,14-30)
Gaurko ebanjelioan aipatzen diren talentuek ez dute zerikusirik adimenarekin. Zilar-puskak ziren talentu haiek. Baina guri, Jainkoak emanak ditugun abildadeak adierazten dizkigute.
Abildade horiek nola erabili adierazi nahi digu parabolak.
Jesus laster joango da. Ikasleak bakarrik utziko ditu, fisikoki behintzat, berak hasi duen egitekoari segida emateko. Nork bere erantzukizuna du egiteko hori gauzatzeko orduan.
Parabolako bi lagunek bikoiztu egin dute hartutakoa. Biak goratu ditu nagusiak. Hirugarrenak ez du arriskurik hartu nahi izan, eta hartutakoa bakarrik itzuli dio nagusiari. Honek gutxietsi egin du, ezer egin ez duelako.
Gaurko ebanjelioaren mezuak, gu animatzea du helburu guztia. Erdi lo egotetik irteteko eskatzen digu; beldurra alde batera uztera animatzen gaitu.
HERRIAREN OTOITZA
1.- Gizon-emakume guztientzat: inguruan ditugun guztientzat, animatzaile eta eragile izan gaitezen; batez ere, lur jota-edo ikusten ditugunean. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Alderdi politiko txikientzat, lanbide politikoan ordezkapen txikiagoa dutenentzat: pesimismoan erori gabe, gatz eta akuilu izan daitezen, zuzenbidea jatorrago egiteko. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixo, bakarti, preso, goseak sufritzen ari direnentzat: ARGI handira gidatuko dituen izarra zeru-sabaian ikus dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Enpresari eta langileentzat: lanari ekitean, pentsa dezaten: zer lan, nolako lana, nola egina, zeinen probetxurako lana egin nahi dut. Eska diezaiogun Jaunari.