Ikasi nola salba zaitezkeen hogeita hamar segundoan (Mt 22,34-40)
Urteko 30. igandea A urtea (2020-10-25)
Zein da agindu nagusia? Katoliko askok erantzungo luke: «Igandean meza entzutea». Uste hori dutenak, igande honetan ez dira joango segur aski mezara. Beste uste bat izan eta igande honetan mezara joango direnek gustukoa izango dute Jesusek uste zuena gogoratzea.
Jesusen garaikideen problema
Gaurkoaren aurreko igandeetan, talde erlijioso desberdinak jarri zaizkio Jesusi aurrez aurre, eta ez dira oso onik atera. Fariseuek, oraingoan, aditu bat bidali diote, lege-maisu bat. Honek agindu nagusiaz egin dio galdera Jesusi. Galdera horren arrazoia ulertzeko, gogoan izan behar dugu, antzinako sinagogak 613 agindu agertzen zituela (248 arau eta 365 debeku), batzuk zailak, besteak errazak: errazak, neke edo diru gutxi eskatzen zutenak; zailak, neke handia edo diru asko eskatzen zutenak (esaterako, aita-amak ohoratzea) edota bizia arriskuan jartzea (erdainkuntza). Eskuarki uste izaten zuten, zailak zirela garrantzizko, eta hauetakoak ziren idolatriari, haragikeriari, asasinatzeari, Jainkoaren izena profanatzeari, larunbata gordetzeari, kalumniari, Torah ikasteari zegozkienak.
Bildu al daitezke guztiak batean?
Agindu-pilo honen aurrean, arrazoizkoa da jendeak dena laburbiltzeko gogoa agertzea: garrantzizkoena zein den jakin nahi izatea. Nahi hau ageri da anekdota batean; Jesus baino urte gutxi batzuk lehenago bizi izan ziren Shammai eta Hillel rabino sonatuei zegokien aipatu anekdota. Behin batean iritsi zen pagano bat Shammaigana eta esan zion: «Judu-proselito bihurtuko naiz, baldin eta Torah osoa agertzen badidazu hanka bakarrean nagokeen denboran». Shammaik, jostuna baitzen, alde bidali zuen, eskuan zuen neurtzeko makilaz mehatxu eginez. Paganoak, orduan, Hillelengana jo zuen. Eta honek erantzun: «Zeuretzat gustuko ez duzuna, ez egin zeure lagun hurkoari. Honetan datza Lege osoa; gainerakoa interpretazio da» (Schabat 31a). Akiba Rabik ere (+ K.o. 135 inguruan) esaldi batean bildu zuen lege osoa: «Maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala; burubide handia da hau Torah-n».
Jesusen berritasuna
Mateok antzeko sintesi bat jarri zuen Jesusen ahoan Mendiko Hitzaldiaren bukaeran: «Honela bada, besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zeuek ere besteei: horretan datza Legeak eta Profetek irakatsia» (Mateo 7,12).
Baina gaurko ebanjelioan, Liburu Santuko berariazko aipamen batez erantzun du Jesusek: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz» (Deuteronomio liburua 6,5). Judu jainkozale guztiek, goizean, jaikitzean, eta arratsean, esaten duten otoitzaren zati dira hitz horiek. Alde honetatik, akatsgabea da Jesusen erantzuna. Ez du asmazio-kutsurik, baizik eta fedeak etengabe aitortzen duena aipatu du.
Jesusen erantzunaren berritasuna beste honetan datza: agindu nagusiena zein den galdetu diotela, eta berak bigarren bat, lehena bezain garrantzizkoa, gehitu izatean: «Maita ezazu zeure lagun hurkoa zeure burua bezala» (Lebitarrei liburua 9,18). Beste behin, Jesusen erantzuna profeta-tradiziorik jatorrenean txertatua da. Profetek etengabe salatu zuten gizakiaren gogoa: Jainkoagana bide indibidual eta barnekoi hutsetik iritsi nahi izatekoa, lagun hurkoa erraz alde batera utzirik. Mende askotan, israeldar askok, gerora kristau askok bezala, uste izan zuen, Jainkoagana iritsi, kultu-egintzaz, erromesaldiak eginez, tenplurako eskaintzaz, opari garestiak eskainiz… iristen ahal zela. Profetek, berriz, agertu ohi zien, Jainkoagana iristeko, hurkoaren inguruko jirabira egin beharrekoa zela, pobreez eta zapalduez arduratu beharra, gizarte zuzen baten bila ibili beharra. Jainkoa eta hurkoa ez dira aparte jartzeko bi elementu. Ezin esan da ere, hurkoa maitatzea baino inportanteagoa dela Jainkoa maitatzea. Agindu biak, profeten eta Jesusen ikusmoldean, maila bereko dira, parekotzat hartu behar dira beti. «Bi agindu hauetan oinarritzen dira Lege osoa eta Profetak» (Mt 22,40).
Jenderik pobreena da lagun hurko (1. irakurgaia: Irteera 22,20-26)
Ildo honetan berean, oso esanguratsua da igande honetako lehen irakurgaia. Aukeratu ahal zuten Deuteronomio 6,4 eta hur. pasartea, non Jesusek gaurkoaren hasieran esandakoa bera baitator: «Entzun, Israel, Jauna, zure Jainkoa, bakarra da. Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez…». Baina Irteera liburuko testu bat aukeratu dute: etorkinekiko (itzulpen batzuetan «atzerritar» eman dute, baina egiaz «etorkin» esaten du testuak, bere aberria uztera behartua, bizi iraun ahal izateko: marokoar, senegaldar, errumaniar, etab.), emakume alargunekiko eta umezurtzekiko, gizarteko talderik ahulenak diren horiekiko ardura azpimarratzen du. Ondoren, maileguaz mintzo da, bi arau adieraziz: dirua maileguz ematen baduzu, ezin eskatu duzu mozkinik; bermetzat gai-jantzia eskatzen baduzu, iluna baino lehen itzuli behar duzu, pobrea hotzak egon ez dadin.
Jesusen esana azpimarratzeko era bat da hori: hurkoa maitatu gabe, batez ere pobreenak direnak maitatu eta halakoez arduratu gabe, ezin maitatu da Jainkoa.
Kristau behartsu batzuen etsenplua (2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 1,5c-10)
Tesalonikarrei egindako lehen gutunaren pasarteak, joan den igandean irakurritakoaren jarraipen denak, hauek gogoratzen dizkigu: «hainbat borrokaren artean, Espiritu Santuaren pozez Hitza onartu zutenak». Gutunaren segidakoak argitzen du «hainbat borroka» hori juduen pertsekuzioari dagokiola. Elkarte hau, Paulok fundatu zituenen artean pobreena agian, gai izan zen bi errealitate, itxuraz bateraezin zirenak, batzeko: sufritu eta pozik bizi, Espiritu Santuari esker. Horrela, eredu bihurtu ziren Mazedoniako eta Greziako beste kristau askorentzat, eta gaur egungo beste kristau-elkarte batzuen etsenplua dakarkigute gogora.
Testuak, labur-laburra izanik ere, bi datu interesgarri dakarzkigu: 1) Pauloren predikua laburbiltzen du, beraren hasierakoa bederen; Jainkoaren geroko zigorrari ihes egiteko bidea idoloei uko egitea da, zinezko Jainkoagana itzultzea eta Jainko horren Jesus Semea noiz itzuliko zain bizitzea. 2) Badira kristau-elkarteak, ez Mazedonian bakarrik, baita Akaian ere eta «alde guztietan»; Akaia, Peloponesoren iparraldean dagoen zona da, Korinto lurraldearen eta Joniko itsasoaren artean. Horrek adierazten du, Pauloren predikua eta beste misiolariena ez zela mugatu Korinto hirira, baizik eta erlatiboki aski urrunera ere zabaldu zela.
José Luis Sicre