DIOTENA EZ DUTE EGITEN (Mateo 23,1-12)

Urteko 31. igandea A (2020-11-01)

Haserre profetikoz mintzo da Jesus. Beraren hitzaldia, jendeari eta bere ikasleei zuzendua, Israelgo buruzagi erlijiosoei egindako kritika zorrotza da. Mateok laurogeigarren urte inguruan jaso du hori, kristau Elizaren gidariak antzeko jokabidean eror ez daitezen.

Ekar ote genitzake gaur gogora Jesusen akusazio horiek bakez, konbertsio-jarreraz, polemika antzuetarako gogorik gabe? Jesusen hitzak gonbita dira, gotzainek, apaizek eta eliz erantzukizunen bat dugun guztiok geure jarduerari berrikusi bat egin diezaiogun.

«Diotena ez dute egiten». Geure bekaturik handiena inkoherentzia dugu. Ez dugu bizi predikatzen duguna. Badugu botererik, baina aginpidea zaigu falta. Geure jokabideak gezurtatzen gaitu. Zuzendarien biziera ebanjelikoago baten etsenpluak giroa aldatuko luke kristau-elkarte askotan.

«Zama astun eta jasanezinak lotzen dituzte eta gizon-emakumeei lepoan ezartzen; berek, ordea, ez dute mugitzen hatz bat ere haiek eramateko». Egia da. Sarritan zehatz eta zorrotz izan ohi gara besteekin, ulerkor eta sentibera geure buruarekin. Jende xumea estutzen dugu geure eskakizunekin, eta ez diegu errazten Ebanjelioaren harrera. Ez gara Jesus bezalako, hura bere zama nola arinduko ibiltzen da, apal eta bihotz-xume da eta.

«Jendeak ikus ditzan egiten dute den-dena». Ezin ukatu dugu oso gauza erraza dela geure irudiari nola eutsiko bizitzea, ia beti besteen aurrean nola «ondo geldituko» bila. Ez gara bizi zokorik zokoena ikusten duen Jainko horren aurrean. Arduratsuago gara geure izen pertsonalaz.

«Lehen postuak dituzte atsegin eta lehen jarlekuak […] eta kalean agur egin diezaieten eta maisu deitu diezaieten». Lotsa ematen digu aitortzea, baina hori dugu gustuko. Tratu berezia eman diezaguten nahi izaten dugu, eta bilatzen, eta ez anaia edo arreba gehiago bezala. Ba ote gauza barregarriagorik, Jesusen lekuko bat kristau-elkarteak bereizi eta adeitasunez har dezan bila ibiltzea baino?

«Ez utzi maisu esan diezazueten […] ezta irakasle ere […] zeren bat bakarra baita zuen Maisua eta zuen Irakaslea: Kristo». Ebanjelioaren agindua ezin izan da argiagoa: uko egin tituluei, Kristori itzalik ez egiteko; norabidetu fededunen arreta harengana bakarrik. Zergatik ez du Elizak ezer egiten hainbat titulu, hainbat onura-bide, hainbat ohore eta duintasun-adierazpen ezabatzeko, argiago agertze aldera Jesusen aurpegi apal eta hurbila?

«Ez deitu inori zeuen aita lurrean, bakarra baita zuen Aita: zerukoa». Jesusentzat, Aita titulua hain bakarra, sakona eta bihozkoia da, non inork ez bailuke hartu behar titulu hori kristau-elkartean. Zergatik uzten dugu erabiltzen?

Jose Antonio Pagola