URTEKO HOGEI TA HAMEKAGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Jainkoaren erasiak bere Tenpluko apezen kontra )

Malakias profetaren liburutik 1,14–2,2.8-10

1,14 Errege handia naiz ni, dio diren guzien Jaunak,
eta nere Izena beldurgarria da herrialdeetan.
2,1 Orai, apezak, zuentzat oharpen hau:
2 Ez baduzue entzun nahi,
ez baduzue axolarik nere Izenari aintza emaiteko,
dio diren guzien Jaunak,
madarikapena igorriko dut zuen gainerat,
eta zuen benedizioneak madarikatuko ditut.
8 Zuek, bidetik baztertu zirezte,
ainitz eta ainitz erorrarazi ditutzue Lege bidean,
hautsi duzue zuekin nuen Batasuna,
dio diren guzien Jaunak.
9 Hargatik, nik ere mespretxagarri egin zaituztet,
eta zirtzil herri guziarentzat,
nere bideak ez ditutzuelakotz begiratu,
eta Legeari buruz, alderdikari izan zireztelakotz.
10 Eta guk, Jainkoaren herria, ez ote dugu guziek Aita bat bera?
Ez ote da Jainko bat bera gu egin gaituena?
Zergatik ari gira elgar saltzen,
Jainkoak gure arbasoekin egin zuen Batasuna zikinduz?

Bakotxak beretako har ditzala Malakias profetaren hitz idorrak. Apezek « batasuna
hautsi » dute eta laikoek « ostikatu ». Gauza jakingarria, bi hitz horiek desberdinak dira, zeren
erantzukizunak ez baitira berdinak biendako. Hitz lazgarri horiek entzutearekin pentsatzerat
emaiten daukute oren latzetan girela. Bosgarren mendean gira, Jesu-Kristo aitzin. Babilon
hirian populua deserriturik egon ondoan etxerat sartu delarik, lazakerian bizi da. Han urrun
zelarik edertua zuen berriz etxerat itzultzea, bainan itzulzea da, otoitzari jarraikitzea eta
anaitasunean bizitzea, Elkargoak galdegiten duen bezala.
Malakias profetak dio Jainkoa ez dela aldatu. Liburua hasten du erranez : « Maite
zaituztet » eta « Aita naiz ». Hitz horiek Jainkoarenak dira. Hortakotz, profetak ohartarazten
dio Izrael populuari amodio horrek bere eskaerak badituela.
Apezak hitzaren zerbitzariak dira; beraz, hitza behar dute jakinarazi andeatu
gabe.Beren leialtasuna Elkargoari frogatuko dute hitzari leial egoiten badira. Sinesten badugu
testoak erraiten duena, Malakias profetaren denborako apezek bazuten ele idor horien
entzutearen beharra. Eta populuak jakin behar du anaitasunean bizi balinbada, Jainko Aitaren
amodioari leial dagola. Malakias profetaren liburua biziki laburra da, bainan hiru erakaspen
nausi emaiten ditu : Jainkoa Aita dela, Elkargoa proposatzen duela eta Elkargo hori bizitzen
dela Jainkoa zerbitzatuz eta anaitasunean biziz.

Salmoa 130

Leloa: Nere arima ezar, Jauna, zure bakean, zure baitan.

Ez dut bihotza haundi nahi, Ez behakoa beti goiti.
Ez naiz ibilki espantutan, Ez goregiko urratsetan;
Arima daukat nik bakean, Bakean eta ixilean.
Amak ttikia besoetan… Berdin arima nere baitan
Egon, Izrael, Jainkoari, menderen mende kantuz ari.

Usaian Salmoa lehenbiziko irakurgaiaren oihartzuna da. Malakias profetaren predikua
bortitza da, apezak eta populua xehatzen ditu Batasuna trahitu dutelakotz. Salmo hau aldiz,
desberdina da eztitasunez betea.
Sartuko gira Salmoan azken erranalditik : « Egon, Izrael, Jainkoari, menderen mende
kantuz ari ». « Egon », Bibliako mintzairan erran nahi du « konfiantza izan ». Fedea duena ez
da egoiten beha nagikerian, bainan ezin egonezko haiduru batean, beha egonez nola Jainkoak
obratuko dituen hitzemanak. Izrael populua beha dago beti noiz jinen den « Mesias » eta egun
hura deitua da « Jainkoaren eguna ». Haiduru horren ondotik, orain jiten da: « Gau-zaindaria
goiz-argiaren iguriki dago, ene arima Jaunaren igurikiago ». Populuak, fede azkarra du
Jainkoak egin agintzen alderat eta fede horrek esperantza hazten dio eta fede horri esker buru
eginen diote nekeeri, zer nahi gertaturik ere.
Ez baita aise konfiantzaren ukaitea, orduan, olerkariak emaiten dio konparazio bat :
haur ttipi bat amaren besoetan, goxoki hari josia. Hemen, haur ttipia, Izrael populua da eta
ama Jainkoa bera. Eta haurño hori ezti dago amaren besoetan, baitaki zoriona jinen dela.
Behar litake jakin beha egoiten.
Izrael populuak konfiantza lasai batez betea izan behar du eta badea irudi pollitagorik
ama bat bere haur sortu berria besoetan baino! Bainan liferentzia bada, haur sortu berriak
amaren besoetan ez du arrangurarik. Izrael populua aldiz, beti hersturan da « Arima nik
daukat bakean, bakean eta ixilean » bainan bere burua bortxatu behar du hersturaren
urruntzeko. Olerkariak asmatu du konparazio goxo hori, ez da aise populuari konfiantzaren
emaitea, zeren xede ospetsu eta handi guziak bazterrerat utzi behar baitira : « Jauna, ez dut
bihotza haundi nahi, ez behakoa beti goiti. Ez naiz ibilki espantuan, ez goregiko urratsetan. »
Salmo hau herria deserritik gibelerat jin eta egina izan da : xede ospetsuak bazterrerat utzirik,
Jainkoak maite duen populua miretsia dago.
Beraz, amets ospetsuak utziz bazterrerat, Izrael populuak ulertzen du mundu guzian
Jainkoaren lekuko agertu behar duela : ez Jainko boteretsu eta ospetsu batena, bainan Jainko
amultsuarena. Jainkoak pazientziarekin eremaiten du populua Jainko egiazkoaren aurpegirat.
Lehen Jainkoaren aurpegia gerlarena zen, hemendik goiti Jainkoaren aurpegia amultsua
izanen da. Ikusten dugu, ttipienak handienak direla.
Hola, hobeki ulertzen dugu zendako Malakias profetaren testoa eta Salmoa
desberdinak diren : Malakias profeta zorrotz agertzen da apezen eta laikoendako, Salmoak
aldiz erraiten diote predikarieri zer sendimendu behar duten, utziz bazterrerat xede
urgulutsuak, denak Aita beraren haurrak girelakotz. Jesusek berak erran du : « Ez bazirezte
haurren iduriko bilakatzen, ez zirezte Jainkoaren erresuman sartuko. »

Bigarren irakurgaia

( Apostolua eta kristau elkartea )

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 2,7b-9.13

Haurrideak,
7 maitasun samurrez arizan gira zuekin,
bere haurrak maiteki zaintzen dituen ama bezala.
8 Hain bihotzeko zintuztegun, non eman nahiko baiginautzuen
ez bakarrik Jainkoaren Ebanjelioa,
bainan gure bizia ere, hainbestetaraino maite zintuztegun.
9 Haurrideak, gogoan ditutzue gure neke eta akidurak:
zuetarik nehoren bizkar ez izaiteko, gau eta egun lanean ariz
dautzuegu Jainkoaren Ebanjelioa predikatu.
13 Horrengatik, geldigabe Jainkoari eskerrak emaiten diozkagu.
Jainkoaren hitza gure ahotik hartu zinutenean,
ez zinuten gizon hitz bezala hartu,
bainan Jainkoaren hitz bezala.
Hala da zinez,
eta lan ederra egiten ari da sinesten duzuenen baitan.

« Maitasuna » hitz hori Paulok bi aldiz erabiltzen du : hemen eta Timoteori igorri
bigarren gutunean : « Jaunaren zerbitzariak, ordea, ez du kalapitaria izan behar, denekin
maitagarria bai ». Gomendio hori egiten diote artoski buruzagieri. Maitagarria dena ez da
melenga, bertute hori jende bihozdunen bertutea da. Amak eztiki haurra besotan duelarik ez
du baztertzen fermutasuna ; egiazko ama batek badaki haurra boterearekin altxatzen, badaki
fermu izan behar duela, nahi badu behar den bezala hezi. Amaren irudia haurrarekin, Paulok,
Testamendu Zaharrean hartua du, eta igande huntako Salmoak aipatzen du « amak ttikia
besoetan. »
Apostoluek ez dute bakarrik mezua hedatzen, osoki beren burueri uko egiten
diote : « Hain bihotzeko zintuztegun, non eman nahiko baiginautzuen ez bakarrik Jainkoaren
Ebanjelioa, bainan gure bizia ere. »
Testo labur huntan ohartzen gira nola Paulo tematzen den hitz zonbaiten erraiten :
« Jainkoaren Ebanjelioa », « Jainkoaren hitza », « Eman nahiko baiginautzuen Jainkoaren
Ebanjelioa », « Jainkoaren hitza gure ahotik hartu zinutenean, ez zinuten gizon hitz bezala
hartu, bainan Jainkoaren hitz bezala. »
Hiru gauza gogoan atxikitzen ahal ditugu : lehenik : premiatsuena da guretako hitzaren
hedatzea, gure gomendio ezarria delakotz. Guk ez badugu hitza hedatzen, nork eginen du ?
Huna Paulok zer erraiten duen Korintiarreri : « Berrionaren mezutzeaz ez dut espantu
egiterik ; nere eginbeharra da, zorigaitz neri berriona mezutzen ez badut. Hori nihaurek
hautatu banu, saria mereziko nuke ; bainan emana zaitan karguaren betetzen ari banaiz, zer
sari zor zait orduan ? Hau bakarrik : berrionaren mezutzea urririk. » Paulok, Tezalonikarreri,
gauza bera erraiten diote : « Haurrideak, gogoan dituzue gure neke eta akidurak : zuetarik
nehoren bizkar ez izaiteko, gau eta egun lanean ariz dautzuegu Jainkoaren Ebanjelioa
predikatu. »
Bigarrenekorik : Apostoluek mezutzen duten hitza ez da bakarrik gizonen
hitza. « Jainkoaren hitza gure ahotik hartu zinutenean, ez zinuten gizon hitz bezala hartu
bainan Jainkoaren hitz bezala. » Testamendu Berriko apostolua, Testamendu Zaharreko
apostoluaren idurikoa da, erran nahi baita « Jainkoaren ahoa » ; gizona mintzo da bainan
haren ahotik Jainkoaren Izpiritua mintzatzen da. Hemen ikusten dugu, predikariaren
eginkizuna premiatsua dela bainan denbora berean predikuak mugak badituela, zeren fedearen
hitzak Jainkoarenak bakarrik baitira.
Gogoan dugu Bernadette Soubirous haurraren erranaldia, Lurdeko erretorari
anderearen hitzak erran zituelarik : « Ez daut galdegin zuri sinetsarazteko, galdegin daut zuri
erraiteko. » Apostoluak umiltasun bera behar du, badaki ez dela hitzaren jabe, eta ez daki
beraz hitz horrek zer ondorio ukanen duen.
Hirugarrenekorik : hitz hori errezebitua balinbada Jainkoaren hitza bezala, fededunen
bizia kanbiatuko du : « Jesu Kristorenganik ukan dut apostolu izaiteko dohaina, haren
aintzarako nere bidez pagano-herriek Jainkoaren baitan sinetsi eta hari obedi diezoten. »
Obeditzea, Paulorendako konfiantzarekin aditzea da, amodiozko hitza delakotz. Apostoluak,
aditzaleak laguntzen ditu hitzeraino, hor heien libertatea hasten da, fedearen konfiantzian,
menpetasun goxoan, eta libertate osoan. Entseatzen bagira hobeki Jainkoaren hitzaren
aurkitzera fedearekin, orduan ikusiko dugu Jainkoaren mixterioa onbidetsua dela.
Azkenean erraiten ahal dugu bi testoak ez direla desberdinak, Malakias profetaren
erasien ondotik, Paulok Izrael populuari igorri gutunean, irakurtzen dugu artzain onak
ekartzen duela hitza, bainan ez berea, Jainkoarena, zeren artzain ona ez baita hortako baizik
bizi. Haren zorionik handiena da ikustea, hitzaren mezuarekin, Tezalonikako Eliza bizi dela.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Ez duzue Aita bat baizik, zeruetako Aita.
Ez duzue Irakasle bat baizik, hura da Kristo.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 23,1-12

1 Jesus jendaldeari eta dizipulueri hunela mintzatu zitzaioten:
2 “ Lege-irakasle eta farisauak Moisen predika-alkian jarriak daude.
3 Egizue, beraz, eta bete heiek erran guzia.
Bainan heiek egiten dutena ez egin,
erraiten baitute, bainan ez egiten.
4 Zama pizuak lotzen dituzte eta jendeen bizkarrean ezartzen.;
bainan berek ez dituzte erhiaz ere higitu nahi.
5 Egiten duten guzia, jendeak ikusteagatik egiten dute:
6 beren larrutxak zabal erabiltzen dituzte, eta litsak luze.
7 Maite dituzte lehen jarlekuak afarietan,
aitzineko alkiak zinagogetan,
agurrak plazetan, eta jendeak erran diezoten: ‘Irakasle jauna’.
8 Zuek, ordea, ez bila nehork erran diezazuen: ‘ Irakasle jauna’,
irakasle bat baizik ez baituzue,
eta denak elkarren haurride baitzirezte.
9 Lur huntan ez erran nehori ‘aita’,
ez baituzue aita bat baizik, zerukoa.
10 Ez bila ere nehork erran diezazuen ‘gidari’,
gidari bat baizik ez baituzue, Kristo.
11 Zuetarik handiena izan bedi zuen zerbitzari.
12 Bere burua goratuko duena, apaldua izanen da,
eta bere burua apalduko duena, goratua.”

Testo hunek, Elizako buruzagientzat diren zepoak, hutsak eta kontseiluak aipatzen
ditu. Hemen Jesusek, gizon baten itxuran, huts guziak elgarretaratzen ditu. Bixtan dena, gizon
batek ez ditu huts guziak izaiten ahal, Paulo hor da frogatzeko. Alta harek legea hertsiki
segitzen du, bainan ez da hori premiatsuena, Jesusek nahi ukan du erakaspen bat eman
« gizaldeari eta dizipulueri. »
Lehen zepoa : « erraiten dute, bainan ez egiten » ;
bigarrena : boterearen pratikatzea bortizki eta ez zerbitzu bat bezala ;
hirugarrena : urgulutsu izaitea ;
laugarrena : bere buruari sinetsaraztea nausi handia dela, eta ohoreen maitatzea.
– Lehen zepoa, « erraiten dute bainan ez egiten » ; « lege-irakasle eta farisauak
Moisen prediku-alkian daude. Egizue, beraz, eta bete heiek erran guzia. Bainan heiek egiten
dutena ez egin. » Huts horiek hain dira gizonari lotuak nun Testamendu Zaharreko Juduek
errepikatzen baitute egin behar dela erraiten dena, eta Jesusek ber gauza erranen du: « Beteko
dituena aldiz, eta irakatsiko, handitzat hartuko du Jainkoak bere erresuman »; «Ez da aski
neri «Jauna, Jauna! » erraitea Jainkoaren erresuman sartzeko, zeruko nere Aitaren nahia
egin behar da. »
– Nagusitasuna erabiliz bortizki, jendea menpean atxikitzen da, eta ez zerbitzu bat
bezala egiten: « zama pizuak lotzen dituzte eta jenden bizkarrean ezartzen; bainan berek ez
dituzte erhiaz ere higitu nahi. » Ontasunaren, jakitatearen, boterearen jabe izaitea, estakuruak
izan daitezke jendea menpean atxikitzeko. Ez ginduke sekulan ahantzi behar ditugun guziak
baliatu behar ditugula ongiaren egiteko. Eta gehiago dena, Jainkotzat beren burua hartzen
dute. Ainitz buruzagik, beren burua daukatelakotz bertzeak baino gehiago, ainitz guduen
iturria hortan da.
– Farisauak urgulutsuak dira: « Egiten duten guzia, jendeak ikusteagatik egiten dute;
beren larrutxak zabal erabiltzen dituzte, eta litsak luze. » Ez du nehork erraiten ahal zepo
hortan ez dela sartu. Predikua egiten duenak ez du ohorea bereganatu behar, bainan
predikariaren entzuleak behar luke entzun Jainkoaren hitz baliz bezala.
– Guhauren buruari sinetsaraz dezakegu ez girela nornahi, ohoreak merezi ditugula:
«Maite dituzte lehen jarlekuak afarietan, aitzineko lekuak zinagoetan, agurrak plazetan, eta
jendek erran diezoten: «Irakasle Jauna. » Ez da gizona apaindua delakotz ohoratzen, bainan
haren hitzen balioarendako. Faltsukeriarik gabeko umiltasuna behar da, gizona ez dadin
irringarri izan, apaindura ederretan delakotz.
Hirrisku horiek aipatu eta, testoak segitzen du : « zuendako » dio Jesusek. Hori da
testoaren giltza. Gomitatzen gaitu bizi molde berri bati lotzera. Matiuk erraiten du: «
Dakizuenaz, nazioneetako buruzagiek herriak zapatzen dituzte beren nausigoaz eta handimandiek beren botereaz. Zuen artean, aldiz, ez da hola. Zuen artean handi izan nahi duena
izan bedi zuen zerbitzari. Eta zuen artean lehen izan nahi duena izan bedi zuen mutil,
Gizonaren Semea bezala : hura ez da etorria zerbitzatua izaitera, zerbitzatzera bai, eta bizia
guzientzat ordain-sari emaitera… Zuek, ordea, ez bila nehork erran diezazuen : « Irakasle
jauna ». Lur huntan ez erran nehori « Aita ». Ez bila ere nehork erran diezazuen
« gidari »… « Zer duzue ukan ez duzuenik ? » dio Paulok. Erakasle bakotxa, lehenik
zerbitzari bat da, eta bietan zerbitzari : egiaren zerbitzaria, eta ikasleen zerbitzaria,
gizontasunera eremaiteko.
« Lur huntan ez erran nehori « aita », ez baituzue aita bat baizik, zerukoa. » « Aita »
eta « gidari » titulu horiek erabiltzen ahal ditugu, bainan beti, egiazko sentsua heieri emanez,
oroituz « Aita » bat, zerukoa baizik ez dugula.
Jesusek bururatzen du erranez : « Bere burua goratuko duena, apaldua izanen da, eta
bere burua apalduko duena, goratua. » Jesusek ez du erran nahi, gaztigatu edo apalduko
gaituela ; nahi dauku ulertarazi umiltasunaren indarra. Umiltasunaren aberastasuna
senditzeko, adimendua behar dugu argi atxiki. Haren segeretua da, ttipiak girela aitortzea,
anaien eta Jainkoaren aberastasunaren graziarekin hazten girela.