SANTU GUZTIEN EGUNA 2020-11-01

SARRERA

Anai-arrebok! Santu guztien jaia ospatzen dugu gaur. Esperantza-eguna. Bizi-emailea. Poztekoa.
Urteen joan-etorrian gizon-emakume asko bizi izan da ondradu, jator, zintzo, zuzen, adiskidetsu. Horietako askok Jesusen Ebanjelioaren Berri Ona ezagutu dute, eta haren arabera bizitzen saiatu dira. Beste asko, Ebanjelio hori ezagutu gabe, gizon eta emakume bizitzen saiatu dira; beren barnean Espirituak eragiten zien moduan: apal eta zerbitzari.
Guztiek bizi izan dituzte, nork bere moduan, fedea, esperantza eta maitasuna. Fedea: gizakume ororen bihotzean ezarri du Jainkoak beraren ezagutza, txikiena bada ere. Esperantza: gizakume ororen bihotzean ezarri du Jainkoak ustea, bizitza ez dela bukatzen bizitza honetan. Maitasuna: gizakume ororen bihotzean ezarri du Jainkoak berak maite gaituelako susmoa eta, horrekin, maitasunari maitasunaz erantzutea dela gizabidea.!

LEHENENGO IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik 7,2-4.9-14

Apokalipsi liburu hau lehenengoz hartu duen kristau-elkartea, pertsekuzio handia ari da bizitzen. Kristoren lehen mendearen azken aldera. Domiziano Erromako enperadorearen agindupean. Kristau-elkarte horri esperantza emateko idatzia da liburua. Puntu askotan zaila da guretzat ulertzeko; sinboloz baliatzen da autorea; momentuko hartzaileek oso ondo ulertzen dituzten sinboloz; pertsegitzaileek ulertzen ez dituztenez.
Gaurko pasartea baino pixka bat lehenago, pertsegitzaileen porrotaz aritu da. Gaurko honetan, berriz, pertsekuzioa bizitzen ari direnen garaipenaz.
Lehenbiziko zatian, jendetza izugarri handia aurkezten digu garaile..
Bigarren zatian, berriz, gurutzean hil baina piztueraz garaile atera den Bildotsaren jira-biran ageri den jendetza agertzen digu: «nazio guztietatik, arraza guztietatik, herri eta hizkuntza guztietatik» bildu den jendetza.

BIGARREN IRAKURGAIA Joanen lehen gutunetik (3,1-3)

Pasarte labur honetan, zeruko Aitak guztiontzat duen maitasuna kontuan hartzera dei egiten digu autoreak: «seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara».
Baina, jakina, maitasun honek maitasuna du erantzuna. Eta batak besteari eskaintzen diogun maitasunean agertuko da Jainkoarekiko dugun maitasuna. Alabaina, gizadia ez da iritsi oraino maitasuna bere betean ezagutzera. Askoz gutxiago, bizitzera. Horregatik, «munduak», Jainkoaren maitasuna ezagutu ez duen munduak, pertsegitu egingo du maitasun hori ezagutu duena..

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (5,1-12)

Jesus errukitu egin da jendetzaz, eta hitz egiten hasi zaio. Eta zoriontasunak jaulki ditu.
Kristautasunaren historian, Zoriontasun hauek betetzea zaila dela ikusita, izan da bi kristau-maila ikusi izan duenik. Batetik, Zoriontasunak betetzera deituak izango lirateke. Bestetik, hainbeste eskatzen ez zaienak.
Baina, ez. Mateo ebanjelariaren arabera, ikasleei eta jendetzari mintzo zaie Jesus. Guztiei. Jesusen jarraitzaile guztientzat dira Zoriontasunak. Kristori jarraitzea ez da bukatzen «bai» esate hutsean; egintzak ditu eskatzen.
Bestalde, zoriontasunetan, bi alde ditugu: eskakizunak eta promesak. Eskakizunak baino askoz handiagoak promesak. Eta promesak ez dira geroko mundurako bakarrik. Orain berean ezagutuko dute pobreek Jainkoa..

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliztar guztien alde: santutasuna bila dezagun, zoriontasunen bidetik bilatu ere. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Jainkoaren seme-alaba garen usteak pozik eta esperantzadun bizitzeko modua eman diezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Birusaren aldi honetan, zer nozitua ez ezik, zer pentsatua ere izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Egun batean gizadi osoa Jainkoaren erreinuan elkartu eta betiko bizia goza dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.