URTEKO HOGEI TA HAMARGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Jainkoak eskatzen du pobreen maitatzea )
Jalgitza liburutik 22,20-26
Moisek Jaunaren legeak herriari emaitean, erran zuen:
20 “Ez gaizki erabil, ez leher zure etxean bizi den etorkina,
zuek ere etorkin izan baitzirezte Egipton.
21 Ez egin kalterik alargunari eta umexurtxari
22 Kalte egiten badiezu, eta heiek neri dei egiten,
entzunen dut heien deia.
23 Sutuko da nere hasarrea, eta ezpataz hilen zaituztet:
zuen emazteak alargun geldituko dira, eta zuen semeak umexurtx.
24 Nere herriko bati, zure herritar behartsu bati
dirua maileguz emaiten badiozu,
ez izan zikoitz harekin, ez ezar interesik.
25 Zure hurko lagunari soingainekoa bahitzat hartzen badiozu,
itzul zozu iguzkia sartu baino lehen.
26 Beste estalgirik ez du zertan geriza bere burua, lo egiteko.
Laguntza eske dei egiten badaut, nik entzunen dut,
urrikaltsua bainaiz!”
Oraiko edozoin herritan bezala, Izraelen ere legeak egiten ziren denbora joan arau, ez denak batean.
Mendeak jin mendeak joan legeak hobetzen ziren, bainan denak, Izraelen, izen baten pean ezarriak izan dira
: Mois, herriak Jainkoarekin zuen arartekoaren izenpean.
Izarealeko legeak baino aise zaharragoak baziren Iguzkialde Hurbilean. Ur, Abrahamen herrian,
bazen legedi bat 2050 J.K. aitzinekoa. Lur hetan beretan, Mesopotamian, Hammurabi errege famatuaren
legedia 1750 ingurukoa da. Eta Izraeleko legeek anitz zor diote legedi zaharrago horieri.
Zibilizazione guzietan legea pobreen, ahulen begiratzeko egina da. Ez da beraz harritzeko Izraeleko
legeak ere alarguntsak, umezurtzak, etorkinak (besteak beste) gerizatzen baditu. Bainan hemen, Izraelen,
legearen oinarria berezia da : Izraelen esperientzia. Izrael Egipton esklabo egon da, eta Jainkoak libratu du.
Eta legearen bidez Jainkoa libratzaile, gerizatzaile agertzen da aitzina. Hainbestetaraino nun Bibliako lege
guziek oroitzapenari dei egiten baitiote : esklabotasunean jasan sofrikarioen oroitzapena, Jainkoak bere
herria hantik libratu izanaren oroitzapena. Adibidez, Manamenduen lehen hitzak ez dira oraino manamendu,
baizik oroitarazte bat : “Ni naiz Jauna, zure Jainkoa, Egiptotik, esklabogotik, atera zaitutana.” (Jal 20,2) Eta
Jainkoak bere herria libratu badu, dohakabeen oihua entzun duelakotz da : “Ikusi dut ene herriaren
atsegabea Egipton eta entzun haren oihua zapatzaileen pean : bai badakit haren oinazen berri.” (Jal 3,7)
Horra Izraelgo legearen oinarria : Jainkoak dohakabeen oihua entzuten du, eta heien libratzera lehiatzen da.
Izrael bezalako herri zapatu batentzat ez da neke zapatua izaitea zer den jakitea. Gaurko irakurgaian
Jainkoak esperientzia horri dei egiten dio : “Ez gaizki erabil, ez leher etorkina, ez egin kalterik
alarguntsari…” Bestela erran : jar zaitezte pobrearen, alarguntsaren, umezurtzaren lekuan, eta ez diozue
behar-ezdenkeriarik eginen.
Salmo 17
Leloa: Maite zaitut nik: zu baitan, Jauna, dut indarra!
Maite zaitut nik: zu baitan, Jauna, dut indarra,
Zuri esker dut beti garaitzen gaitz-oldarra.
Zu zaitut, Jauna, itsas-harroka, ihes-lurra,
Nere geriza deusek ezin har, ezin urra.
Hura dut lagun, aterbe, murru, izkin-harri
Eta etsaien kontrako indar izigarri.
Deika nago ni on baino hobe den Jaun horri,
Eta jausten zait etsaietarik salbagarri.
Eman daut harek osasun eta bozkario
Salbatu nau ni, baitu neretzat amodio.
Gora Jainkoa! Eskerrak zuri, oi, Harroka!
Salbatu bainau, hari guziak bil goreska!
Erregeari diozu beti, dei orduko,
Indar emaiten etsai guzien garaitzeko.
Zure Kristori ona bai ona baizitzaio,
Dabidi eta haren semeri sekulako.
Nor-nahik, David erregetik gutaraino, erran dezake : Salbatu nau maite nauelakotz. Gure fedearen
muina da : Jainkoak maite gaitu, bederazka, eta libertaterat deitzen. Davidek esperentzia hori egin zuen Saul
erregeak hil nahi ukan zuelarik, harpe batean sartu baitzen. Aldi hartan eta beste anitzetan Davidek Jainkoa
ukan zuen salbatzaile harpe baten itxuran. Salmotan, ardura, Jainkoa deitzen da harroka, harkaitz, harpe.
Jainkoa salbatzaile sendo, azkar eta segura dela erran nahi du salmo idazleak. Denbora hetan populu
bakotxak bere jainko gerizatzailea, bere harroka bazuen, bainan nehork Izraelen harroka bezain
eraginkorrik : « Ez da, ez etsaien harroka gure harrokaren pareko. » (Dt 32,31)
Salmo huntan beste gertakari baten oihartzuna entzun daiteke, harroka aipatzean. Izrael herria
Egiptoko esklabotasunetik atera eta, basamortuan zabilela, Masa eta Meriba deitu eskualdean hain zen
egarritu, eta urik ez, nun Jainkoa baitan dudatu baitzuen. Moisek Jainkoari dei egin zion, eta Jainkoak
errepostu hau eman :”Zuk harroka jo eta ura aterako da handik, herriak edan dezan.” (Jal 17,6)
Salmo hau kantatzean, Izraelek Jainko leial eta bihozbera gogoratzen du. Eta aldi berean, geroari
buruz, Mesiasen beha dago, harek baitu gizadi guzia betikotz libratuko.
Bigarren irakurgaia
( Ebanjelioaren iragartzea eta bihozberritzea )
Jondoni Paulok Tezalonikarreri 1,5-10
Haurrideak,
5 badakizue zuen artean egin dugun guzia zuen onetan izan dela.
6 Eta zuek, gure urratseri eta Jaunari jarraiki zirezte,
Hitza onartuz, herstura ainitzen artean,
Izpiritu Sainduaren bozkarioan.
7 Horrela etsenplu bilakatu zirezte
Mazedonia eta Akaiako fededun guzientzat.
8 Alabainan, zuetarik zabaldu da Mazedonia eta Akaiarat
Jaunaren Hitza;
eta ez eskualde horietarat bakarrik, bazter guzietarat hedatu da
Jainkoaren baitan duzuen fedearen berria;
ez dugu, beraz, deuseren erraiterik hortaz.
9 Denek kondatzen dute nolako ongi-etorria egin daukuzuen
eta nola sasijainkoak utzirik, Jainkoarenganat itzuli zirezten,
10 Jainko bizi eta egiazkoaren zerbitzatzeko,
eta zerutik etorriko den haren Semearen beha egoiteko.
Jainkoak hilen artetik piztu du Jesus,
eta hunek libratzen gaitu etortzekoa den hasarre-alditik.
Paulok ez du aski ahorik Tezalonikako girixtinoen laudatzeko : “Etsenplu bilakatu
zirezte…guzientzat; bazter guzietarat hedatu da duzuen fedearen berria…”
Alta Tezalonikarren bihozberritzea ez zen errex izan. “Herstura anitz” jasan dute, bereziki juduen
aldetik, Jesusek berak eta Paulok bezala. Bainan orai gaina hartua dute, eta nekeetan izanik ere “Izpiritu
Sainduaren bozkarioan” dira.
“Sasijainkoak utzirik, Jainkoaren ganat itzuli zirezte.” Sasijainko horiek zoin ziren ez daiteke erran.
Tezalonikan hogoi bat jainko segurik bazen. Bainan hiri hortako girixtinoak ez ziren, anitzak, horien
segitzailetarik izan : judu anitz bazen girixtinotan, egiazko Jainko bakarretik Jesusen dizipulu bilakatu
zirenak. Bainan Juduek ere bazuten bihozberritzearen beharra…Paulok bezala, hau judu kartsuetan
kartsuenetarik izan baitzen Jesusenganat itzuli aitzin.
Paulok Tesalonikarrak Jesusen dizipulu ezin hobeak bezala ikusten ditu : Jainkoaren Hitza onartu
dute, eta hunek eman diote pertsekuzioneari gogor egiteko indarra, Jainkoa lagun. Ez dute jujamenduaren
beldurrik zeren “Jainkoak ez gaitu bere kondenamenduaren jasaiteko nahi, baizik Jesu Kristo gure
Jaunaren bitartez salbamenduaren ardiesteko” (1 Ts 5,9). Jesu Kristorenganik ez da kondenamendurik.
Girixtinoa beha dago, konfiantzak sustaturik, Jainkoaren asmoa noiz beteko den.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Jainkoa maitasun da.
Maitatzen duena, Jainkoa ganik sortua da, eta Jainkoa ezagutzen du.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 22,34-40
34 Jesusek zaduzearrak ixilarazi zituela jakitean,
farisauak elkarretaratu ziren,
35 eta heien arteko lege-gizon batek Jesusi galdatu zion,
hutsean atzeman nahiz:
36 “ Irakasle jauna, zein da Legeko manamendu nagusia?”
37 Jesusek ihardetsi zion:
“ Maitatuko duzu Jauna, zure Jainkoa,
bihotz guziaz, arima guziaz eta adimendu guziaz.
38 Hori da manamendu nagusia eta lehena.
39 Eta bigarrena horren betekoa da:
Maitatuko duzu aldeko laguna, zure burua bezala.
40 Bi manamendu horietan dago Lege guzia,
bai eta profetak ere.”
Iduriz ez da deus berririk Jesusek farisaueri egin errepostuan. Bi manamendu horiek ezagutuak ziren
eta juduek egun guziz errepikatzen zituzten “Shema Israel” beren fede aitorpenean. Jainkoa maitatu behar
dela Deuteronomioan aurkitzen da, seigarren kapituluan; eta Levitikoak (19,18) dio « Zure aldeko laguna
zeure burua bezala maitatuko duzu.” Orduan zergatik farisauen eta Jesusen arteko eztabada hau ?
Bi arrazoin eman daitezke.
Lehena : Farisauak lege-zilo ziren. Azkenik gabeko ele-jarioak zituzten jakiteko zoin zen
manamendu nausia. Eta Jesusi galdegiten diotena, hain xuxen hori da. Jesusek bihozberritzera deitzen ditu.
Jainkoa ez da kondatzailea, ez da beti izartzen ari jakiteko noiz nor den ozkan eta nor ez. Lege bakarra
amodioa da. Paulo farisau izanak Erromanoeri idatziko diote : « Ez zirezte legearen esku, baizik Jainkoaren
onginahiaren esku. » (Erm 6,14) Eta amodioaren ikuspegitik bi manamendu horiek elgarren bete dira, mami
bera dute. Ez da bi amodio motarik, batekin Jainkoa maita, eta bestearekin aldeko laguna. Bigarrenak lehena
frogatzen du. Jondoni Joanik diona : « Jainkoa maite dut erran eta bere haurridea hastio duena gezurtia
da… » (1 Jn 4,20)
Bigarrena : Jesusek farisauak erasiatzen ditu legea okertzen dutelakotz. Legearen begiratzeko molde
batzuk legea trahitzen dute. Jainkoak legea eman du libertaterateko eta bizirateko bide izan dadin, bainan
esklabotasunerateko eta heriotzerateko bide egin daiteke. Jesusen erasia farisaueri hau da : legearen izenean
amodioaren manamendua ahazten duzue.
Ideia hori, Matiuk bere-berea du. Ebanjelisten artean bakarra da Ose profetaren ateraldi hau bietan
aipatzen duena :”Urrikalmendua dut nahi, eta ez sakrifizioak” (Os 6,6).
Bakarra ere azken jujamenduaren parabola kondatzen duena : “Nere haurrideak diren ttipien
hauetarik bati egin diozuen aldi guziz, neri egin dautazue (Mt 25,40).