BILAKETA SORTZAILEA (Mateo 25,14-30)

Urteko 33. igandea A 2020-11-15

Itxurazko bere xalotasuna eta guzti, talentuen parabolak karga lehergarri handia du. Harrigarria da ikustea, hirugarren morroia gaitzetsia dela inolako ekintza txarrik egin gabe. Bere oker guztia ezer ez egina du: ez du arriskatu bere talentua, ez dio fruiturik emanarazi, osorik gorde du leku seguru batean.

Argia da Jesusen mezua. Ez kontserbatismoari, bai sormenari. Ez bizitza antzu bati, bai Jainkoari emandako erantzun eginkorrari. Ez segurtasun-obsesiboari, bai ahalegin arriskutsuari mundua eraldatzeko. Ez konformismopean hobiratutako fedeari, bai lan konprometituari Jainkoaren erreinuari bideak urratzeko.

Jesusen jarraitzaileen bekatu handietako bat izan daiteke ez arriskatu nahi izatea, berari era sortzailean jarraitzeko. Esanguratsua da kristauen artean urte askotan erabili izan den hizkuntzari erreparatzea, arreta sarritan zertan zentratu izan dugun ikusteko: fedearen gordailua gorde; tradizioa kontserbatu; ohitura onei eutsi; grazia gorde; bokazioari eutsi…

Kontserbatismo-tentazio hau bortitzagoa izan ohi da krisialdi erlijioso batean. Aise gertatzen da orduan ortodoxia kontrolatu beharrari gogoa eta eskua ezartzea, diziplina eta arautegia indartu beharra, Elizako izatea segurtatzea… Den-denak izan lezake bere azalpena, baina ez al da gertatzen sarritan Ebanjelioa desitxuratzeko aitzakia eta Espirituaren sormena izoztekoa?

Zuzendari erlijiosoentzat eta kristau-elkarteen arduradunentzat erosoagoa gerta liteke «errepikatzea», era aspergarrian, iraganetik hartuak diren bideak, kontuan hartu gabe gizaki modernoaren galderak, kontraesanak eta planteamenduak; baina zertarako hori guztia, gure egunetako gizon-emakumeentzat ekaitz bortitz diren problemei eta sufrimenduei argia eta esperantza eskaintzeko gai ez bagara?

Elizaren barnean gaur egun zaindu beharreko jarreren izenak ez dira «zuhurtasuna», «iraganari leialtasuna», «amore ematea»… Aitzitik, beste izen bat dute: «bilaketa sortzailea», «ausardia», «arriskurako gaitasuna», «Espirituari entzutea», den-dena berri egiten baitu honek.

Gauzarik larriena izan daiteke, parabolako hirugarren morroiak bezala, guk ere uste izatea, Jainkoari leial erantzuten ari gatzaizkiola geure jarrera kontserbadoreaz, egiaz hark espero zuenari huts egiten ari gatzaizkiolarik. Elizaren egitekorik nagusiena gaur egun ezin izan da iraganari eustea, baizik Jesusen Berri Ona komunikatzen ikastea inoiz ez bezalako aldaketa soziokulturalek astindua den gizartean.

Jose Antonio Pagola