Urteko 30. igandea A (2020-10-25)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko 2garren irakurgaian, gaur egungo Grezian zegoen eta dagoen Tesalonikako kristauei mintzo zaie Paulo: pertsona esklabo bihurtzen duen mentalitate batetik, askatzaile den mentalitate batera igaro direla esaten die; idoloak gurtzetik, egiazko Jainkoa gurtzera igaro direla.
Hain zuzen, pagano zirenean, nori bere burua aurkitzea eragozten zion pentsaeraren eta erlijio desberdinen esklabo zirela esan nahi zien. Aterabidetzat, Paulok ez die proposatzen erlijio berri bat, baizik eta bizitzeko estilo berri bat, askatasun-estilo bat, Jainkoarekin eta lagun hurkoarekin erlazionatzeko bide berri bat.
Jesusen irakaspenetik hartua du Paulok hori guztia. Hain justu, ebanjelio guztian, Jesus juduen espiritu juristaren, legezalearen, aurka ageri da; beren segurtasun guztia legean oinarritu nahi izatearen aurka. Legea eta legea: horra judu-agintarien eslogana. Gure artean bizi dezakegu arriskua. Joan den astean, irratian gogoeta egoki bat entzun nuen, zioena: jende batek berekiko esaten du: bihar jarriko da indarrean osasun-zerbitzuen debekua; beraz, gaur ez nago behartua. Antzo bertan entzun nuen beste gogoetan hau; bihartik Errioxara joaterik ez; beraz, gaur aprobetxa dezadan. Eta diot: Bihar arriskua izango bada, gaur ez? Legeagatik bakarrik utzi edo egin behar al dut zerbait?
Baina gatozen gaurko ebanjeliora. Juduek, urteak etorri urtean joan, lege, arau eta ohitura askoren multzoa pilatu zuten, beren bizitza moldatzeko. Besteak beste, bazuten kode luze bat, 613 arau edo legez osatua (248 agindu ziren eta 365 debeku); esan ohi zen, judu bat ezin zela etxetik irtem agindu edo debekuren bat hautsi gabe. Egia esan, lege-multzo hori ez genuke hartu behar katolikook beste munduko gauzatzat; geuk ere hor dugu, zoritxarrez, ZUZENBIDE KANONIKOA, 1983ko edizioan 1752 kanon edo lege ditu, eta eranskin asko.
Baina gatozen Jesusen garaira. Juduak kezkaturik eta zatiturik ageri ziren agindu-multzo handi horren inguruan. Agindu guztiak maila bereko ote? Ala batzuk nagusiago? Behin batean, pagano batek esan zion Shammai lege-maisu ospetsuari: «Judu-berri egingo naiz, baldin eta hanka bakar batean gainean egon naitekeen denboratxoan zuen legedi osoa agertzen badidazu». Aipatu lege-maisuak makilaz jotzeko mehatxua egin zion. Beste lege-maisu batek, Hillel izenekoak, jatorrago erantzun zion: «Ez egin lagun hurkoari zeuri gustatzen ez zaizunik».
Horixe bera erantzun dio Jesusek fariseu bati beste hitz batzuekin: «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala».
Baina judu horren eta Jesusen erantzunaren artean alde handi bat dago. Hain zuzen, lagun hurkotzat batak eta besteak zein hartzen duten da arazoa. Alde honetatik, eboluzio handi bat ageri da Testamendu Zaharretik Berrira. Hiru aro bereiziko ditugu. Lehen aroa: lagun hurkoa, norberaren arrazako ahaidea da; lagun hurkoa ahaidearen edo familiartekoaren sinonimo da; bigarren aroan, esanahia zabaldu da pixka bat: hurbiltzen zaizun pertsona oro duzu lagun hurko, baina hurbiltze fisikoa hartzen da kontuan; hirugarren aroan, Jesusentzat, gizon-emakume guztiak dira lagun hurko.
Horrez gain, Jesusek beste irizpide bat gehitu du lagun hurkoa maitatzeaz. Gaurko ebanjelioan esan digu: «maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala». San Joanen ebanjelioan beste irizpide hau eman digu: «maita ezazue elkar NIK maite zaituztedan bezala» (13,34). Gauza bat da, bestea nork bere burua bezala maitatzea; beste bat, Jesusek bezala maitatzea. Geure burua maitatzean, oker asko egin genitzake. Jesus, berriz, mundua askatzeko, bere burua emateraino joan zen.
Senideok, maitasuna da gakoa. Maitasun eginkorra. Eta maitasun horrek bi alde ditu: Jainkoa maitatu eta lagun hurkoa maitatu. Biak bereizezinak. «Norbaitek badio: Jainkoa maite dut, baina anaia edo arreba gorroto badu, gezurti bat da» (1 Joan 4,20). «Lege guztia bi agindu hauetan biltzen da» (Mateo 22,40), gaurko ebanjelioan.
Arazo guztia, semetasun edo alabatasun-jarrera eta anaitasun edo nebatasun edo arrebatasun edo ahizpatasun jarrera bizitzea da. Jainkoaren seme-alaba gara; gizon-emakume guztien anai-arreba gara. Itsatsi dadila sendo gure bihotzean uste hori.
Dionisio Amundarain