Urteko 32. Igandea A 2020-11-08
HOMILIA
Gaurko ebanjelioak eta datozen bi igandeetakoek munduaren azkenari egiten diote erreferentzia. Gaurko bigarren irakurgaian ere, guztiok gozatuko dugun piztueraz mintzo da.
Batek baino gehiagok sentituko du larria munduaren azkena aipatzean. Ez da Jesusen asmoa inor estu eta larri jartzea. Batzuek santu bati aplikatzen diote, eta beste batzuek beste bati. Gerora santu deklaratu duten hori, jolasean omen zebilen behin, beste askotan bezala; lagun batek galdegin omen zion: «Zer egingo zenuke hemendik laster hilko zarela jakingo bazenu?» Eta erantzuna: «Jolasean jarraituko nuke». Horixe. Horretara gonbidatzen gaitu Jesusek gaurko ebanjelioan: «egizu une honetan dagokizuna». Egizu. «Egizu» horixe dugu aztertu behar duguna. Zer esan nahi du «egizu» horrek?
Jesusek, parabola edo ipuin baten bidez argitu nahi izan digu zer esan nahi duen «egizu» horrek. Eta parabola moldatzeko, bere garaiko ohitura batez baliatu da.
Jesusen garaian, ezkontza bat ospatzekoan, senargaia bere lagunekin andregaiaren etxera joaten zen. Handik, biak, bataren eta bestearen lagunekin, senargaiaren etxera joaten ziren: han ospatzen zituzten, bai ezkontza bera, bai eztei-jaiak. Horrek guztiak, jakina, ezkontzekoen adiskideei zain egon beharra eskatzen zien: senargaia noiz etorriko; andregaia noiz prestatuko.
Horiek horrela, Jesusen gaurko parabolan hamar neskatxa ageri dira. Senargaiaren zain jarri dira. Eskuan kriseiluak dituzte; argi-ontziak. Olioz elikatzen diren kriseiluak. Hor daude hamarrak zain eta zain. Baina asko atzeratu da senargaia, eta zain egoteaz aspertu eta loak hartu ditu.
Honetan, oihua: «badator senargaia». Zutitu dira. Kriseiluei begiratu bat eman, eta olioa bukatzen ari zaiela konturatu dira. Hamarretatik bostek ordezko olioa ekarri dute; besteek erostera joan behar izan dute. Bitarte horretan ezkontza-etxera sartu dira prest zirenak. Besteak beranduegi iritsi dira: ateak itxiak zeuden.
Zer esan nahi du parabola honek? Bost neskatxa zentzudunek jakin dute egin beharrekoa egiten. Beste bostek ez. Horixe esan nahi du «egizu» delakoak: egizu dagokizuna. Bada latinez esaldi bat, oso polita: «age quod agis»=egizu egiten ari zarena.
Baina zer edo zein da egitea dagokizuna. Lehen irakurgaiak esan digu: bila ezazu Jakinduria, presta zaitez Jakinduriari antzemateko; edozein unetan datorkizu bera; begiak zabalik, bihotza erne behar duzu egon hura datorrenean, berari «bai» esateko. Bizia jokatzen dugu. Ezin bizi gintezke axolagabe. Ezin bizi gara zabar. Gizon-emakume bezala bizitzea dagokigu. Hori da «egizu»k eskatzen diguna: gizon-emakume bezala bizitzea. Bizitza arretaz, arduraz, erantzukizunez, serioski… bizitzea da kontua. Behar denean jolas, behar denean lo, behar denean jan, behar denean lan, behar denean lagundu, behar denean… «Egizu» zeure bizitza.
Jesusek agindu digun betiko biziak, Paulok aipatu digun piztuerak, poza eta kemena eman behar liguke adi eta erne, azti eta esna bizitzeko. Jesusen Espiritua beti ari zaigu oihuka eta irrintzika: «begira, badator senargaia, badator Jesus, badator betiko ezteietara gonbidatu gaituen eta eraman nahi gaituen Jesus berpiztua». Izan dezagula zoria ahots hori entzun, eta geure kriseiluak behin eta berriz olioz, egintza honez, zuzentasunez, maitasunez betetzen saiatzeko. Andre Mariak lagundu gaitzala.
Dionisio Amundarain
Aste honetan San Carlos Borromeoren (1538-1584) jaia ospatu dugu. Beraren irakurgai batean, bada «egizu egiten ari zarena» horrekin bat datorren esaldi bat: gauza bakoitzari dagozkion bideak egitea esaten du. Hona: «Apaizen batek [hau eta bestea] nahi luke, baina ez da arduratzen behar diren baliabideak kontuan hartzera,,, Beste bat kexu da: salmoak otoiztera edo meza ematera doanean, burura mila gauza etortzen zaizkio, Jainkoagan pentsatzea eragozten diote; baina pertsona honek, salmoak otoiztera edo meza ematera joan aurretik, zer egin du sakristian edo elizan, nola prestatu da. zer baliabidez baliatu da atentzioari edo aditasunari eusteko?» (San Carlos Borromeo (1538-1584), Milanoko artzapezpikua, in Liturgia de las Horas, IV, 4 nov.).